“Zer nahi duzu, belarritik tiraka eramatea?” – Euskara Donostiako udalean

Euskara Donostiako udalean –

Joan den astean, udalaren Hizkuntza Politikaren inguruko mahai-ingurua antolatu zuen Bagera elkarteak Donostian, eta EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Partido Popular eta PSOE-PSEko ordezkariak izan ziren mahaian. Entzuleen galderen txanda iritsi zenean, Donostia Kulturak urtero antolatzen dituen ikastaroei buruz galdetu nion Udal Gobernuko Euskara Zinegotzia den Miren Azkarateri (EAJ). Paperean, ikastaro hauek euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera eskaintzen badigute ere, praktikan, euskarazko talde gehienak ez dira sortzen, izen ematen dutenen kopuruak nahikoak ez omen direlako. Hori da behintzat azkeneko hiru urte hauetan Donostia Kulturako bulegoan eman izan zaidan arrazoia. “Aztertuko dugu” batekin bidali naute etxera urtero, egoera negargarri honen aurrean euskaldunok zer egin dezakegun planteatu diedan bakoitzean…

Euskara Donostiako udalean
Arg: Elkarrekin Podemos Donostia

Hori da Azkarate andreari galdetu niona, ea bere taldeak zer neurri proposatzen zituen arazo honi irtenbide bat emateko. “Insistitu egin behar da, insistitu!” esan zuen. Galderari ez ziola erantzun kexatu nintzaionean, “Zer nahi duzu, belarritik tiraka eramatea?” erantzun zuen. Ez, Miren, ez da hori nahi duguna… Gure hizkuntz eskubideak errespetatzea da nahi duguna, PRAKTIKAN, eta ez teorian bakarrik!

Ez dut ulertzen horrelako utzikeria, utzikeria baldin bada benetan esplikazioa. Zeren eta noren buruan sartzen da udal batek ikastaro mordo bat proposatzea, eta gehienak anulatuak gertatzen direnean, ez ezer egitea? Zer ekarri du honek? Euskaldunek ikasi egin dutela Donostian gustuko ikastaroa egin ahal izateko gaztelaniazko taldean matrikulatu behar direla (bestela, kalean geratzeko probabilitate handiak daudelako).

Hiru urte ote daramate arazoa aztertzen? Aldaketarik behintzat ez dugu ikusi. Ideiak falta dira nonbait…

Ez da hain zaila, bada, euskarazko taldeak bultzatzea. Kopuru minimoak berrikusi, hiriaren errealitatera benetan egokituz (euskaldunak %35 gara, ez %75); talde hauen aldeko publizitatea egin txartel eta kultur etxeetako langileen bitartez; euskarazko taldeetarako matrikula merkeago jarri; taldeok sortzen ez direnean, zintzilik geratu diren multzo txiki horiek leku batean bateratzen ahalegindu, edo hau gauzatu ezin denean, gaztelaniazko taldeetara pasatzeko aukera bermatu… Azkeneko kasu honetan, taldea elebiduna bihurtzea proposatu nien Donostia Kulturakoei, euskaldunok euskaraz egiteko eskubidea ez zapuztua gertatzeko, baina esan zidatenez, hori ezinezkoa da, gaztelaniazko taldeetan matrikulatzen direnek “ez dutelako euskararik nahi”!! Sinestezina.

Ez, Miren, ez dugu euskaldunak belarritik tiraka eramatea nahi, euskaldunak LAGUNTZEA nahi dugu, euskaldunon ALDE egitea, besterik ez!

Euskara Donostiako udalean
Euskara Donostiako udalean

Donostia

Zer duzu buruan ““Zer nahi duzu, belarritik tiraka eramatea?” – Euskara Donostiako udalean”-ri buruz

  • Azkarateren erantzuna, bere maila politikoaren eta gaitasunaren isla da. Egoerari aurre egiteko ideiarik eta ziurrenik, borondaterik eza.
    Beste arlo batzuetan, behin eta berriz emaitzak kaskarrak direnean, ardurak berritu egiten dira. Euskararekin ez da hori gertatzen. Bere alderdiak ez, baina “oposizioak” ere garrantzirik ez diolako ematen.