Judith Butler-ek bere gudu-eskuliburua atera du

Judith Butler-ek bere gudu-eskuliburua atera du – 

Testu honen jatorrizko bertsioa Tribuna Feminista agerkarian argitaratu zen maiatzaren 15ean. 

Rosa María Rodriguez Magda (Valentzia, 1957) filosofoa eta idazlea da, pentsamendu garaikidean eta feminismoan aditua. Haren hogei liburuen artean, azkena dugu La mujer molesta. Feminismos postgénero y transidentidad sexual (2019).

Who´s Afraid of Gender atera bezain laster erosi nuen e-liburua. Hilabete pasatxo, gaztelaniazko itzulpena argitaratu da, ¿Quién teme al género?, banatzen hasi eta egun berean, maiatzaren 7an, Amazonek etxera ekarri didana. Ezagutzen nauenak badaki neure lastertasun hau ez dela izan idazlearen zalea naizelako, baizik eta hortik datorrelako aurrerantzean kontra egin beharko diogun argudiobidea, eta komeni zaigu lehenbailehen desarmatzen hastea.

Ondo dago hain irakurtzalea ez den transaktibismo hori, irainetik eta biktimismotik haratago, erretorika berri batez janzten bada. Egitura teoriko queer gisa, ordea, liburuak desilusionatu egiten du. Lan honetan, Butlerrek hizkera-mordoilo akademikoa alde batera utzi eta debatean aritzeko aproposagoa den hizketa-moldea hartu du. Orduan, ohartzen gara bere orain arteko dentsitate kontzeptual ustekoa ez dela izan iluntasuna besterik, pentsaera eskematiko errudimentario bat estaltzeko erabiltzen zuena. Haren asmoa esplizitua da, eta ez du inondik ere adiskidetzea bilatzen: “Nola salatu jendartean generoaren kontrako mugimenduaren amarrukeria guztiak? Posible al dugu faxismo berri honen dimentsio psikosoziala ezagutaraztea, denek ulertzeko moduan?” (293.or).

Mezua sinplea da: Nork dio beldur generoari? Mugimendu kontserbadoreek eta generoarekin kritikoa den feminismoak. Zein da haien beldurra? Eredu patriarkal heterosexuala, gizon/emakume sexu-bereiztea, familia… amaitzea. Nor dira? Eskuina, Vatikanoa, trumpismoa eta feminismo trans-baztertzailea. Zer dira? Faxismo mota berri bat. Zer nahi dute? Trans pertsona, LGTBIQA+, emakume, migrante, arrazializatuei… eskubideak kendu. Feminismoak ere hori nahi al du? Bai, zeren emakume transekin inklusiboa ez denez, faxismoaren gaizkidea da. Zein da konponbidea? Mundu bidezkoago baten aldeko borroka globalean, generoa haren parte izatea: “Zentsura eta faxismoaren kontrako borrokarekin bat egitea da genero-ikasketak eta generoak duen garrantzia defendatzea, justiziaren edozein ikusmoldetan” (306. or).

Lehenik, atariko orokor batean auziari heltzen dio, nola generoa bihurtu den beldur-gorrotoak elkarrenganatzen eta pizten dituen fantasia bat. Ondoren, lehen hiru kapituluetan analisi bat egiten du, nazioarteko mugimendu kontserbadorearen eraso “antigeneroei” buruz. Nahiz eta balio duen, bere osotasunean, munduan dabilen olatu erreakzionario kezkagarriaz oharrarazteko, baita ere arazoa dezente puztu eta nabardura gutxiko panorama apokaliptiko bat dakar. Ez dira berdinak Erdogan, Bolsonaro, Putin, Milei edo Meloni eta Macron; edo Europako hainbat herrialdetako egoera, konparazio Ingalaterra, Frantzia edo Alemaniakoa, non askatasunak bermaturik baitaude eta antigenero alderdiak gutxiengoan, Espainian Vox bezala; Afrika eta Asiako egoerek ere ez diote kultura-dinamika berei jarraitzen. Ez du aipatzen Amerika eta Europako unibertsitateetan queer teoriak daukan hegemonia, ezta munduko herrialdeetan zehar genero-autodeterminazioko legeak zabaldu direla aurreko hamarkadaz geroztik, ezta nazioarteko erakundeen adierazpenak ere (Europako Parlamentua, Europako Kontseilua, Nazio Batuak, Istanbulgo Hitzarmena…). Iragarpen beltzen panorama horrekin bukatzeko, Vatikanoaren iritziei eta Estatu Batuetan izandako generoaren kontrako erasoei eskaintzen dizkie 2, 3 eta 4. kapituluak.

