365 egunetan

365 egunetan –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Martxoan dena dator more kolorez tindatuta. Batez ere hilaren zortziaren astea. Ekitaldi eta manifestazio asko emakumeen ikurraren pean. Karteletan ikusten dira emakumeak eskuak elkartuta triangelu bat osatzen. Egitarauetan arlo guztietako andreak agertzen dira hitzaldiak ematen, kantuan, bertsotan, bakarrizketetan… Dena andrakumea! Burbuila batek eztanda egin izan balu bezala, agertzen zaizkigu urteko beste hamaika hilabeteetan ahanzturaren tiraderan ostenduta dauden sortzaileak. Sarkileriak bazterrean abandonatutakoak azaleratzen dira urteko hirugarren hilabetean, martian, polen bioleta gisara, halako ekitaldietan pausatzen dena, geruza fin batez espazio konkretu batzuk estaltzen dituena, eta udaberriaren oldarraldian, lehen haize eta euriek eroaten dutena errutinaren erreketara, bertan disolbatu eta akordutik desagertu arte.

Baina non kukutzen dira hauts ubel horiek urtean zehar? Epailaren 8tik kanpo ere artista eta langile emakume horiek existitu egiten direlako, osterantzean ezingo lirateke kaleratu data horren inguruan. Izan, badira; jardun, badihardute.

Norbaitek pentsa lezake martxoko hodei lila hori faltsua dela, zuria, puztu egiten dela, artifizialki eraginda dagoela. Ez, bada! Egia da antolatzaileak bazterretan bila ibiltzen direla, adi, ahalegina egiten dutela nabarmendu nahi dutelako andrazkoak ere badaudela arlo guztietan. Interesa dutelako, berba batean. Begien bistakoari jaramonik egin barik, esfortzuaren puruan, lortzen dute helburua: emakumeak ikusgai bihurtzea, dagoena agerikoa egitea.

Orduan zer gertatzen da erauntsi purpura gabeko urteko beste hamaika hilabeteetan? Hartz emeak balira moduan, hibernazioan daude andrazko horiek guztioriek? Ez dago artista, hizlari, kirolari emakumerik beste 364 egunetan? Etxezuloan gustura bizi dira, diskrezio absolutuan, anonimato osoan? Edo gure sistema honek bihurtzen ditu ikusezin? Edo ez dago interesik sortzaile horiek ikusgai bihurtzeko?

Argi dago martxoak dakarren ubeltze hori ezinbestekoa dela argitara ateratzeko emakume horiek guztioriek, badirela baieztatzeko. Baina ekintza batzuen kasuan, purplewashing edo zuriketa moretik —feminismoa erabiltzea norberaren irudia zuritzeko eta beste helburu batzuk lortzeko—asko ere badutela esango nuke. Gorrindolez (berba ederra!) dena blaitu, zerbait egiten dutelakoan emakumeen alde. Atzera ere itxurakeria usaina hartzen diegu halako keinu eta adierazpen askori. Garbiketa morerik nahi ez dugulako, euri purpura baizik, zirimiria bada hobeto, dena ametista kolorez mela-mela lagatzeko. Martxoaren 8 honetan bertan, Zihara Enbeitak Twitterren bota zuen moduan: “Sentsazio arraroa izaten dut gaurko egunez. Gaur mikroa uzten digute, Twitterreko plazan guk hitz egiteko lekua egiten dute. Esan esateko duzuna orain, gaur. Hala hitz egin. Plaza erdira bueltatzeko presaz. Ez, ba. Nik bihar ere entzuna izan nahi dut, gaia dena delakoa dela.#M8?. Hobeto ezin da esan, ez nik behintzat.

Patxi Huarte Zaldieroa-k martxoaren 7an ateratako zintan zioen hemen bezperak ere ospatzen ditugula. Irribarrea atera zigun, baina bezperak ez ezik, ostekoak eta hurrengoak ere ospatu eta aldarrikatu nahi ditugu, urteko hirurehun eta hirurogeita bost egunetan ere martxoaren zortzia delako, egunero emakumeen eguna ere badelako.

365 egunetan

365 egunetan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “365 egunetan”-ri buruz

  • betiko matraka, matraka eta matraka 2021-03-16 15:24

    LAN ISTRIPUETAN DAUDEN HILDAKOEN %90a GIZONAK DIRA.
    Gizarteari buruzko edozein txostenetan bi sexuei nola eragiten dien aztertzen da. Honetan ez, harrigarria benetan.

    Ahal zuen guztia telelana egitera bidali zutenean, Zuatzu poligonoa hustu egin zen, 27 poligonoan, berriz, betiko aktibitateak jarraitu zuen. Hedabide guztietan etxeetan emakumeei lana biderkatu zitzaiela aipatzen zen. Baina gizonek poligonora joaten jarraitu zuten, birusarekin espazioa partekatzen. Hori pribilegioa izango zen, ez zen inon aipatu.

    Aldiz, osasun sektorea feminizatua dela eta emakumeak lehen lerroan daudela zaintza lanak egiten; eta denok haiek omendu beharrean gaude.

    Emakume erizain bat covid19-agatik hil eta gizarte patriarkal baten ondorioa da. Eta denok balorau behar dugu nork sostengatzen duen bizitza (naiz eta soldatapekoa izan, hau da, haiek aukeratutako lanbidea!). Eta orain, 2020ko lan istripuen datuak ditugunean, genero ikuspegia guztiz desagertu da. Eta biek egiten dute lan familiarentzako soldata bat irabazteko.

    Ba, apustu egingo nuke nahiz eta zaintza eta osasuna feminizatua egon, 2020ko hildako eta istripua jasan duten gehiengo handiena gizonak izaten jarraitzen dutela. Zalantzarik?

    Ai! alderantiz balitz….

  • Aurreko iruzkinak agerian uzten du zer nolako datuen erabilpen iruzurgile egiten duten batzuek. Nahi dutenerako datu batzuk azaldu, baina datuek euren aurka doazenean ixildu. Feministen adoktrinazioak beldurra ematen dit, gizartean duen ohiartzunagatik eta sistemak egiten duen erabilpenagatik.

  • Aurreko bi iruzkinen harira, lehengo astean Euskadi Irratiko albistegi batean entzundakoa kontatuko dizuet: Nafarroan gertatutako lan istripu baten berria eman zuten, hildakoa gizonezkoa zela aipatu gabe, eta ondoren patera bati buruzko berria honela eman zuten (zenbaki zehatzak ez dakizkit, baina gutxi gora behera proportzioak hauek ziren): “…40 pertsona zihoazen, haietatik 9 emakumeak eta 4 haurrak…”.

    Gizartearen erdiaren arazoak bakarrik azaleratzen dituen mugimendu batek alperrik esango dit niri berdintasuna nahi duela, eta ez du nire babesik izango.