Greba feminista orokorraz haratago
Greba feminista orokorraz haratago –
“Zorionak Gasteiz eta Arabako eskualde guztiak! Berriz ere, hemen, Euskal Herriko gainontzeko txokoetan bezala, Herria egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasun izugarri erakutsi dugu!”
Greba Feminista Orokorraren arratsaldeko manifestazioaren bukaerako hitz-hartzea berba hauekin hasi zuten.
Bat nator adierazitakoarekin. Osteko balorazioetan egin beharreko autokritikak kontutan hartu aurretik, egun horretan berrestu nuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak jendartea orokorrean, eta emakumeak* bereziki, deitu eta mobilizatzeko gaitasuna duela. Kontutan hartuta gainera, hau izugarrizko erronka dela egungo Euskal Herrian eta euriteen azpian, meteorologiak eta testuinguru politikoarenak. Hala ere, Feministen antolakuntzak Euskal Herriko Lehenengo Greba Feminista Orokorrean lortu duena edozein mugimenduk erdietsiko ez zukeelakoan nago.
Lehenengo hitz hauetan ere aipamena egin zioten grebaren helburuari, zaintza-sistema publiko komunitarioari, hain zuzen ere. Hau lortze bidean, eragile ezberdinak, aldarrikapen anitzak biltzen dituen Herri Akordioa garatzen ari dira. Baita ere, argi utzi zuten “sistema kapitalista, patriarkala eta koloniala”-ren barruan zaintza eredu honetarako tarterik ez dagoela. Orain arte idatzitako Herri Akordioaren sarreran sistema hau gainditzea eta bestelakoa eraikitzea aipatzen duten bezala.
Greba Feminista Orokorraren ajea gaindituta eta norbera bere ohiko militantziaren lubakira itzulita, zaintza eredu komunitarioa eraiki nahi dugun guztiok lan handia dugu aurretik; eta greban horretan metatutako indarra baliatu behar dugu honetarako. Hau dela eta, greba feminista orokorraz haratago, egunerokotasunean sortutakoa elikatzen jarraitu beharrean gaude.
Abiapuntu gisa zera hartu behar dugu kontutan: Borroka feministan bat egiten dutela politikoki urrun kokatu daitezken pertsonak; ez soilik egun ildo ezberdinetan egon daitezkeen militanteak, baizik eta egunerokotasunean militzantzia bizi-eredu gisa ez duten asko ere batzen direla mobilizazio hauetara. Altxor hau zelan antolatu eta zelan politizatu izan behar du eginkizunetako bat.
Bestetik, zaintza eredu komunitarioaz hitz egiterakoan, Euskal Herrian dauden elkar-laguntza sare ezberdinen lana haintzat hartu behar dela uste dut. Kapitalismo basatiaren erdian, bestelako harreman komunitarioak eraikitzen ari diren espazioak, indarguneak baitira borroka honetan.
Azkenik, Kapitala funtsa duen sistema hau gainditu nahi dugula baieztatu arren, aldarrikapenetako asko kapitalismoaren parte diren eta sostengatzen duten instituzio politikoetara zuzenduta daude, instituzioek zapalkuntza kapitalistan duten erantzukizuna salatu gabe. Taktika moduan, eta premiazko egoeraren aurrean hobekuntzak lortzeko helburua bide egokia denaren iritzia dut. Baina, aldarrikapenen ehuneko handi bat helburu hauetara mugatzeak borroka taktismoan galtzeko arriskua sustatu ahal du. Honetaz gain, borroka ideologikorako oztopoa izan daiteke baita. Sistema kapitalista gainditzearen mezua ezin da geratu aipamen huts batean, hau lortze aldera plangintzan eta aldarrikapenetan eginkizun zehatzak txertatu behar ditugu.
Esan bezala, kapitalismoa suntsitu nahi dugun guztion afera da Mugimendu Feministari esker sortutako egoera hau probestea, Herria antolatzeko eta borroka parametroetara ekartzeko. Euskal Herria Feminista eraikitzeko bide bakarra baita kapitalismoaren kontrako borroka piztea eta gauzatzea.
Zaintza komunitario kontzeptu horrek, lan abnegatua dakar oinarri moduan. Egia esanda, gure gizarte indibidualista berekoi hau, ez dut musutruk ezerrengatik lana egiten imajinatzen. Beraz, zaintzaz baino, gizartez aldatu beharko genuke.
Feminista ote da humanitatearen erdia izendatzeko darabilgun hitzari asterisko* estupido bat jartzea?