Zinemaldia… euskaraz?

Zinemaldia… euskaraz? –

Pantailak euskaraz elkarteko Alex Aginagalde Lopezek, berria egunkarian.

Zinemaldia... euskaraz?
Argazkia: Irutxuloko Hitza.

Joan den irailaren 1ean iragarri zuen Donostiako Zinemaldiak, historian lehenbiziko aldiz, Sail Ofizialeko Kursaaleko emanaldiek euskarazko azpidatziak izango dituztela. Urte dezente igaro dira Donostiako Bagera euskaltzale elkartea eta Euskal Herri osoko euskalgintza, oro har, euskarak nazioarteko ekitaldi honetan duen presentzia eskasa salatzen hasi zirenetik.

Iaz bertan, Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldiaren aurrean, Pantailak Euskaraz ekimenetik elkarretaratzea antolatu genuen, Espainiako eta Euskal Herriko agintari gorenak bertan zeudela probestuz, eta Zinemaldian, zinema aretoetan, telebistan zein streaming plataformetan euskaldunok jasaten dugun diskriminazioa amaitzeko eskatu genuen, Pantailak Euskaraz, gure eskubidea! lelopean.

Ordutik hona hainbat mugimendu egon dira bulegoetan ere, eta, azkenean, euskaldunoi, Donostiako Zinemaldiko atalik garrantzitsuena gure hizkuntzan jarraitzeko eskubidea aitortu zaigu.

Aurrerapauso handia eman du Zinemaldiak, eta eskertzekoa da hori. Alabaina, hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna oraindik urruti dago: Zinemaldiko lehiaketa ofizialetik kanpoko sailetan, izan ere, film gutxi ikusi ahalko dira euskaraz azpidatzita; jatorriz euskarazkoak diren lau film bakarrik estreinatuko dira; eta haurrentzako atalean eskainiko dituztenak zinemetan euskaraz bikoiztuta jadanik ikusi ahal izan ditugun edukiak dira.

Denera, euskaraz ala euskaraz azpidatzita ikusi ahalko dira Donostiako Zinemaldiko filmen %32,9. Emanaldi kopuruari so eginez, hauen %19,3 eskainiko da gure hizkuntzan. Aurreko urteekin alderatuz portzentajeak nabarmen hobetu diren arren, zinez espero dugu hurrengo edizioetan aldaketa gehiago iristea, euskaldunon hizkuntza eskubideak erabat bermatu arte.

Azken bi urteotan agerian geratu da euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen bazterketa egoera salatu eta gaia eztabaida sozial eta politikoaren erdigunera ekartzeak erakundeak norabide egokian mugiarazi ditzakeela: Estatuko Ikus-entzunezkoen Legearekin zirrikitu txiki bat irekitzea lortu genuen, eta streaming plataformak euskarara bikoiztu eta azpidatzitako edukiak eskaintzen hasi dira gutxinaka (jadanik 134 eduki daude euskaraz Netflixen, eta 122 Prime Videon); Primeran streaming plataforma berria, eduki ia guztiak euskaraz edo euskaraz azpidatzita eskaintzen dituena, martxan jarri dute irailaren 15ean; Donostiako Zinemaldiak aurrerapauso nabarmena eman du euskarazko eskaintzari dagokionez…

Hurrengo erronka, Euskal Ikus-entzunezkoen Legea eta Euskal Zinemaren Legea onartzea izango da, euskarazko ekoizpenera eta bikoizketara bideraturiko baliabideak biderkatu, zinemetan euskarak bizi duen bazterkeria gainditzeko hizkuntza kuotak ezarri, eta EITBn euskara lehenesteko arau eta irizpideak ezartzeko.

Guztion artean bultzatuz, eta duela hiru hilabete utzi gintuen Izaskun Rekalde gure kide estimatua oroimenean dugula, erakunde publikoak euskararen alde gidoia aldatzeko lanean jarraituko dugu; eta horrela, Pantailak Euskaraz lortuko ditugu!

Zinemaldia… euskaraz?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.