Zenbatek?

Zenbatek? –

Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?”. Izenburu asaldagarria du Kike Amonarrizek prentsan berrikitan argitaratu duen artikuluak. Euskal Herrian baino lehenago, galdera halakotsua egin dute Katalunian. Joan M. Serraren L’ús parlat del català en un tombant decisiu (Katalanaren ahozko erabilera bihurgune erabakigarrian) liburuaren irakurketak zer gogoeta piztu dizkion partekatu nahi izan du gurekin soziolinguista tolosar erneak.

Zenbatek?
Arg: Mike Chai

Euskaltzaletasunak inbidiaz begiratu izan dio beti Kataluniari. Ez dugu hemen hango indar eta bultzadaren erdia ikusi, ez herritarrengan ez erakundeetan, bertako hizkuntzaren alde. Han ere ibiliko ziren zakurrak oinutsik, baina literaturan nahiz hedabideetan, administrazioan nahiz eguneroko jardun arruntenetan, aitzindari, eredu eta bide-erakusle izan ditugu azken hamarkadetan katalanak.

Alabaina, katalanaren biziraupenari buruzko kezka areagotu da hondar urteetan. Procés-aren zirimolek badute noski ikusteko ezkortasun horrekin. Independentzia berehalakoarekin mintzaira behin betiko salbu ikusiko zutelakoan ari ziren, bertzeak bertze, katalan abertzaleak estatu berriaren alde. Haien ametsa ez da gauzatu, eta gainera, iduri du atzarri zaiela hainbertze urteetan Katalunian gordean egon den mamu gaztelaniaduna. Espainola harro eta ozen aditzen da orain lehenago aho azpiz erabiltzen zen eremuetan.

Nik testuinguru horretan kokatuko nuke Serraren liburua, Amonarrizek hizpide hartu duena. Haren arabera, katalana, lehen aldiz historian, minoritario bilakatu da bere lurraldean. Higaduraren eragileak ezagunak ditugu gurean ere: estatuen eta hainbat aginte-erakunderen jazarpena edo bultzada eza, hiztunen utzikeria, aldaketa soziodemografikoak (jaiotze-tasaren jaitsiera eta hiztunen zahartzea), etorkinen kopuru handia eta gazte aunitzen jarrera, gaztelaniaren aldekoa.

Horiek guztiak kontuan, Serrak aurrera-begirako bat aurkeztu du bere liburuan. Hara, gaurko dinamikan, egiazko katalan hiztunen kopurua ez litzateke %25 baino handiagoa izanen 2075ean, hau da, egungoen erdia. Soil-soilik “neurri egokiak hartuz gero” lortuko litzateke oraingo hiztun errealen zenbakiari eustea (%40-45). Gerta liteke, hala ere, egoera makurtzea, eta horren ondorioz, talde marjinal bilakatzea, %10-15era beheititurik.

Beldur pixka bat ematen du. Serrak Amonarriz zubi dela “talde marjinala” izendatzeko erabiltzen duen ehunekoa ez dabil urrun euskararen egungo hiztun errealen kopurutik.

Hain gaizki gaude? Ez dakit. Espainiako Estatistikaren Institutu Nazionalak dioenez, estatuko hizkuntza koofizialen artean euskara da hiztunak irabazten ari den bakarra, bai hiru probintzietan bai Nafarroan. Ikerketa iazkoa da, baina, auskalo zergatik, oharkabean joan zen gurean. Agian gure zakurrak ez dabiltza hain oinutsik.

ARGIAn argitaratua

Zenbatek?

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

13 pentsamendu “Zenbatek?”-ri buruz

  • Ez dakit zu nondik zabiltzan, baina, nire herrian behintzat (orain dela gutxi arnasgunetzat hartzen zena), ez da zakurrak oinutsik dabiltzala, baizik eta, dagoeneko, oinetako gabe gelditu garela!!!!

  • Iruzkin pare bat artikulu honi:

    Joan M. Serraren liburuan egin azaldu den azterketak herrialde katalanak hartzen ditu barne. Eta aipatu diren kezkakValentzia, Balear Uharteak eta Ipar Kataluniari dagozkie, batez ere. Baliteke Kataluniako procés-ak lurralde horietan kataluniera eta espainieraren hiztunen artean eragina izateak, baina lotura hori egin aurretik kontuak azterketa sakonagoa behar lukeelakoan nago.

    Euskal hiztunen balizko utzikeriari buruz, esan beharra dago gaur egun euskarak duen kale erabilera egoera soziolinguistikoaren barruan ulertu behar dela. Hor kokatuta, harrigarria da euskarak duen presentzia eta erabilera tasa altua, erdaraz egiteko jasaten dugun presio itzelaren aurrean.

  • Benat Castorene 2024-10-11 09:59

    Hemen sobera okupatuak gara probidentzia estatuak eskaintzen dizkigun azken onurak gozatzean, tristatuko gintuzketen horrelako aurre begirakoak irriskatzeko.
    Baina zure gaiari lotzeko, iduritzen zait koofizialtasun desorekatuaren zuen problema latz horretaz gain, artetik erraiteko gure zoriona egingo lukeena, bizi garen bizimodu likidoa, erromesa, mundu guziaren moda guziei entxufatua eta azkenean atsegingarria ez dela bate abantailos gu bezalako herri niminoen biziraupenerako. Izan ere, gazteak erabat gai dira asaldatzeko etsai politiko klasiko deklaratuen kontra baina orai erreinatzen ari den giro kultural eroso, liluragarri ustez unibertsal eta linguizido honen kontra? Nola haiei esplikatu inklusibismo sakratuaren garaian behar ginukeela denok separatismo neurri jakin bat aztertu eta martxan ezarri.?

  • Benat Castorene 2024-10-11 10:19

    “Azken onurak” gozatzen ari ginela erran dut lehen esaldian, ez baizait batere seguru orai artinoko eldoradoak luzaz iraunen duenik.

  • Agur, Zuzeukideok:

    INEren datuak ez nituzke serio hartuko beste datu batzuk eskura izan gabe. Hau da, datu horiek ongi triangelutu gabe. Ez dut INEren inkesta aurkitzerik izan, baina inkestetako item asko (hemen egiten den ikerketa Soziolinguistikoa barne) norberak ezartzekoak dira, norberak bere buruaren gainean daukan irudiarenak eta, dakigunez, ezin gara gure inpresioetaz fidatu, are gutxiago gure auzokideenetaz.

    Euskararen kale erabilera, neurketen arabera, ez da esanguratsuki aldatu azken hogei urteetan, erdarak dibertsifikatu diren arren. Etxeko erabilera ezin da aise neurtu eta norberak erantzutekoa da hori. Ikusi beharko da urteekin kale erabileraren neurketa hori behera doan ala ez.

    Nik, ordea, hurrengoa nabaritu dut: zabarkeria eta utzikeriaren gorakada, gazteen artean batez ere. Eta hori erdaren errua da, dudarik ez. Erdarek lehen ere haien xarma pozoitsua bazekarten ere, orain eragin hori teknologiak anplifikatu egin du, gazteenen kalterako, haiek baitira ordu luzez sare sozialetan barreiatzen den zaborra irensten dabiltzan garatu gabeko burmuinak. Hortaz, bi aukera ditugu hemen: sareak konkistatu edo itxi, azken hau ezinezkoa delarik… Propaganda erakargarri eta indartsu bat hor txertatu gabe ez dugu zer egiterik. Baina, nork hartuko lan hori?

    Azken finean, Benatek ongi dioskunez, gazteen kanpora begirako begirada hori erakarri ezean ez da euskaraz egitan dakien inor geratuko hemendik 50 urtetara. Eta hori, jaun-andreok, munduaren garapena duzue.

    Sic transit gloria mundi…

  • GrouchoMarx2022 2024-10-11 12:49

    Zer esan/aholkatu/agindu euskaldunari egiteko Gazaka milaka heriotzen aurrean zirkinik ere ez duenean egiten. Osasunaren/Errealaren/Athleticen emaitzak garrantzi gehiago duenean gizaki aspirazioanalaren burmuinean. Euskal Herriak eta euskarak, bost axola diola!!!!

  • Tira, Marx jauna… “zirkinik ere ez” egiten ez duen jendarte honen deabruaren abokatuaren papera egitera deitu nauzu:

    https://www.naiz.eus/en/info/noticia/20231021/gazako-sarraskia-gelditu-eta-konponbidearen-aldeko-deiadarra-euskal-herritik-nazioartera

    https://www.berria.eus/bideo-motzean/palestinaren-aldeko-manifestazioa_6724901_110.html

    Sadarren: https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20231020/banderas-palestina

    Anoetan: https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/9337584/palestina-askatu-zioten-banderak-altxatuta-txalo-zaparrada-izan-da-anoetan-realmallorca-partidan/

    San Mamesen: https://www.deia.eus/fotos/athletic/2023/10/29/imagenes-san-mames-muestra-apoyo-7445344.html#foto=1

    Horrelako adibideak milaka dituzu Euskal Herriko geografia osoan zehar. Orain, landu ezazu beroaldian egindako lehengo iruzkin azpirazionala, faborez, eta ez bota edozein txatxukeri foro honetara, jende serio eta zuzena hizketan dabil eta. Ez saia masa ez zarenaren itxurak egiten masak egingo lukeen gauza berbera eginez.

