Zer diozue, Zabalo?
Zer diozue, Zabalo? –
Atari honetan Jonjo Agirrek bezala, Ibai Iztueta Giza Zientzietan doktoreak ere erantzun ditu, honakoan Berria egunkarian, Julen Zabalok Gara egunkariari egindako adierazpenak.
Azaroaren 2an, Julen Zabalok, Eusko Ikaskuntzaren izenean, ondorengo adierazpen hauek egin zizkion Gara egunkariari: «Ikuspuntu akademiko batetik, kanpoko ikuspuntu batetik, […] ezin dugu esan euskara denik herri baten […] muina, eta hortik jarraituta ezin dugu esan duela berrehun urte Euskal Herria Euskal Herriagoa zenik». Elkarrizketaren goiburuko aipua, berriz: «Euskal herritar gisa aritzeko beste modu bat pentsatu behar dugu». Eta, ea, beste modu bat ez, finean, Zabalok tesi «antiesentzialista» klasikoa formulatzen digu, ezartzen duena, partikularki Euskal Herriaz ari denean, koiuntura edo «moda» kontua dela pentsatzea Euskal Herria eta euskararen erabilera txanpon beraren bi aldeak direla. Hainbat pentsalari abertzaleren artean onarpena duen tesi honek bitxiki ongi funtzionatzen du euskaldunei aplikatzen zaienean ( hori bai, imajina dezake inork frantses bat, Frantzia arabieraz ere berdin frantses izango litzatekeela onetsiz?).
Eta zer esan? Muga gaitezen aipatzera «esentzialista vs antiesentzialista» eskema erabiltzea bera edota «euskal herritarrago vs euskal herritar» markoak onartzea bera sinplekeria eta arduragabekeria handi samarra iruditzen zaigula. Izatekotan, hemen, ziurrenik Zabalok botatakoa da modaren edo koiunturaren kontuari gehien doitzen zaion gaia: esan nahi baita, oro har, doitzen zaiona gizarte auziei subalternitatearen ezinetik heltzearen koiunturari («kanpotik (?!) esan digute hori horrela dela»); zehatzago, doitzen zaiona euskaratik (ez derrigor euskaraz) ikuspegi inklusibo bat landuz ezkerrerako eremu politikoa zabaltzeko orduan nabarmentzen den nagikeria intelektualaren edo talentu faltaren koiunturari; eta, are zehatzago, apika doitzen zaiona liluragai ageri zaigun estatus horren inguruko koiunturari.
Zabalok «akademiaren ikuspegia, kanpoko ikuspegia» aipatzen du, kontu objektibo eta aseptiko bati buruz ariko balitz bezala. EHU-UPVko Soziologia fakultatean ez al da esplikatzen «kanpoko akademiak», azken finean, akademia nazionalak direla, bereziki giza eta gizarte gaiei dagokienean soslai eta une nazional propioaren neurriko jakintza ekoizten dutenak? (Aparte, adorea latza behar da, gero, Jokin Zaitegi bat, Elbira Zipitria bat, Joxe Azurmendi bat ezgaitu akademikotzat jotzeko).
Egiazki, ikuspuntu akademikoak eman, Zabalok adierazitakoa baino gehiagorako ematen du: berak dioena esateko, berak dioenaren kontrakoa esateko eta, are, aurreko biak uztartzeko. Erlatibismoa eta erlazionismoa nahastearekin kontuz ibili beharraz ari naiz. Hara, Zabaloren sententziak premisa bakarra onartzen du, hots, subjektua bizipena, alegia— «identitatean» datzala eta hizkuntzak haren zerbitzurako bereizkeria tresna edo objektu gutxi-asko maitagarriak direla. Ez da ohartzen, antza, «hizkuntzak» ere subjektu izan litezkeenik eta, alderantziz, «identitateak» objektu; eta subjektuak ezartzen duela ez «kanpoko» behatzaile batek zer kontsideratu behar den zer, noiz.
Baina ez da ideia hauek garatzeko tokia. Adibide bat nahikoa izatea espero dut. Mikel Azurmendi antropologoaren idatzi baten moldapena da datorren txatala: «Hagámosnos ahora la pregunta: ¿qué pasaría si se diese un mañana en el que no haya vascos que hablen euskara pero que sí sigan creyendo y llamándose a sí mismos vascos? Pues que si los vascos deseasen así, seguiría existiendo el Pueblo Vasco, de la misma manera que existe una Irlanda sin gaélico».
Ohar bedi bertan nola izendapen baten inguruan erreferentziatzen den «identitateak» subjektu papera jokatzen duen («vascos» eta «Pueblo Vasco») , eta «hizkuntzak», berriz, objektu edo traste sinbolikoarena. Zabalo eta enparauek aintzakotzat hartzen duten abiapuntu bakarra Mikel Azurmendiren hauxe denez, ezin harritu ondorio bera iristea. Garapena premisan inskribatuta dagoelako, arraioa.
Orain, egin dezagun ariketa erraz bat, txanda ditzagun paperak arestiko testuan: har dezagun «hizkuntza» subjektutzat eta eginaraz diezaiogun objektuarena «identitatetzat» jo ohi den izendapenari. Bada, gutxi gorabehera, honelako testu bat geratuko litzaiguke: «Egin dezagun galdera hau: zer gertatuko litzateke biharko egunez bere buruari basko deitzen ez dion baskorik ez balego, baina euskaraz normaltasunez bizi eta bere buruari nafar edo kantabriar edo espainol edo, besterik gabe, euskaldun deitzen jarraituko baliote? Bada, euskal hiztun hauek hala nahi izango balute, Euskal Herrian euskaraz egiten jarraituko litzatekeela, Austrian alemanez egiten den era bertsuan».
Benetan uste du Zabalok Mikel Azurmendiren aukerak «errealitate objektiboago» bat islatzen duela eta bigarrena baino zentzuzkoagoa dela ikuspuntu akademikotik? Begira ditzala txit eskueran dituen inkestetan subjektu elebidunek elebidun direlako aukeratzeko askatasunik handiena dutenek, alegia emandako erantzunak.
Arestiko adibidearekin zera esan nahi dugu, ikuspuntu akademikotik gutxienez bi hurbilketa hauek plantea litezkeela, hurbilketa bat ala bestea hobestea norberaren esku dagoela, eta, are, tenorea iristean, herri azpiratuen nortasunaren eta hizkuntzaren auziaz jabetzeko eta jarduteko, bata bestearen osagarri ezinbesteko direla. Fisikak argiarekin egiten duena gogoratzea lagungarria da. Hara, argia, izan, itxura batean kontrakoa diruditen bi gauza da, aldi berean: uhina eta partikula. Fisikariek (jende zorrotza baina ez estua) ez dute hori onartzeko arazorik. Gero, argiarekin loturiko zein fenomeno landu nahi den, egokitasunaren arabera, argia uhin gisa ala partikula gisa tratatuko dute.
Eta honezkero hau ere esan beharko dugu, ikuspegi akademikoaz ari garenean norberaren posizio ideologikoa ezkutatzea iruzur egitea dela, alegia. Zeren eta gauza bat baita egoera bat ulertze aldera egiten den analisia, eta bestea analisi horren aurrean hartzen dugun kokapen politikoa. Adibidez, Zabalo, zure ikuspuntuaren eta nire iritziaren arteko diferentzia, arrakala ideologikoa hau da: zuk (eta Mikel Azurmendik eta beste askok), euskararen gutxitzearen aurrean, euskaraz bizitzea baskotasunaren edo baskokeriaren espresio subkultural maitagarri gisa saltzeko bokazioa erakutsi duzun bitartean, nik horri buruzko iritzi antagonikoa dudala: euskara hizkuntza nazionaltzat dut eta bokazioa Euskal Herrian euskarazko bizitza normalaren aldeko hautua biztanleen artean hegemonikoa izatekoa; noski, behar den denbora hartuz, inklusibotasunetik eta asertibitatetik, baina argi eta garbi. Iruditzen zait egitasmo bat edonorentzat erakargarria, eta ez dut uste inori kalterik egiten diodanik horrela; aldiz, euskaldun gisa, subkultura basko baten norbanako subkulturaltzat joa izatea umiliagarri zait, hezur muinetaraino. «Aniztasuna» eta «kohesioa» hori al ziren?
Zabalo ez da ari Euskal Herriaz, ezta? Euskaraz bizi den edota bizi nahi duen herriaz, ez? Baizik eta gaur egun Euskal Herrian nahasian bizi garen jendeez, herriez, komunitate linguistikoez. Hori ‘herri bat’ da? Agian… Hainbeste moduz definitu liteke herria… Baina nire herria, nik indartu nahi dudan herria, da, euskaraz bizi garenona, euskaraz bizi nahi dugunona… Eta Zabalo ez da ‘gure’ herri horretaz ari, ezta? Nahiz eta hortz betean Euskal Herria aipatzen jardun… Engainatuta bizi da bera? Engainatu nahi gaitu gu? Isuri zaio barrena…?
Bai Ibai, badirudi historiaren etapa guztietan euskaldunoi bigarren mailako herritarrak izatea egokitu zaigula, zenbaiten aburuz, bederen.
Ondo diozun moduan, Zabalo jaunak bere kokapen ideologikoa jantzi akademikoz mozorrotu nahi duela.
Zilegi bekit beraz, inongo akademiako kide izan gabe, zientifikoki ere adieraztea, Julen Zabalok dioena ez dela zuzena, hamaika herri, nazio eta giza-kolektibo munduko bazter guztietan sarritan (ala gehienetan esango nuke nik) euren “taldetasuna” hizkuntzaren bidez gorpuzten dutela.