Ez dut esaten, inondik ere, kontserbadurismo antigeneroaren goraldia gutxietsi behar denik, baizik eta, deskribapena egitean, bestelako datuak ebatsi dizkigula, dauden aurrerakuntza eta erresistentziak. Hori guztia, zertarako eta, azkenan, irakurlea egoera emozional baterantz eramateko, alegia, heroismo edo anikilazioko egoera batera. Generoa “askatasun promesa bat, Estatu-indarrek baimendu edo ezartzen duten beldur, diskriminazio, indarkeria homofobo eta hilketa, feminizidio, kartzela, bizitza publikoaren debeku, osasun-zerbitzuetarako sarbide faltaren… aurkako askatasun bat” bezala aurkeztuz (284. or).

Korronte erreakzionarioek ez dute soilik LGTBIQA+ mugimendua sartzen “genero-ideologia” deitzen duten horretan; feminismoa ere sartzen dute. Butlerrek, ordea, haien aurka aldezten duen generoaren barruan, ez du sartzen betidanik feminismoa izan dena.

Butler mespretxu-ironiaz mintzo da “generoarekin kritikoak diren feministen” gainean: lehenengo dio ez direla kritikoak, baizik besterik gabe trans-baztertzaileak. Ondoren, menturatzen da esplikatzera, auskalo zein nagusitasun intelektualetik, zer den “kritiko”-ren esanahia. Bukatzeko dio, auskalo zein nagusitasun moraletik, haiek ez direla feministak, baizik eta faxismoaren aliatu arriskutsu batzuk. Erasoaldi horretan, bi pagaburu: J. K. Rowling eta Kathleen Stock. Queer-en esanak zalantzan jartzen dituzten feministek jasan behar dituzten eraso eta jazarpenei dagokienez, aipamen bakar bat ere ez.

Hasiera-hasieratik ilunkeria eta berdinketa jolas batean dihardu, eskuin antigeneroa eta generoarekin kritikoa den feminismoa, sexua eta generoa, feminismoa eta LGTBIQA+, generoa eta zanpakuntza guztien kontrako borroka; generoa eta askatasuna eta berdintasuna. Hasteko, Butlerek dio ez dagoela generoaren definizio bat eta bakarrik, baina eskuinak gauza monolitikoa balitz bezala ikusten duela, hondamen sozial eta moralaren erakusgarri bailitzan. Baita ere dio bere asmoa ez dela “generoaren teoria berri bat eskaintzea edo duela kasik 35 urte eskaini nuen performatibitatearen teoria birpentsatzea” (34. or). Konturatzen da nolako malabarismoak egin behar izan dituen Gender Troubel ezkeroztik bere publikoa ez galtzeko. Baldin lehenengo formulazio hartatik abiatzen bagara, eta sexua ulertzen badugu performance eta gizarte-konstrukto gisa, logikoa da errefusatzea egiazko sexu bat badagoela dioen postulazio oro eta generoen arteko hautatze-jolas hutsa ez den genero oro. Formulazio hori, pertsona ez bitarrek aise onar badezakete ere, txokatu egiten du transaktibismo baten kontra, zeinak genero-estereotipoak modu binario eta konbentzionalean introiektatzen baititu. Halaber, haur eta helduentzako baieste-terapiak bermatzeko “okerreko gorputz” usteko batean oinarritzen diren legeriekin ere talka egiten du.

Horregatik, orain, zaurgarritasunaren inguruan gogoeta batzuen ondoren, identifikatzen ditu pertsona transak beraien gorputza bizitzeko eskubidea duten jende zaurgarri gisa (gender […] some way of living the body (p. 11)). Hemen aitortu gabeko paradoxa bat dago, zeren egiazko generoa modu ezkutuko, isilekoan ageri baitzaigu, ez botere arauemaile baten ondorio moduan, ezta sexuaren egitate biologiko gisa ere, baizik eta bizi-esperientzia batetik sortua eta inpugnatu ezin diren eskubide batzuk dakartzana; izan ere, hizpide daukagun honek ez baitu bere heldulekua arrazoian, baizik eta halako ziurtasun intimo batean. Noski baino noskiago, terminoaren birsartze hau ez dizu autoreak aitortuko, baina Gender Trouble ezkeroztik orain arteko bere pentsamenduaren berregokitze baten froga da. Urrats bat da, fikziozko edo performatibotik errealera. Eta, hala, drag kulturaz ari delarik, dio: “Nola lortzen dute fikzioek bestela ulertu ezin izango genituzkeen egiak komunikatzea?” (178. or).

