Zenbat kostatzen den euskaldun izatea

Zenbat kostatzen den euskaldun izatea –

Euskara ikasi eta erabiltzen hasi nintzenean, berehala jabetu nintzen euskaldunentzat haietako beste bat gehiago bilakatu nintzela (gasteiztar euskaldun berria izanda azken bagoietakoa, baina barruan). Nire artean pentsatzen nuen Euskal Herria herri ederra zela; etimologikoki euskararen herria da, eta euskalduna, berriz, euskaraduna. Baina ez soilik etimologikoki: euskaldun batek beste pertsona bategatik “euskalduna da?” galdetzean, “euskaraz ba al daki?” galdetzen da. Horregatik, euskararen herria nahiko herri abegikorra iruditu zait beti: berdin da nondik zatozen, euskara ikasten baduzu euskalduna zara.

Zenbat kostatzen den euskaldun izatea
Arg: StockSnap

Estatu nazioak ez dira hain abegikor, eta hizkuntza ikasita ere badira etorkin familietan bigarren, are hirugarren, belaunaldiak beren burua frantses hartzen ez dutenak (espainiar edo frantses zuri askok ere herrikide hartzen ez dituztelako eta estatuaren beraren arrazakeriagatik).

Ez dut uste, beraz, euskararen munduan gaztelaniaren edo frantsesaren munduan baino arrazistagoak garenik, eta ez dut uste Nerea Fillatek ere hala uste duenik. Baina, El Salto-n egin zioten elkarrizketa hartatik “badira euskararen mundutik datozen politika zenbait nahikoa arrazista eta baztertzaileak direnak” esaldia hartu eta, Twitterren ?maixiaketa da lege? festa hasi zen.

Badira gauza batzuk konpondu beharko genituzkeenak arrazializatuak eta pobretuak diren pertsonek euskararen mundurako pasaportea (euskara ikastea) errazago lortu dezaten

Niri esaldiaren atzean gordetzen diren gauzak interesatzen zaizkit, eta ez esaldi huts horrekin debate sakonagoa estaltzea. Eta bai, badira gauza batzuk konpondu beharko genituzkeenak arrazializatuak eta pobretuak diren pertsonek euskararen mundurako pasaportea (euskara ikastea) errazago lortu dezaten. Bi aipatzearren:

  • Bat, herri batean baldin badaude bi eskola, eta batean nagusiki etorkin familia diruz ez oso aberatsak eta bestean “herriko” familien ume zuriak badaude, banaketa arriskutsua da publiko espainol doakoa vs euskaldun “itunpekoa”. (Gai horrekin beti gogoratzen naiz Gabriel Arestirekin, frankismo sasoian ere umeek euskaraz ikasteagatik kuota bat ordaintzearen kontra zegoena).
  • Bi, helduek euskara ikasteagatik euskaltegia ordaindu behar badute (nahiz eta zenbait baldintzetan gero diru hori itzuli etab.), galdetu ahal diote beren buruari zergatik gaztelania edo frantsesa guztiz debalde diren eta euskara ez.

Euskaldunok ez badugu unibertsaltasun eta doakotasunaren aldeko borroka egiten, eta “onartzen” badugu gauzak “horrela daudela” (2024an!), euskara (Euskal Herria) merezi ez duen kuota batekin lotzeko arriskua dugu.

ARGIAn argitaratua

Zenbat kostatzen den euskaldun izatea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude