Bilboko erailketa matxistaren aurrean deituko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu
Bilboko erailketa matxistaren aurrean –
Atzo, irailak 12, gizonezko batek bere 31 urteko bikotekidea hil du Bizkaiko hiriburuko Santutxu auzoan. LABetik gertaturikoa irmoki gaitzesten dugu eta Emakumeen Mundu Martxak eginiko irakurketarekin bat egiten dugu, datozen ordu eta egunetan Bilbon nahiz gainerako herri eta hirietan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzeaz batera.
Jarraian irakur daiteke osorik Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak plazaratutako komunikatua:
“Gaur berriro ere berri latz batekin esnatu gara Euskal Herrian, Yanely, 31 urteko emakumea eraila izan da Bilboko Santutxuko auzoan 34 urteko gizon baten eskutik.
2024. urte honetan, indarkeria matxistak Euskal herrian uzten digun laugarren erailketa matxista da gaurkoa. Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik.
Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela.
Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu egunerokotasunean. Horren aurrean, neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz , urtez urte, emakumeon aurkako erasoak gorantz doaz.
Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!
Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak.
Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!
Azkenik, dei egiten dugu gaur eta bihar Santutxuko auzoan eta Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Adi mobilizazioei.”
*Azaleko argazkia: URIOLA
Yaneli hil du gizon batek, eta ondoren elkarte “feminista” batek karteletan asterisko estupido hori jartzea erabaki du.