Liburu osoan zehar, genero kontzeptuaren zehaztasun falta igartzen da, batzuetan funtsa daukan zeozertara hurbilduz eta besteetan lanbrotsuago bilakatuz. Honi buruz, dio: “generoa da, gutxienez, aterki bat, zeinak besarkatzen baititu gizon, emakume eta beste kategoriek bere burua pertzibitzeko moduan izaten dituzten aldaketa guztiak” (27. or).

Abiagunetzat hartuz Butlerrentzat “emakumea” kategoria ireki bat dela (28. or), darabilen terminologiaz lausotu egiten du, sexua bezala. Behin eta berriro “gorputzak” hizpide izanda, sexu-diferentzia ezkutatzen du. Emakumeak subjektu gisa existitzeari utzi eta gorputzek har dezaketen forma bat gehiago baino ez dira. eta halaxe irits daiteke mintzatzera pregnant people’s bodies (“haurdun gorputz”) batzuei buruz. Baita ere, gorputzak generoaz markatuta daude (gendered body) edo “jaiotzean esleitutako sexuaz”. Arreta jarri, baita ere, sexed bodies, gorputz sexuatuei buruz diharduela -alegia, sexua gorputzari atxikitzen zaion zerbait da, ez gorputzen bere-berezko zerbait-, eta halaxe ere sexed identity dio, “identitate sexuatua”, sexu-identitate esan beharrean.

Minimizazio nabarmen horien aurrean, autoreak matizatzen digu genero-teoriatik ez dela esaten sexua erreala ez denik, eta ahalegintzen da ikusarazten nola eragin duen historiak eta kulturak sexuaren pertzepzioan. Feminismo erradikalak ere ez du esaten soilik sexua garenik. Emakumearen “gizaki eme heldu” definizioak akaso balio du eslogan moduan, ez teoria moduan, zeren emakumea izatea espeziea baino askoz gehiago baita.

Ñabardura horiek gorabehera, autorea orrialdez orrialde adorez puzten doa, crescendo konstruktibista batean, harik eta, María Lugones-ekin bat, esaten duen arte sexu-dimorfismoa ez dagoela biologian oinarrituta, baizik eta kolonialismoaren eta kapitalismo global eurozentrikoaren ondorioa dela (257. or).

Esan gabe ezin utz dezakedan beste osagai bat da isuri androzentrikoa: testu osoan zehar, bere burua emakume pertzibitzen duten gizonezkoak dira trans auzi osoaren ardatza eta, galdetzen dut neure artean: eta bere burua gizon pertzibitzen duten emakumeek ez al dute merezi berariazko gogoetarik?

Azkenik, liburua ixten duen aldarrian, generoaren negazionismo baten goraldiaren aurka (askatasun-murrizte, eskubideen kontrako eraso eta ezabatze gisa aurkezten duena, bereziki trans pertsonen eskubideei dagokienez), Butlerrek xantaia egiten dio generoarekin kritikoa den feminismoari, esanez jarrera horiekin faxismoarekin aliatu dela eta benetako feminismoa traizionatu duela.

Gogorarazi beharko litzaioke Butlerri, gaur egun, feminismoaren agenda eta LGTBIQA+ agenda desberdinak direla: lehenengoan, indarrean dirau gizon-emakumeen arteko berdintasunak eta emakumeen emantzipazioak; bigarrena, aldiz, sexu-askatasun eta autodeterminazioan dago zentratua. Bigarrenak tokia usurpatu dio lehenengoari, eta feminismo bezala saltzen ari da zera bat, generoen teoria baino ez dena. Queer-ak, generoa erreibindikatzean, feminismoaren agenda traizionatu du, eta horren ordez “sexu-lanaren” alde, sabel-alokairuaren alde, emakumea feminismoaren subjektu gisa abandonatzearen alde,,, lerratu da (horren guztiaren alde dago Butler). Bere traizioa neoliberalismoarekin aliantzan gauzatu du eta, ezarri ahala, Iparralde globaleko lobby eta aktibistek bultzaturik, zinezko kolonialismo bat praktikatzen ari da.

Who’s Afraid of Gender? ez da elkarrizketaren aldeko apostu teorikoa. Izan, ez da apostu teorikoa ere; feminismoa etsai gisa kokatzen duen gudu-eskuliburu bat da.

 

 

Zer duzu buruan “Judith Butler-ek bere gudu-eskuliburua atera du”-ri buruz

  • Batik 2 Atzo

    Gizon gorrotatzaile bat gehiago. Zein originala! Etablishment osoa ez bezala!

    Gizon gorrotatzaileek sortu dute desastre hau… goza dezatela edo konpon dezatela.

    Patriarkatuaren teoria erreala dela diote, baina queer teoria gezurtzat dute… Olentzero egiazkoa dela baina Errege Magoak ez direla esatea bezalaxe… Gozatu ereindakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude