Irene Monterori kritika, Feminismo porrokatuaren porrota

Irene Monterori kritika, Feminismo porrokatuaren porrota – 

Egunotan entzun dut Irene Montero, Espainiar gobernuko berdintasun ministroari egindako kritika, Vox alderdiko diputatu baten ahotik: bere meritu handiena ministro izateko Pablo Iglesias sakonean “aztertzea” izan zen. Jende askok kritikatu ditu hitz “onartezin” hauek. Biolentzia matxista erabiltzea leporatu diote Vox-eko politikari horri.

P. Iglesias eta Tania Sanchez.

Ni ez naiz inola ere Vox zale, ezta gutxiago ere. Baina oraingoan aitortu behar da kritika hori zilegia dela. Izan ere, Pablo Iglesias beste neskalagun batekin zegoenean (Tania Sanchezekin, hain zuzen), bere ondoan zuen eta Podemos-eko goi kargu zen. Espainiako Kongresuan berarengandik oso hurbil eseritzen zen. Egun batean, ordea, Pablo Iglesiasek neskalaguna aldatu zuen. Tania Sanchez utzi eta Irene Monterorekin hasi zuen harremana. Egun gutxitan, Tania Sanchez kongresutik desagertu zen (goikaldera eraman zuten eta protagonismo guztia galdu zuen) eta Irene Montero bere ondoan agertu zen parlamentuan. Geroago, Espainiako gobernuan Elkarrekin Podemos sartu zenean, Irene Montero berdintasun ministro izendatu zuten. Irene Monteroren Curriculuma ikusita, ikus dezakegu Psikologian lizentziatua dagoela eta kutxazain lanetan ibili zela Sega Saturn denda katean. Hortik zuzenean jauzi egin zuen ministro kargura.

Baina kritika hau ez da soilik Ireneri zuzendu behar. Izan ere, orain dela urte asko, Jose Maria Aznarrek bere emaztea -Ana Botella- Madrileko alkateko hautagai bezala proposatu zuen. Eta Madrileko alkate izan zen. Pablo Iglesiasek hori kritikatu zuen, hain zuzen, bere garaian. Baina berak berdin-berdin egiten bukatu du. Hau da, bere bikotekidea kargu ahalik eta altuenean jarri. Eta horrela, bide batez, feminista etiketa lortuz, “emakume” bat jarri zuelako postu garrantzitsu batean.

Politikariek legea jarraituz nahi dituzten pertsonak izendatzen dituzte hainbat kargutarako. Alderdi guztietan egiten dute hori. Hortaz, nahi duten lagun edo senide jarri dezakete. Baita bere bikotekidea ere. Baina kasu hauek oso agerikoak dira. Mundu guztiak daki. Etika eta estetika, biak ala biak, ez dituzte kontuan hartu.

P. Iglesias eta Irene Montero

Baina zer esan “bakarrik bai izango da bai” lege (solo sí es sí) famatuari buruz? Berdintasun ministerioaren lana etengabe emakumearen aldeko ekimenak burutzea da. 500 milioi bideratzen dituzte horretarako Espainiako gobernuan. Eta lege  garrantzitsuena egiterako orduan (hau da, emakumearen kontrako indarkeriari aurre egitekoari dagokion legea), zirrikitu bat utzi dute legean, hain zuzen, bortxatzaile konbiktuei zigorra jaisteko. Haiek argudiatzen dute epaileak matxistak direla edo Podemos-en gobernuari min egiteko egiten dutela. Baina baldin badakigu epaile gehienak matxistak direla, zergatik ez dute hau aurreikusi?  Zergatik ez handitu gartzela zigor guztiak edozein kasutan? Nire ustez, feminista porrokatu baten porrot handia da. Emakume bezala, nire dezepzioa handia da.

 

Irene Monterori kritika, Feminismo porrokatuaren porrota