Ez dago iraultza sexualik iraultza sozialik gabe
Ez dago iraultza sexualik iraultza sozialik gabe
Eider Agirrek Urola Kostako Hitzan.
Nola lortuko ditut jarraitzaile gehiago sare sozialetan? Zergatik ez dit honek “atsegin dut” eman? Zer jantziko dut modan egoteko? Sare sozialen garaian bizi gara, sarera igotzen diren argazkien “atsegin dut” kopuruak zure posizio soziala ezartzen duen garaian. Kanon estetikoak jarraitzera behartuak gauden gizarte hipersexualizatu batean, estatus soziala lortzeko bidea ez da uste dugun bezain erraza.
Konpetentziaren kultura nonahi ikus daiteke: gazteak lehian lagun gehiago izateko, sare sozialetan jarraitzaile gehiago izateko edota gehien ligatzen duena izateko. Gaur egun lehiak jarraitzen du, horren atzean badelako onarpen soziala. Onarpen hori lortzera bidean, berriz, determinatuta dauden ezaugarriak garatzen saiatzen gara: edertasun kanon inposatuak, adibidez. Eta hori lortzeko, aspalditik martxan da armategi ideologiko bat, eta horrek gure jokatzeko moduak eta rolak ezartzen dizkigu. Hezkuntzaren, kulturaren eta komunikabideen bitartez, berari komeni zaion eran, bere interesen arabera, hezten gaitu burgesiak. Eta gizarte hipersexualizatu bat sortua du. Gaur egun irudi sexualekin bonbardatzen gaituzte, telesailetan eta kantuetan ez dago sexuaren taburik. Alabaina, ikusten da horrek bultzatutako harremanak, kapitalismoa bezalaxe, biolentoak, lehiakorrak, indibidualistak eta matxistak direla. Horrekin, alde batetik, kapitalismoak sexu merkatu indartsu bat (irabazi ekonomiko ikaragarriekin) lortzen du; eta bestetik, langile klasearen desartikulazioa.
Aurretik aipatutako hori guztia festa giroan areagotu egiten da. Gazteon sozializazio esparru nagusi bihurtu da jai kapitalista eta, bertan, gure posizio soziala jokoan dago. Hor dago berriro ere festako protagonista izateko norgehiagoka: sozialki onartzeko kanon estetikoak jarraituz, alkoholaren eta drogen kontsumoaz, afektibitaterik gabeko sexu-harremanen bitartez… Eta festa giroa testuinguru ezin hobea bihurtzen da egunerokoan baino modu gordinagoan azalarazteko ideologia burgesa eta harreman sozialen izaera biolentoa. Eta testuinguru horretan ematen dira emakume langileon gaineko erasoak ere. Objektuak bagina bezala harremantzen garen gizarte berekoian eta hipersexualizatuan, mota guztietako erasoen kopuru eta intentsitate gorakada ematen da. Eta horrekin guztiarekin datoz beldurrak eta segurtasun ezak, baita emakumea bigarren mailako subjektu bezala betikotzea ere. Eta kapitalismoarentzat hori beharrezkoa da: genero zapalkuntza betikotzea eta langile klasearen baitan etsaitasunak eta mailaketak sortzea. Azken batean, langile klasearen antolakuntza mugatuz.
Azken hamarkadetan, sexuaren eta plazeraren inguruko normalizazioa eman dela ezin uka genezake; iraultza sexuala deitzen diete batzuek. Baina nire buruari askotan galdetu izan diot: ez al da sexuaren obsesio hori neurri batean bultzatu iraultza sexual horren baitan? “Ligoteo askea” bezalako leloek ez al dute hipersexualizazioan sakontzea lortzen? Nire ustez, sexualitatea auzi indibidual bezala aurkeztua izan da: norberak hautatua balitz bezala eta kanpo eraginik gabekoa. Hau da, ez dira mahaigaineratu gizarte kapitalistak auzi honen inguruan dituen egiturazko dinamikak. Gainera, askotan, askapen sexualaren izenean, hipersexualizatutako eszenatoki eta fenomenoak hauspotu dira, hainbeste kritikatzen den etika kapitalista hori erreproduzituz.
Ez dago iraultza sexualik iraultza sozialik gabe. Kapitalaren dinamikak bere interesen arabera moldatzen du guztia, ez soilik aspektu ekonomikoak, baita aspektu kultural, politiko eta espiritual guztiak ere. Beraz, sexua logika beraren baitan ulertu behar dugu, etika burgesaren baitan, alegia. Horren aurrean, etika kapitalistaren atzaparretatik ihes egitea dagokigu. Bizitzako esparru guztietan, langile klasearen interesen defentsan, dinamika kapitalistari kontrajarritako antolaketa forma bultzatzea dagokigu.
Nik jada ez dut piperrik ere ulertzen. Beraz gau giroan, parrandan eta mugatzea egotea, ekintza kapitalista bihurtu da, sistema kapitalistaren kideak garen heinean, jakina. Baina Txinan (edo euskal estatu sozialista baten) bageunde, ekintza liberatzailea litzateke.
Izorra zaitezte ezkertiar sutsuak, sexurako ere hamaika komisarioen begiak gainean dituzue eta!
“Objektuak bagina bezala harremantzen garen gizarte berekoian eta hipersexualizatuan, mota guztietako erasoen kopuru eta intentsitate gorakada ematen da”.
Mendebaldean sexu-erasoak ez omen dira hazi; izatekotan, salaketak ugaritu dira, tabua gainditzen ari delako.
Ez da korrelazio ez kausalitaterik frogatu sexu-delituen eta pornografia-kontsumoaren artean, oraindik orain.
Arduragabea eta oportunista iruditzen zait oso noizean behin gertatzen diren krimenak baliatzea alarmismoa zabaltzeko. Harreman sexu-afektiboetan, indarkeria matxistarekin-eta arazorik ba al da? Bai, jakina. Baina Eider Agirrek aportatu beharko zukeen zein iturritatik jaso duen “gorakada” usteko hori.
Egia berdaderoa,
eta alderantziz ere,
EZ DAGO IRAULTZA SOZIALIK
IRAULTZA SEXUALIK GABE
Ustiapena sozialaren aurretik,
Sexu.ustiapena.gertatu omen zen Sumerian, duela 6000 urte inguru GERDA LERNER.feministak dioenez
La Creación del Patriarcado (Katakrak)
Amonanmantagorri
Zer kristo haiz Hi?
Izen horren azpian matxo auténtikoa ematen duk / dun?