Zeharrez

Zeharrez –

Azken urteotan euskara biziberritzearen inguruan asko entzun den berba zeharlerrotasuna da, edo zeharkakotasuna, edo mainstream. Berdintasuneko politiketatik etorri zaigun kontzeptua da eta administrazioan asko erabiltzen da (berba, praktika beste kontu bat da).

Horren inguruan, Allartean blogariak hainbat artikulu idatzi ditu:

Haren artikulu batean, Albert Serraren definizio hau dakar:

Zeharlerrotasuna erakunde osoaren egiazko engaiamendua ziurtatzen duen kontzeptua da, egitura bakoitzaren espezializazioa edozein izanik ere, arlo, ikuspegi edo arazo baten gainean elkarrekin lan egitea ahalbidetzen duena. Bada, halaber, antolakuntzarako bitarteko bat, estrategiak, tresnak eta bitartekoak garatzea xede duena, antolakuntzaren sektorekako egituraren barruan, oso errealitate konplexu baten eskakizunei hobeto egokitzea ahalbidetu asmoz.

ZeharrezZergatik ba zeharlerrotasuna? Politika publikoak ez direlako neutroak, positiboki edo negatiboki eragiten dutelako euskararen biziberritzean eta hizkuntzen arteko botere-harremanetan.

Eusko Jaurlaritzak orain gutxi txosten bat idatzi du: “Euskara biziberritzeko politika publikoak: zeharlerrotasuna ulertzeko ikuspegi berri baten proposamena”. Besteak beste, honako hau dio txosten horrek:

Berdintasunean zeharlerrotasuna ulertu izan da erakundeetako sail eta eremu guztietako edukietan eta norabidean eragiteko tresna gisa. Erakunde publikoen egiteko moduak eraldatzean jarri du azpimarra, beti ere, politika publikoen edukiak aldatzeko, eta, sail guztietatik egiten diren politika eta jarduera publikoei berdintasuna bultzatzeko betebeharra ezarri.

Euskara biziberritzeko politiketatik zeharlerrotasuna nola ulertu den galdetuz gero, ez dago ikuspegi adostu edo kontsolidaturik. Modu ezberdinetan ulertzen da, baina, gehien bat erakunde publikoen barneko erabilera-planetan jarri da azpimarra.

Txosten horretan honela ulertzen dute zeharlerrotasuna: politika publiko eta jarduera guztietan euskara biziberritzearen printziiooa/helburua txertatzen esan nahi du. Politika eta jarduera publiko guztien norabidean eragitea esan nahi du, beraz.

Eta, horretarako, estrategia duala proposatzen du: “Batetik, beharrezkoa izango da euskara biziberritzeko propio pentsatutako politikak garatzeam euskara sailetatik bultzatuta (berariazko hizkuntza-politika); eta, bestetik, beharrezkoa izango da sail guztietatik egiten diren politikak euskararen betaurrekoekin aztertu eta hauek ere euskara biziberritzeko helburuarekin lerratzea (zeharkako hizkuntza-politika).

Zeharlerrotasuna. Zeharrez eta artez, berariaz eta bide batez. Berbetatik ekintzetara pasatzeko sasoia delakoan nago, basatzaren barruan sartzeko sasoia delakoan nago …

Zeharrez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude