Azaroak 25, eroritako tximeleta guztien omenez
Azaroak 25, eroritako tximeleta guztien omenez –
1960.eko Azaroak 25, Mirabal ahizpetako Patria, Minerva eta Maria Teresa erail zituen Trujilloren diktadurak. “Tximeletak” ezizena zuten hiru emakume hauek, haien bizitza eman zuten Dominikar Errepublikaren diktaduraren kontra egiteagatik.
1981.eko Uztailan, Latinoamerika eta Karibeko Lehenengo Topaketa Feminista Bogotan burutu zuten. Jardunaldi honetan, Azaroaren 25-a emakumeenganako biolentzia anitzak salatzeko eguna izendatu zuten. Argi utziz horrela, Mirabal ahizpen erailketaren oinarrian emakumeen zapalkuntza bazegoela ere.
2000. urtea, Bilbon, eragile feminista baten pisuan, Azaroaren 25-a antolatzeko koordinadora feminista baten bilkuran, Egizan-eko militanteak emakumezko Euskal Preso Politikoen argazkiak manifestazioan eramateko proposamena luzatu zuen. Bertaratutako beste emakume batzuek hau ukatu zuten eta eztabaida sortu zen. Batzuek eta besteek biolentzia, errealitatea eta emakumeen zapalkuntza ezberdin ulertzen zutela argitara emanez. Lehenengoentzat, emakumezko Euskal Preso Politikoak Mirabal ahizpen ondorengoak ziren; estatuaren biolentzia zapaltzailearen aurrean antolatu eta borrokatu egin baitzuten. Besteentzat, militante hauek ez zeuden preso emakume izateagatik, baizik eta egindako ekintza zehatzengatik. Pisu horretan feminismoan aritzeko ulerkera bik talka egin zuten. Baina niretzat, Azaroaren 25ak soilik lehenengo jarrera barneratu dezake.
Mirabal ahizpen pentsamendua asko ezagutu gabe, baina haien praktika gogoan hartuz, garai horretan ezarritako emakume rolla gainditu zutela eta orduan haien herrian gailentzen zen beharrari ekin ziotelakoan nago. Hau da, Dominikar Errepublikaren diktaduraren aurka antolatu eta borrokatu egin zuten hau baitzen bestelako aldarrikapenetarako aukera ukatzen zuen gertakari nagusia.
Azaroaren 25-ari orokortasuna ematen dion beste pasartea da, Latinoamerikako Lehenengo Topaketa Feministako partaideek “Tximeletek” jasotako errepresio politikoa biolentzia matxista gisa onartzea. Hau da, efemeride honetaz baliatzea emakumeok pairatzen dugun biolentzia matxista orokorra ordezkatzeko. Modu honetaz, jatorri bera esleitu zioten emakumezko borrokalariek pairatutako errepresioari zein eremu pribatuan (edo publikoan) jasan dezakegunari.
Bi irakaspen ondorioztatzen ditut nik honetaz. Lehenengoa, borroka feminista ezin dela modu isolatuan garatu garaitzeko asmoa badu behintzat. Bestelako mugimenduak bezala, oinak errealitatean izan behar ditu, eta beraz, abiatzen den garaitik, sistema ekonomiko, sozial eta politikotik, eta dagoen lekutik borrokatu behar du. Egun borroka feminista antikapitalista izan behar du ondorioz, ez baitago emakumeon askapen posiblerik sistema kapitalistaren barruan.
Bigarrena, emakumezko borrokalari guztiek, esplizitua izan ala ez, emakumeen askapenerako militanteak izan direla eta badirela. Dominazio orokorrari zein zehatzei aurka egiteak emakumeoi aukerak zabaltzen dizkigulako.
Hala ere, aipatu beharra dut, Egizan-eko kideek zekiten bezala, militantzia bikoitz honek lur jota utzi ahal gaituela. Egunerokotasunean pairatzen dugun biolentzia estrukturala izan arren, gertuko egoeretan materializatzen baita; eta gehienetan zapalkuntzaren erantzule nagusiak seinalatzen ditugun bitartean, gure txokoetan matxismoari aurre egin behar diogulako indar guztiekin.
Minervak horrela zioen bere balizko erailketaren aurrean eta ez zuen huts egin: “Si me matan, sacaré los brazos de la tumba y seré más fuerte.” Ez dezagun ahaztu haien eredua eta lekukoa har dezagun.
https://www.berria.eus/euskal-herria/preso-bat-hilik-topatu-dute-zaballako-espetxean_2117074_102.html
https://www.berria.eus/mundua/indian-dozenaka-meatzarik-bi-aste-daramate-lurpean-harrapatuta_2117082_102.html
https://www.nytimes.com/2023/08/18/us/politics/ukraine-russia-war-casualties.html