    PD: Goiko adibideak “sinbolismo hutsa” iruditzen bazaizkizu Gazako sarraskia gelditzeko euskal jendartearentzako ekintza programa taxuzko bat egitera gonbidatzen zaitut.

    Segi umoretsu, Groucho!

  • GrouchoMarx2022 2024-10-11 14:46

    Zu hain azkarra eta serioa izanda eta ni hain aspirazionala eta baldarra jakin beharko zenuke ez nintzela ari Zuzeu zale gutxiengo aktiboari buruz.
    Ezker aldean mugitzen denak arazo larri bat du, arrazoia eta argumentazioa erabili behar dituela bere ideiak azalarazteko. Horrek, hausnarketa sakonak eta patxadaz aztertzea gauzak exijitzen ditu. Eskuinak aldiz, nahiko du emozioak piztea zuk aipatu masa aktibatzeko. Bistan da zein den masak aukeratuko duena, zein izango den bere bidaikide.
    Hortik dator nire ezkortasuna.
    Ekintza programak sobera daude zure targeta gaixorik eta alienatuta dagoenean.

  • Badakit Zuzeukoetaz ez zinela ari. Zuzeukoen gaineko nire aipua zure ateraldiak lekurik ez duelako izan da. Zure iruzkinak gaia guztiz desbideratzen du, ez baikara Gazako gai zehatzaz ari, are gutxiago futbolaz, euskararen erabileraz baizik. Horretarako beste artikulu batzuk dituzu aukeran eta sobera.

    Nik behintzat, orri honetan gaiarekin zerikusi zuzena daukaten iruzkinak ikusi nahiko nituzke eta espero dut gure garrantzibako talka honek eztabaida ez etetea.

  • EnekoBat, nahi duzuna esan dezakezu, baina gaur egungo gure gizartearen inplikazioa “zirkinik ere ez” maila horretan dakusat, mugitzen den jendearen kopuruari erreparatzen badiogu, kuantitatiboki behintzat.
    Eta gazteen artean euskararekiko jarrera zein erabilera maila, oso oso oso kezkagarria da, ez dakit zeinek egindako inkesta batek konteakoa baderitzo. Kalera ateratzea besterik ez duzu, baina ez Oiartzunen, ezta Lesakan ere , ez Lekeition, ezta horrelakoetan. Goazen populazio handia dagoen eremuetara, eta ea zer aurkitzen duzun.
    Tamalez, egoera ez da baikorra izateko modukoa.

  • Kaxka, zuk ere nahi duzuna esan dezakezu, noski, horretarako dago adierazpen askatasuna. Zure iruzkinaren zergatia ez dut ulertzen ordea, gaizki adieraziko nuen esan nahi nuena eta zuk hala nola interpretatu.

    Kalera ateratzearena ez dakit niri zuzenean esaten didazun edo “duzu” hori erretorikoa den (Enkartazioetan bizi naiz, eta Bilbo dut hiririk hurbilena, ez da EHko eremu euskaldunena, jakingo duzunez), baina, berriz ere, nik egindako errealitatearen irudia nonbait nahasi egin da. Izatekotan, ni ez nintzateke baikorra izango, baina kexatia ezta ere. Kexa antzuari ernegua diot. Kexatzen diren guztiak benetako zerbait egiteko batuko balira mundua haiena litzateke. Kexatik ekintzara igaro beharko gara noizbait edo gure ezintasunean lehertu.

    Munduko kexatiak, batu zaitezte!

    Broma aparte utzita, Zuzeu ideiak partekatzeko gune ederra dugu eta sartzen naizen bakoitzean aurkitzen dudan gehiena kexa eta pozoia da. Ez dakit ezkortasunak bihotza ez ote digun ilundu…

    Eta harira berriz bueltatuz, nire lehenengo iruzkinean, ikusiko duzunez, inkestei mesfidantza izan behar zaiela idatzi dut, baina guk eta auzokoek dugun sentsazioei baita ere. Goroldioa eguzkiaren begiradatik urrun jaiotzen da… Ezkortasun edo baikortasun gehiegizkoak gauzen izana ezkutatzen digu. Hausnarketa, Groucho Marx jaunak esan bezala, sakona izan behar da, fundamentuzkoa eta erradikala, ahal bada.

