18 urterekin dantzatu ezin izan zuten zortzikoa 60 urterekin plazaratu dute
18 urterekin dantzatu –
Amaiur Aristi Arregik, Dantzan atarian.
“Zortzikoa dantzatu arte urduritasun puntua ezin kendu gainetik”, “Herri osoaren aurrean dantzatzeak ardura ematen du, gaur jende asko biltzen da plazan”, “Pentsa, egun osoan ez dugu ezer edan, plazan zuzen dantza dezagun! Kar, kar, kar!”, “Azkenean, jende asko enteratu da eta ikusmira izango da”.
Orain dela 41 urte Santa Ageda ospatu zuten Itziar Perez (Altsasu, 1964), Iosune Mazkiaran (Altsasu, 1964), Nani Iriarte (Altsasu, 1964) eta Kasilda Lopezek (Altsasu, 1964), “baina garai hartan emakumezkoek ez genuen paperik festan, gizonezkoena zen. Bakarrik gonbidatzen gintuzten beraien otordu bateko kafe bat hartzera”.
Santa Ageda eguna eta hurrengoak hemezortzi urte beteko dituzten altsasuarrentzat jai egun handiak izan ohi dira. Jatordu ugari egiten dituzte elkarrekin eta plazan zortzikoa dantzatzen dute gazte guztiek banan-banan. Otsailaren 5eko iluntzean, kinto gazteekin batera, duela 25 urte kintoak izan ziren herritarrak eta aurten 60 betetzen dituztenak ere irteten dira plazara dantzara. “Aurtengoa ospakizun borobila da eta antolatzen hasi ginenean, erabaki genuen erreginak aukeratzea eta zortzikoa dantzatzea. Izan ere, gure garaian bi gizonezko errege aukeratu ziren, baina emakumerik ez”.
Erreginen aukeraketa
Altsasun errege egunean kintoen errege-erreginak aukeratzen dira, hau da, Santa Ageda jaiak antolatzeaz arduratuko diren gazteak. Badira urte batzuk jaian eta antolakuntzan neska-mutilek parte hartzen dutela, baina beti ez da horrela izan. 1964an jaiotako emakumeek ez zuten aukera hori izan; aurten 60 urte betetzearekin, beren kintako erreginak izendatzea erabaki dute. Gazteen aukeraketaren aurretik elkartu ziren udaletxean alkatearekin urtarrilaren 6an, eta karta sortaren laguntzaz erreginak aukeratu zituzten. Itziar Perezi eta Iosune Mazkiarani egokitu zitzaien erregearen karta, “asmoa zen kinto gazteei protagonismoa ez kentzea, beraz, ordu erdi bat lehenago inor enteratu gabe egin nahi genuen, guretzako zerbait zen, baina uste ez genuen oihartzuna izan du”.
Herrian jende askok zoriondu dituztela diote eta beren kintako gizonezkoak ere oso gustura daudela, “esan daiteke beraiek animatu gaituztela. Guk uste nahiko gaizki sentitzen direla orduan orokorrean gizonek izaten zuten jarrerarekin. Orain garaiak aldatu dira eta animatu eta guztiz babestu gaituzte”.
Zortzikoaren prestaketa
Erreginen aukeraketa zerbait sinbolikoa izan da, baina horrez gain, plazan zortzikoa dantzatuko zutela erabaki zuten. Altsasun dantzatzen duten zortzikoak lau zati nagusi ditu, eta normalean, denak pertsona batek dantzatu ohi ditu, “guk, ordea, ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi genuen, eta horregatik erabaki genuen zati bakoitza emakume batek dantzatzea. Horrela, lanak banatu ditugu, protagonismo dena bati eman gabe”.
Plazan ikusita ezaguna zitzaien dantza, baina zati bakoitza prestatu dute ahalik eta txukunen, “ikasten hasten zara eta gauza edo detaileekin konturatzen zara. Hanka altxatzen zela bai, baina orain konturatu naiz ezkerrekoa altxatzen dela”. Jota, porruak eta kalejirak betidanik dantzatu izan dituzte plazan, baina zortzikoaren zatiak espresuki prestatu dituzte. Horretarako kinto gazteen entseguetara batu dira. “Aurtengo kintoekin aritu gara entseatzen. Errege egunaren ondoren frontoian egunero elkartzen dira eta guk ere beharra genuenez astean bi aldiz batu gara beraiena”.
Hainbat herritarrek, aurrez kintoak izan direnek edo dantza taldeko kideek, erakusten diete gazteei. Tartean da Kasildaren alaba. Kasu honetan transmisioa alderantziz izan da, gazteek erakutsi diete zaharragoei. “Etxeko gazteak oso pozik eta harro daude dantzara aterako garelako. Beraientzat normalizatua dago, beraiek mutilekin batera atera izan dira dantzara”. 2005. urtean dantzatu zuten neskek lehen aldiz zortzikoa Santa Ageda egunez. Orduan ez zen guztiz onartua izan, txaloak, oihuak… denetarik jaso zituzten, baina ondorengoei bidea ireki zieten.
Festa inklusiboa, dantzak batzen du herria
Santa Ageda jaiek herritarren arteko ezberdintasunak ahaztu eta harremanak sendotzeko balio dutela azaldu digu Izaskun Etxeberriak (Altsasu, 1964). Adin bereko gazte guztiak elkartzen dira Santa Ageda antolatu eta ospatzeko, “herrian hiru ikastetxe daude, askotan markatua egon ohi da bakoitza nora joaten den, baina egun hauek balio dute bereizketa hori ezabatzeko eta kintoei esker elkarrekin harremantzen hasten dira sarri”.
Bestalde, plazan belaunaldi ezberdinak elkartzen dira dantzan: 18 urtekoak, duela 25 urte hemezortzi zituztenak eta aurten 60 beteko dituztenak. Altsasun jaio eta bizi direnak, bertan jaio eta kanpoan bizi direnak eta baita beste herrietatik etorri dinak ere, altsasuartuak, alegia.
Ana Larunbe (Lakuntza, 1964), Espe Antzizar (Lesaka, 1964) eta Niovis Reyesek (Santiago de Kuba, 1964) 25, 30 eta 28 urte daramatzate Altsasun. Larunbek eta Antzizarrek aitortzen dute ez dutela altsasuarrek besteko emozioz bizi festa, sentimendua ez omen da horren indartsua, baina kasik beren pare ospatzen dituzte, eta bereziki aurten, urteurren borobila izanda. Seme-alabak dituzte etxean, Altsasun jaioak eta haien aitzakian ere festak oso barrutik bizi dutela diote.
Reyesek, berriz, altsasuarrek bezala, “kintoen esperientzia zoragarria da. Gaurkoa festa handia da eta berezia, emakumeen lekua aldarrikatzen ari baikara. Disfrutatzen ari gara, iritsi nintzenetik kintengandik babestua izan naiz”. Kubatar gehienen moduan, dantzazalea da oso, “hango eta hemengo dantzak eta erritmoak ezberdinak dira, baina azkenean dantzatzen zarenean sentitzen duzuna berdina da. Ausartzen zarenean edozein dantza da zoragarria. Konturatzen naiz hemengo urrats batzuetara iristea zail egiten zaidala, baina moldatzen naiz”.
Maria Angeles Mendez (Altsasu, 1964), Maria Antonia Ramos (Altsasu, 1964) eta Leandra Palomino (Altsasu, 1964) Altsasun jaioak dira, “baina gu estremadurarren alabak gara”. Gurasoak lanera etorri ziren eta bertako kulturan eta ohituretan hezi nahi izan dituztela diote, “hemengo kulturan integratu nahi izan gintuzten”. Neska koskorretatik bizi dute jaia, “baina bazen auzoen arteko bereizketa. Plazakoak eta besteak. Besteak gu ginen, kanpotarren seme-alabak. Batzuk uste zuten bertakoagoak zirela, baina gu altsasuar sentitu gara beti”. Nahiz eta eurak ez izan “plazakoak” umetatik aritu izan dira plazan dantzan, “jota, porrusalda beti dantzatu izan ditugu. Igandetan zinera eta gero plazara dantzara”.
Dantzak horixe baitu: herria batzeko gaitasuna.