Zorionekoak gu
Zorionekoak gu –
Badago aretoan Irulegiko super albistearen inguruan iritzia eman ez duenik? Ez? Inor ez? Seguru? Bada, txanda hartuko dut eta, Euskalerria Irratiarekin sinatua dudan hil arteko kontratu eskandaluzkoaren pribilegiozko baldintzei kasu eginez, brontzezko eskuaz pentsatzen dudana plazaratuko dut, jakin baitakit zuek guztiok nire aburua entzun edota irakurtzea beharrezko duzuela zuen eguneroko kontu txikiekin jarraitu ahal izateko.
Eta argi uzteko Irulegiko eskuko lehenbiziko hitz horrek euskaldun guztion bihotzetan sortu duen bozkarioa nire egiten dudala, ia inork erabili ez duen esamoldea izkiriatuko dut lerroburu gisa: “Zorionekoak gu”.
Eta horren azpian, nire hausnarketa sakon eta ezin eztabaidatuzkoa, Whatsappeko statusetan bezalaxe, etorkizuneko doktoretza tesietan neure izena ere agertzea bermatuko duena: eskuaren kontu hori pasada bat da.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko azaroaren 15ekoa]