    Galdera birformulatu nahiko nuke: Zenbatek egingo du NIREKIN euskaraz 2025. urtean? Bizitzan horrelako harremanak sortzea oinarrizkoa izan behar da gure jardunean. Eta hemen biltzen garen periferiako euskaldun bakoitzak hiztun bat erakarriko balu urtero? Eta erakarria izan den horrek beste bat erakarriko balu? Ad infinitum…

    Ohiturak batzuk aldatzen hasi behar gara, bistan delako orain arte egindakoak ez digula balio. Eraiki dezagun zerbait, utzi hatz erakuslea behar denerako, esku hori lanerako behar baita.

  • Euskararen egoeraren irakurketa egiteko inkesta soziolinguistikoak, segur aski, ez dira nahikoa izango. Eta gutariko bakoitzak daukan pertzepzioa, horixe besterik ez da, pertzepzio subjektibo eta partzial bat. Horretan, Enekorekin bAt ;p Eta noski, erabat desberdinak dira herriz herriko egoerak, eremu esukaldunetako herri txikien eta gune populatuenetako hiri nagusien arteko aldea…

    Nik uste arazo nagusienetako bat dela gizartean barneratuta dagoela euskarak erdarek baino maila baxuagoa duela. Bigarren mailako hizkuntza da, bai erdaldunentzat, bai euskaldunentzat. Ez ditugu hizkuntzak parekidetzat jotzen, eta horrek hizkuntza desberdinetako hiztunak parekide ez izatera darama. Horrela ulertu daitezke gu guztiok ondo ezagutzen ditugun desplanteak, erantzun txarrak, mespretxuak…., bai eta euskaldunok horien aurrean men egitea ere. Erdaraz egiteko etengabeko presioa dugu. Egunerokoa, uneorokoa. Eta hala ere, euskaraz egiten segitzen dugu askok. Alegia, Epaltzak eta zenbait iruzkingilek utzikeria ikusten duten lekuan, nik ikaragarrizko atxikimendua ikusten dut.

    Atxikimendu hori da gure indargune nagusia, eta hortik abiatu behar dugu hizkuntzen arteko parekidetasuna aldarrikatzera, hizkuntz guztiek maila bera dutela aldarrikatzera, hiztunok diskriminaziorik jasan ez dezagun.

  • Mikel Haranburu 2024-10-13 21:23

    Dudarik gabe, aurrerapausu handia izan zen soziolinguistika alorra gurean jorratzen hastea (Txillardegi, Larrañaga, Txepetx, katalanak eta beste asko bisitan etorritakoak), glotopolitika eran ulerturik noski. Alabaina, hori ez da aski, jakina. Glotopolitika lantzen ez zelarik, euskaldunen atxikimendua erabatekoa zen, salbu eta errepresio ekintzak, oro har ordezkapen dinamikak indartu eta areagotu ziren bitartean.
    “Euskararen egoera” hamaika aldiz errepikatu dugun esapidea da, baina azken batean, Euskararen egoera euskaldunon egoera da, besterik ez. Eta esan behar da, hortaz, Euskararen egoera egoera pertsonal eta uneko askoren batukaria (sumatorio) dela. Ez daiteke, nire aburuz, hizkuntzaren egoeraz gauza handirik esan, ez bada batukari horren ildotik geure pertzepzioa, geure sentipenak, geuregana iristen diren gorabehera askoren oihartzunak nolabait batuz ateratzen dugun ondorio lausoa.
    Hizkuntza ez da azkartzen kaleko erabileraren arabera; honek ez du markatzen zein puntutan gauden. Ariketa hori, oso interesgarria izan arren, ez da gertatzen diren dinamika pertsonal zein sozial guztien adierazle betea. Herri bateko zein besteko egoera (hobeki esatera, dinamika) ere ez da hizkuntz komunitatearen osasunaren erakusle.
    Horregatik, nik uste, Ziriñek atxekimendua ikusten du, eta Epaltzak utzikeria, aldi berean; alegia, dinamika desberdinei erreparatzen dietelako. Denetariko dinamikak ditugu inguruan, eta soilik batukari horren norabide orokorra (edo norabideen batukaria, esango nuke) aldatzea lortzen badugu, poliki poliki gauza bera ikustera hurbilduko gara denok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude