Zuzentzaileak, funtsezko kate-begia
Zuzentzaileak –
Ane Garmendia Alberdik, 31 eskutik atarian.

Gaurkoan zuzentzaileei gorazarre egin nahi nieke. Zeharka bada ere, solasaldi eta elkarrizketetan beti aipatu izan dut zuzentzaileek gure lanbidearen katean daukaten garrantzia. Asko hitz egiten da itzultzaileon ikusezintasunaz, baina, egiari zor, badago lanbide bat are ikusezinagoa dena: zuzentzailearena. Ikusezina eta, zoritxarrez, plataforma eta telebista batzuetan desagertzen ari dena.
Bai bikoizketaren alorrean, bai azpidatzienean, funtsezko kate-begia da, literaturan, administrazioan eta bestelako alorretan bezalaxe. Hori ondo baino hobeto dakigu itzultzaileok. Guk egindako itzulpen-lana txukundu, orraztu eta egindako akatsak konpontzen ditu zuzentzaileak. Sarri, guk ikusten ez ditugun gauzak ikusten ditu, lau begik bik baino hobeto ikusten dutelako, argi dago, eta begirada fresko batekin aztertzen dutelako guk itzulitakoa.
Baina ikus-entzunezko itzulpenetan gero eta ohikoagoa den egoera bati ere aurre egin behar dio zuzentzaileak. Askotan, lan bera itzultzaile bat baino gehiagoren artean banatzen da. Oso ohikoa da atal ugari dituzten telesailetan, premia izaten baitute produktua merkatura ateratzeko, izan telebista linealera, izan online plataformetara. Telesail bat bi edo hiru itzultzaileren artean banatzen bada, pentsa zer-nolako lana egin behar duen zuzentzaileak behin betiko produktuak terminologia eta estilo aldetik, besteak beste, koherentzia izan dezan.
Bada, azkenaldian joera ikus-entzunezkoen kate horretatik zuzentzaileak kentzea da. Joera kezkagarria, benetan. Galera hau bereziki nabarmena da azpidatzien kasuan. Azpidatziak itzultzaileak bidali bezala iritsiko zaizkio ikus-entzuleari. Itzultzaileak akats bat egiten badu (eta egingo du, gizakia delako), zuzenean pantailan agertuko da. Bikoizketaren kasuan, zuzendaria eta aktoreak daude tartean, eta haiek zuzen lezakete akats bat edo beste, ohartzen badira, baina azpidatzietan ez dago hori zuzen lezakeen bitartekaririk.
Zuzentzailea kentzearen emaitza kalitate txarreko produktu bat da. Batzuetan, jendeak protestatu ondoren, edukia kendu eta zuzendu egiten dute. Baina, jakina, horretarako beharrezkoa da jendeak protesta egitea. Nik mundu guztiari esaten diot, mesedez, plataformaren batean akatsen bat ikusten badu, plataformak berak eskaintzen dituen bideetatik hari jakinarazteko. Oso erraza da, ez da asko kostatzen. Jakin behar dute ez gaudela prest horrelako akatsak onartzeko. Baina, tamalez, esango nuke ikus-entzuleak akats horietara, hau da, behar bezalako garrantzia eman ez zaien azpidatzi horietara, ohitzen ari direla, eta gero eta gutxiago direla protesta egiteko prest daudenak, alferkeriagatik, axolagabekeriagatik edo, besterik gabe, horrelako akatsak barneratu dituztelako eta garrantzirik ematen ez dietelako. Auskalo.
Nik, aurrerantzean ere, zuzentzailearen lanbidea aldarrikatzen jarraituko dut, temati, itzultzailearen lanari atxikita doan lanbide gisa, itzulpenaren katearen funtsezko kate-begi gisa.