Eskerrik asko, Giséle

Eskerrik asko Giséle –

Oporretatik bueltatu berriak geunden Gisèle Pélicot-en izena lehen aldiz entzun genuenean. Irailaren lehendabiziko astean bizitzan ahaztuko ez dugun epaiketa hasi zen. Afaria prestatzen nengoen Júlia Salanderren bideoaren bitartez notizia jaso nuenean; ezin nuen sinetsi, edo hobeto esanda, ez nuen sinetsi nahi.
Eskerrik asko Giséle
Arg: EITB

Ordutik Bilboko Santutxuko auzoan emakume bat erail dute, Vigon Borja Rialek gasolina jaurti du bere bikotekide ohiaren gainean eta Katalunian Santa Coloma de Grámeneten gizon batek bere bikotekideari eskua moztu dio. Biolentzia matxistaren banalizaziora heldu garela dirudi, egunero horrelako basakeriak entzutera ohitu garela dirudi, eta ez soilik Euskal Herrian edota estatu espainiarrean. Duela aste pare bat Indian mediku baten bortxaketa zein erailketaren berri izan genuen, duela 10 egun Rebecca Cheptegei atleta olinpikoaren hilketa matxistaren notizia izan genuen… Nahikoa da.

Nahikoa dela esaten dudan bitartean, esaldi hauek negarrez idazten ditut. Dena den, inpotentziatik, amorrutik zein tristuratik honakoa argi utzi nahi dut: erailketak/ bortxaketak/ emakumeen kontrako biolentzia hau guztia aurrera eramaten ari diren gizonak “normalak dira”: gure bizilagunak, gure lankideak, gure irakasleak, gure senideak eta gure bikoteak dira, hau da, orokorrean edo gehienetan ezagutzen ditugu. Carla Vall abokatuak “Trenque en cas d´emergència” liburuan aipatzen duen bezala emakumeen kontrako biolentzia gertuko eremuetan gauzatzen da maiz, beste gauza bat saldu nahi diguten arren, gure “gertuko gizonak” dira erantzunkideak.

10 urtez Giséle Pélicoten etxean, ohean zein gorputzean inpunitate osoz sartzen ziren gizonak 26 eta 74 urte bitarteko; irakasleak, suhiltzaileak, politikariak, artisauak, kazetariak eta bizilagunak ziren. Kasua aztertu zuten adituen arabera, inork ez zuen patologia psikologiko nabarmenik, guztiak “normalak” ziren.

Frantziarrak “biktima gisa aitortuko ez diren emakume horien guztien izenean” epaiketa publikoa egitea erabaki zuen, bere esanetan lotsaz bandoz aldatu behar duelako. Hori gutxi balitz bezala, atzo aurrera eramandako prentsaurrekoan honakoa azaleratu zuen, lepoan zapi morea eskegita zuen bitartean: “zuei esker borroka hau bukaerara arte eramateko indarra dut”. Honen aurrean nik zera esan nahi dut: eskerrik asko zuri, momentu zail hauetan erakutsi duzun ausardiagatik, indibiduala kolektiboa bilakatzeagatik, lotsa zein beldurra alderdiz aldatzeagatik, ahotsa altxatzeagatik, azken finean, malkoak borrokatzeko grina bihurtzeagatik.

Ez zaude bakarrik, hemen gaude.

Berriz ere, mila esker.

Eskerrik asko Giséle

Hala Bediko zurrumurru askea

5 pentsamendu “Eskerrik asko, Giséle”-ri buruz

  • Zure artikulurako estatu espaniarreko adibideak hartu dituzu. Zer pentsa ematen du.

  • Tristea, “Mikel”, Mirari erasotzeko horren aitzakia merkea erabiltzea.
    Adibideak, gainera, Euskal Herrikoa (Bilbo), Kataluniakoa (Santa Coloma de Gramenet) eta Galiziakoa (Vigo) dira.
    Eskubidea duzu Mirarirekin bat ez egiteko, baina… Ederrak lirateke errespetuzko eztabaidak eta jarrerak izatea Zuzeun!

  • Dani, ez duzu ulertu. Nire idatziarekin azaldu nahi nuen kontu bakarra, gure euskal nazio erreferentziak galtzen dabiltzala da, ez besterik. Eta pena handiz ikusten dut, hainbat mugimendu aurrerakoiek, estatuko erreferentzia ersbiltzen dutela. Martxa honetan oso herrialde aurrerakoia izango gara, bai, baina zeharo espainoilizatuak.

  • Mikelen iritzian eta jarreran ez dago errespetu faltarik Dani Goñi azalfin jauna. Berorren azken esaldi hori soberan dago, eta ez dezagun “eraso” hitzaz ezer esan. Agian arazoa honakoa da: zerorrek, esne mamitan hezitako nimiño horrek, ez dakiela benetako eraso bat zer den ere, eta desadostasun edo kritika oro duela erasotzat hartzen. Ederrak lirateke kristalezko belaunaldiko espezimenik gabeko eztabaidak Zuzeun!

  • Sentitzen dut, Mikel, gaizki ulertu eta interpretatu badut zure iruzkina, oraingo erantzunean diozunarekin ados bainago, eta ezagutzen nautenek ondo dakite hori.
    Erantzun laburrek arrisku hori badute, gaizki ulertuak izatekoak, eta gauza bera nireak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude