Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa
Zumaiako euskararen historia soziala –
Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak
Frankismo garaian Zumaian euskalgintzan izandako mugimendua jasotzen du ‘Xirrikituak zabaltzen’ dokumentalak. Joan den astean aurkeztu zen Aita Mari aretoan.
Zumaiako Udalak eta Badiharduguk euskalgintzaren gerraosteko memoria biltzeko asmoz abiatu zuten proiektua 2021ean. Mugimendu handiko hamarkadak izan ziren haiek eta arlo bateko eta besteko herritarren lekukotasuna jaso nahi izan da: hezkuntza, antzerkia, dantza… Azken urteetan bildutako materialarekin eta aurretik Ahotsak proiektuan jasotako lekukotasunekin osatu da ikus-entzunezkoa, eta argazki eta dokumentu zaharrekin jantzi da. Dokumentaziorako ezinbestekoa izan da Imanol Azkueren laguntza, eta Esti Curiel aktore zumaiarrak jarri dio kontakizunari ahotsa.
Xabier Azkue euskara teknikariak eta Haizea Odria Badiharduguko kideak aurkeztu zuten ekitaldia, eta tartean garaiko kanta esanguratsuak abestu zituzten, Mendi Gorostiagak lagunduta: ‘Aitorren hizkuntz zaharra’, ‘Gazteri berria’ eta ‘Ikastolen ereserkia’. Proiekzioaren amaieran, Aitor Manterola euskara zinegotziak eskerrak eman zizkien parte-hartzaileei, eta aurrerantzean proiektuan ekarpenak egin nahi dituzten herritarrak Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jartzera gonbidatu zituen. Ikus-entzunezkoa osorik youtuben ikus daiteke.
Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak