Zizur Nagusiko Udalak bat egin du otsailaren 8ko protestarekin

Zizur Nagusiko Udalak bat egin du otsailaren 8ko protestarekin –

Abenduan, epaileek beste epai euskarafobiko bat eman zuten; oraingoan, profil elebiduna kendu zioten Zizur Nagusiko Udaleko lanpostu bati.

Hala, heldu den otsailaren 8an, 17:30ean, elkarretaratzea antolatu dute Zizurko Euskara Taldeak, LABek, STEILASek, ELAk, Euskal Herrian Euskarazek, Behatokiak, EH Bilduk, Geroa Baik eta Euskararen Defentsarako Sareak.

Ba joan den ostegunean Zizurko Udalak elkarretaratzearen alde egin zuen, erakunde gisa. Geroa Baik eta EH Bilduk bozkatu zuten alde, eta UPNk, PPk, PSOEk eta ASk, kontra.

Oso gauza interesgarriak esaten ditu mozioak. Hona hemen:

MOZIOA, ZIZUR NAGUSIKO UDALEAN EUSKARA ERABILTZEKO ESKUBIDEA IZATEAREN ALDE

Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak profil elebiduna kendu dio Zizur Nagusiko Udaleko obretako langileen lanpostu bati. Udal obretako 4 langileetatik profil elebiduna zeukan bakarra zen, eta, orobat, Obren Zerbitzuko 9 postuetatik profil elebiduna zeukan bakarra.

Epaiak eman dituen arrazoietako bat da ez dagoela justifikaturik obretako langileekin euskaraz egin nahi izatea, nahiz eta Euskararen Legeak aitortzen duen eremu mistoko herritarrek badugula eskubidea Administrazioarekin euskaraz egiteko. Aurretik, Nafarroako Administrazio Auzitegiak adierazi zuen legezkoa zela postuak profil elebiduna izatea.

Epaitegiaren arabera badugu eskubidea Udalari euskaraz egiteko, baina ez euskarazko ahozko edo idatzizko erantzuna jasotzeko. Legearen irakurketa hori guztiz da murriztailea eta ilogikoa.

Epaileek ez dute aplikatzen Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. hauxe dio 7.2 artikuluan: “Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat”.

Gainera, epaiak Zizur Nagusiko Udala zigortzen du kostuak pagatzera. Beraz, legearen aurkako ebazpena emateaz gain, zigor ekonomikoa jarri dio Zizur Nagusiko Udalari.

Epaileen ebazpenak zizurtarren desadostasuna piztu du, eta elkarretaratze bat antolatu dute: otsailaren 8an eginen da, 17:30ean, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean. Egoera honen aurrean, Zizur Nagusiko Udalak deliberatu du Udaleko hizkuntza-politikak honako printzipio hauei jarraitu behar diela:

1. Diskriminazioari aurre egiteko, eta bizikidetzan aurrera egiteko, beharrezkoa da hizkuntza-eskubideak errespetatzea eta bermatzea. Baldin berdintasunak izan behar badu jendarte berri bat eraikitzeko parametro bat, martxan jarri behar dira diskriminaziorik ez izateko eta berdintasuna bermatzeko politikak, baita euskara-hiztunen komunitateari dagokionez ere, zeina egoera minoritarioan baitago.

2. Ez baldin bada neurririk hartzen egungo hizkuntza-politikari dagokionez, egiten den hizkuntza-politikak oraingo egoera mantenduko du, ez da hizkuntza-irizpide egokirik hartuko euskararen erabilera sustatzeko.

3. Politika linguistikoa politika publiko transbertsala da, eta, beraz, euskara normalizatzeko, beharrezkoa da modu transbertsalean aritzea, Udaleko arlo guztietan, baita Hirigintzaren eta Obren arloan ere.

4. Hizkuntza-politikak orekatua behar du izan. Baldin soilik sektore edo jarduera sozial bakar batean normalizatu nahi bada euskara, prosezua desorekatu eginen da, eta eraginkortasuna galduko du, partez edo osoki. Ezinbestekoa da udal sektore eta arlo guztietan eragitea, eremu batean irabazitakoa ez dadin mugatu eta galdu; aitzitik, beste eremu batzuetara zabal dadin.

5. Normalizazio-prozesua soziala eta politikoa da. Normalizazio-prozesuaren dimentsio politikoa eta soziala estuki loturik daude. Hortaz, herritarren ekimenak eta ekimen politikoak norabide berean jo behar dute.

6. Normalizazio prozesuak progresiboa behar du izan. Hizkuntza politikak kontuan hartu behar du bilatzen duen helburua eta zein den abiapuntua. Horregatik, ezinbestekoa da aurkezten den prozesua egokitu dadila eremu baikoitzaren ezaugarri soziolinguistiko eta administratiboetara.

7. Normalizazioa prozesu adostutzat hartzen dugu. Zenbat eta adostasun gehiago izan, orduan eta gehiago finkatuko da prozesua. Horretatik, hizkuntza-eskubide guztiak bermatzeko, adostasun sozialak eta politikoak eraiki nahi ditugu.

Horrenbestez, Zizur Nagusiko Udalak erabakitzen du:

1. Erakunde gisa bat egitea egindako deialdiarekin: otsailaren 8an, 17:30ean, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean, aipatutako epaia arbuiatzeko.

2. Lan egitea, helburua izanik udal zerbitzu guztiak bi hizkuntzetan ematea, gaztelaniaz eta euskaraz, herritar guztiei, hala eskatzen dutenean.

Zizur Nagusiko Udalak bat egin du otsailaren 8ko protestarekin

9 pentsamendu “Zizur Nagusiko Udalak bat egin du otsailaren 8ko protestarekin”-ri buruz

  • Interneten begiratuta, azken urteotan (2015etik) boto abertzaleak boto erdalzalea gainditu dut. Lehen erdalzaleek gehiengoa zuten, baina ez orain. Orain, Geroa Bai eta Bildu gehiengoa dira Zizur Nagusiko udalean.

    Beraz, bada garaia gehiengo horretaz baliatzea euskara bazterketatik ateratzeko.

  • Bai, baina boto abertzaleak gehiengoa izatea ez da aski:

    Zizurko Udalak profil elebidunak jarri, eta askotan Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu ditu.
    Oraingoan, NAAk onartu du, baina UPNk errekurritu, eta Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak baliogabetu du.

    NAAk eta epaileek egiten dute hizkuntza-politika neurri handi batean.

  • Orain urte bete, Zizurko Udalak euskaldunon aurkako ordenantza murriztailea onartu zuen.
    Orduan, den-denak isilik.
    “Diskriminazio bat dagoenean, soluzioa ez da isilik egotea”.
    Josu Martinez.
    https://www.berria.eus/iritzia/zuzendariari/euskararen-atzerakada-zizur-nagusian_1330073_102.html

  • Ados, baina oraingoan udalak ongi jokatu du, eta epaileek, beti bezala, gaizki.
    Epaileei erantzun irmoa emateko unea da hau, ezta?
    Batez ere, kontuan hartuta bai Nafarroako Administrazio Auzitegiak bai epaileek profil elebindunak kendu dituztela, azken urteetan, Orkoienen, Antsoainen, Atarrabian, azkenekoa Zizurren… Udalak eskuak lotuta daude!
    Otsailaren 8an epaileen inpunitateari “aski da!” esateko unea da.

  • Ezin da lege babesa ezarri, epaileek nahi dutena erabaki ez dezaten?

    Amnistia ezarri ahal bada, zergatik ez gutxieneko babesa? EAE zein NFE-an.

  • Oso galdera ona.
    Zergatik ez du inork ere planteatzen agian EAEn 1982ko euskararen legea berritzeko garaia dela? Gehiengoak badaude horretarako.
    Nafarroan konplikatuagoa da, baina egin daiteke gauza berbera.
    Baina ez, hemen araua aldatu baino, nahiago dugu prozesioz prozesio ibili, eta epaileekin kexatu.
    Aldatu legea behingoz!

  • Nafarroako Euskarari buruzko 1986 Legeak, txarra izanda ere, argi eta garbi emate die ahallmena “eremu mistoko” udalei profil elebidunak jartzeko.

    Kasu zehatz honetan, problema ez da legea. Epaileek, behar izanez gero, legeen kontra ere jotzen dute.

  • Nafarroako kasua ez dut ezaguna.
    EAEn epaileek ezarri dute argudiaketa bat, epai guztietan errepikatzen dutena, legearen helburua saboteatzeko, legea formalki betetzen dutelarik.
    Lege aldaketa egin daiteke argumentazio bide hori erabat mozteko. Argumentazio berriak bilatuko dituztela epaileek? Bai, noski, saiatuko dira. Hori buruan izanik idatzi behar da lege berria. Gaur egungoari ahulgunea topatu diote.
    Oraingo sistemak, epaien ostean prozesioa egiteak, ez garamatza inora.

  • Euskaldunon aurkako epaileei, politikariei, Udalei,…..oldarraldi orokorrari “aski da!” esateko ordua dela esango nuke nik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude