Urko Aierbe (EHE): “13 neurrirekin EH euskalduna genuke bi belaunalditan”
Urko Aierbe (EHE) >
Euskal Herrian Euskaraz elkartea 1979. urteko azaroaren 4an aurkeztu zen jendaurrean, Durangoko Azokan. “Euskararik gabe, Euskal Herririk ez” lelopean ekin zioten bideari, eta egun hartan, euskaldunok osatzen dugun komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, Euskal Herri euskalduna lortzeko bideari ekin zioten. Baina ia 40 urte ez dira alferrik pasa, eta hausnartzen aritu dira denbora luzez euskalgintzak bizi duen bidegurutzeari beraien ekarpena egin asmoz. Urko Aierbe bozeramailearekin bildu gara Arbizun, Sakanan, eta berak azaldu dizkigu urtarrileko Nazio Batzarraren ondorio nagusiak, zer egoeratan dagoen EHE eta aurrera begirako erronkak; erronkak, eta errezetak.
Nola baloratzen duzue urtarrilean Altsasun ospatutako nazio batzarra?
Nazio batzarra gogoeta prozesu baten amaiera izan da, duela urtebete baino gehiago hasitakoa. Arazoak izan ditugu: EHE geroz eta ahulago zegoen, geroz eta talde eta kide gutxiago… Baina berehala ohartu ginen ezin ginela mugatu barne mailako kontuak eztabaidatzera, azterketa orokorragoa egin beharrean geundela. Mundua, harremanak, gazteen mundu ikuskera, teknologia, Euskal Herriko aldaketak, euskalgintza… dena aldatu da, eta azkar. Metodologia eraginkorra erabili dugu, gustura gaude egin dugun bidearekin; taldetik kanpoko jende askorekin izan gara: soziologoak, euskalgintzako kideak, herri mugimenduko jende ezberdina… Eztabaida publikoa izan da, ekarpen ugari jaso ziren, eta pasa den abenduan ekarpen horiekin osatu genuen eztabaidarako txostena. Nazio batzarrean aho batez onartu zen. Etapa bat itxi genuen, eta orain beste bat dator. Hausnarketa paraleloa eta etengabea da, lehentasunak markatzen joan beharko gara, baina noski, praktikaren garaia dator, borrokan, dinamika ezberdinak abiatzen eta kalean, eragiten.
Aipatu duzu Euskal Herrian Euskarazen egoera ahula izan dela. Nazio batzarraren ondoren nola zaudete?
Egoera zaila izan dugu, euskalgintza osoak egin du topo bidegurutze batekin, eta noraezak ere izan du eragina gugan. Bestalde, gure oinarriak diren herrietako taldeetan ezintasun handiak nabaritzen ziren, eta ezintasun handiena biltzeko ezintasuna da: lan ezberdinak, ordutegi aldrebesak, kanpoan ikasten, kanpoan lanean… Gai horri ere heldu behar izan diogu, harremantzeko moduei.
Badira EHE-ko taldeak euskararen arnasguneetan, baita presentzia oso txikia daukan eremuetan; zertan ezberdintzen da antolakundearen jarduna gune batean edo bestean?
Hor ere egin ditugu berrikuntzak. EHE-k ildo nazionalak markatzen zituen, ez hertsiak, baina funtsean herrietan modu berean aplikatzen zirenak. EHE duela urte pilo bat sortu zen, eta egoera asko aldatu da; eta horretaz gain, Euskal Herrian baldintzak oso ezberdinak dira toki batean edo bestean. Asmatu behar dugu egoera anitzei erantzuten, “menua” eskaini.
Zein dira EHE-ko taldeen lan esparruak?
Gure ustez prozesu integral honek une honetan bost ardatz nagusi jorratu behar ditu:
- Euskal Herri euskaldunaren aldeko borroka ideologikoa eta indar-metaketa.
- Euskararen normalizazioan jauzia emateko gutxieneko neurriak.
- Euskaraz bizi ahal izateko aukerak zabaldu.
- Sortutako aukerak baliatu, euskararen hautua sustatu.
- Salaketa eta aldarrikapena, erasoei erantzun.
Agian urte askotan bereziki azkeneko puntuan zentratu da EHE. Erantzun integralagoa emango dugu orain, baina tamalez erasoek dirauten bitartean erantzutea beharrezkoa izango da.
Euskalgintzan bada talde mordo bat. Onuragarria al da?
Gure irakurketa da aberasgarria dela, funtzio ezberdinak betetzen dituztelako. Aniztasunak ahalbidetzen du normalizazioak behar dituen ahalik eta behar gehienei erantzutea: hedabideak, helduek euskalduntzea, lan mundua, aholkularitzak, kale mailakoak… EHE-rena ez da funtzio zehatza izan, transbertsalagoa izan da: eragitea, borroka ideologikoa, erantzutea… Aniztasun horrek momentu batzuetan nahastea sor dezake, baina gogoetaren ondorio nagusia da elkarlana beharrezkoa dela, eta hor Kontseiluaren rola gakoa da, gehienok gaudelako hor. Eragile bakoitzak daukan indar autonomo horri kanalizazio bat eman behar zaio, elkarlanaren bidez; inor ordezkatu gabe, baina sinergiak sortuz.
Euskalgintzaren bidegurutzea aipatu duzu lehenago.
Gu ez gara ondorio horretara iritsi garen lehenengoak. Norabidea erabaki behar da, eta ideia nagusia da perspektiba historikoz aztertzea nola iritsi garen bidegurutzera. Mendetan euskararen eremuak atzerakada derrigortu bat pairatu du, estatu espainiar eta frantziarrak inposatu dutelako glotozidioa. Atzerakada geldiezina zirudien, baina XX. mendean frenoa jarri zitzaion. Azkeneko 50 urteetan ez da soilik atzerakada gelditu, berreskurapenerako oinarriak ere jarri dira, hezkuntza, komunikazioa, kultura, profesionaltasuna… Gure buruak zoriondu behar ditugu, hizkuntza gutxik lortu dute guk lortu duguna.
Beste hausnarketa bat ere egin dugu. Azken hamarkadetako lana oso positiboa izan da, baina neurtu beharrean gaude zenbait aurreratu dugun. 50 urte hauetako proiekzioa egiten badugu etorkizunari begira, mendeak beharko ditugu euskararen berreskurapen osora itzultzeko. Helburua euskaraz biziko den Euskal Herri batera iristea bada, galdera batzuk planteatu behar dizkiogu gure buruari. Posible izango dugu azken hamarkadetako erritmoa mantentzea mendeetan zehar, gertatzen diren aldaketak gertatzen direla? Beraz, bigarren galdera da: ezin dugu ezer egin prozesu hori azkartzeko, finkatutako oinarria irabazpidean jartzeko? Galdera horiek markatzen digute bidegurutzea.
Eta galdera horien erantzunak?
Berreuskalduntzean jauzi kualitatibo bat emateko garaia da. Euskal Herri euskalduna lortu nahi dugu, eta badakigu nola egin; duela hainbat hamarkada ezjakintasuna handiagoa izango zen, intuizioa gehiago erabiliko zen. Euskalgintzak egin duen bideak ematen digu erantzuna, zerk funtzionatzen duen. Gogoetan zehaztu ditugu gutxieneko neurriak, eta gure ustez neurri horiek aplikatuz gero Euskal Herri euskaldunera iritsi gaitezke bi belaunalditan.
- Euskarari estatus juridiko egokia onartuko zaio, ofizialtasun osoa Euskal Herri osoan: besteak beste, bertokoa, lehentasunezkoa, eta ezagutu beharrekoa izendatuko da. Euskaldunon hizkuntza-eskubideak aintzatetsiko dira.
- Normalizazioa helburu izango duen hizkuntza-politika egokia eta burujabea izango da, kanpo esku-hartzerik gabekoa.
- Indarrean dauden euskararen legeak norabide horretan berrikusiko dira.
- Euskara zehar-lerrotzat hartuko da maila guztietako gobernuen antolaketan eta funtzionamenduan.
- Normalizazio osora iristeko (eremu publikoan eta pribatuan) Plan Estrategiko Orokorra adostu eta indarrean jarriko da (nazionala, baliabide nahikorekin, adierazleen bidez ebaluatua, jarraitua), eragile politiko, sozial eta euskalgintzaren artean.
- Instituzioek euskararen normalizaziorako baliabide nahikoak esleituko dituzte, nagusiki ekonomikoak (helburu gisa aurrekontu osoaren % 2 izango da), baita pertsonalak eta bestelakoak ere.
- Administrazioa osoki euskaldunduko da. Herritarrentzako arreta-zerbitzuez gain, baita lan-hizkuntza bilakatuz ere. Gutxieneko neurri hauek hartuko dira:
- Administrazio bakoitzak normalizazio-plan propioa izango du (egokia, neurgarria, aldizkako balorazioekin, gradualki helburu altuagoekin).
- Abiapuntuzko eta premiazko neurria herritarrentzako arreta-zerbitzuak euskalduntzea izango da.
- Administrazioekin harremana euskara hutsez izan nahi duten herritarren zentsua osatuko da; eremu euskaldunetan izan ezik, non abiapuntuzko harremana euskara hutsez izango den besterik adierazi ezean.
- Lanpostu publikoetarako deialdi guztiek hizkuntza-eskakizuna izango dute.
- Kontratu publikoetan hizkuntza-irizpideak ezarriko dira.
- Arnas-guneen babes eta zabalpenerako neurriak hartuko dira.
- Belaunaldi berrien euskalduntzea bermatuko da. Horretarako planteamendu integrala osatuz, hezkuntza formala eta ez formala kontuan hartuz, helburu horri begirako curriculuma osatuz, ahozkotasuna landuz, eta abar.
- Helduek euskararen ezagutza nahikoa eskuratzeko helduen euskalduntzerako eskaintza egokia egitea: doakoa, geografikoki eta ordutegi aldetik eskuragarria,…
- Gainontzeko eremu funtzional guztietan euskararen normalizazioa azkartzeko neurriak jasoko dira: eremu sozioekonomikoan, hedabideetan, hezkuntzako goi mailatan, aisialdian, kulturan, …
- Arreta berezia eskainiko zaie teknologia berriei. Punta-puntako teknologietan (itzulpen automatikoetan, aplikazioetan, softwarean,… ) euskararen aukera egoteko neurriak hartuko dira.
- Norbanakoekiko sustapen-lana egingo da:
- Herritar euskaldunak kontzientziatu, ahaldundu eta aktibatzeko. Lehen hizkuntza-hautua euskararena izatea nagusi bilakatu behar da.
- Herritar ez euskaldunak sentsibilizatzeko eta euskarara erakartzeko.
Zer iritzi duzu Euskal Herriko errealitate instituzional berriaz?
Euskarari dagokionez azken hamarkadetan oso kritikoak izan gara, ez da nahikoa. Gu ez gaude instituzioekin elkarlana mantentzearen aurka, baina guk instituzio horiek garantzen duten politika baloratu behar dugu. Estatuen menpe gaude hizkuntzaren arloan ere, eta horrek erabat zailtzen du aurrerapauso oro; hizkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko ere burujabetza behar dugu. Urrats gehiago eman behar dituzte instituzioek. Elkargoa jaio berria da, ikusiko dugu ze norabide hartzen duen; egia da Nafarroako aldaketak itxaropen asko piztu zituela, euskararen aurkako politika ankerrena ezarri duen UPN gainetik kentzeagatik, baina arduraz ikusten dugu gobernu berriko batzuk gehiago begiratzen dietela euskararen aurkakotasuna dutenei euskararen alde lan egiten dugunoi baino.
Adibidez, orain udal batzuk eskatu dute eremu ez-mistotik mistora pasatzeko, eta izugarria da; duela ehunaka urte desagerrarazi zuten euskara toki askotan, eta apurka itzulerarako pausuak ematen ari dira bertako herritarrak. Aldaketaren indarrek gobernatzen dituzten udalek ezin al dute pausu hori eman? Iruñeako Udalak, adibidez, ezin du ofizialtasuna aldarrikatu eta hizkuntza politika ausartagoa eraman? Urratsak eman behar dira Diario de Navarraren portadari begira egon gabe.
Gasteizeko gobernuari dagokionez, EAJ-k PSE-rekin akordioa lortu izanak hankamotz utzi du euskara. EAE-ko gehiengoak euskararekiko jarrera baikorra dauka, baina hizkuntza politika ez doa hortik; langileen hizkuntza eskakizunen kontua, adibidez.
Zu Egiako izanda, ezin dugu elkarrizketa kontu hau ukitu gabe utzi: Egia eredua. Zabaldu daiteke Euskal Herriko beste gune batzuetara?
Esperientzia positiboa da gauza askorengatik. Bada tesi bat esaten duena: “ezagutza handitu da, baina erabilera ez; beraz, errua hiztunena da”. Hizkuntza bat edo bestea erabiltzea ez da beti hautu pertsonal bat, badira erabaki horretan eragina daukaten kanpo faktore pila bat. Honek erabileraren aferari heltzen dio, baina behar den bezala, kolektiboki, auzi kolektiboa denez. Gainera, oso jende ezberdina inplikatu da, ekimena piztu duen euskara taldetik auzoko elkarte ezberdinetara; baita antolatuta ez dagoen jendea ere.
Eredua garatu daiteke beste toki askotan, zalantzarik gabe. Ahalduntze kolektibo hori zabaldu behar da, urratsez urrats eta perspektiba nazionalarekin.
Non planteatu behar dugu konfrontazioa, desobedientzia?
Euskalduntzeak doakoa izan behar luke, eskubide bat da. Baina beti daude estatuen legeak guri hegoak mozten, eta horren aurrean erantzun integrala eman behar dugu. Desobedientzia oso zentzu zabalean planteatzen dugu, eta hizkuntzaren ikuspegitik nola landu garatu beharrean gaude. Euskaldunok desobedientziarako daukagun tresna nagusienetarikoa gure hizkuntza da, normaren aurka doa uneoro. Ahaldundu, espaloitik ez jaitsi, eta ohiturak aldatzen joan gure burua aktibatzeko; baina bide hori kolektiboki ere egin behar dugu.
“Euskaraz bizitzera goaz” planteamendua hortik doa.
Hizkuntzek hegemonia bi modutan lortu dezakete: legez, gaztelaniaren gisan; beste herri batzuetan “behar induzitua” eragiten dute, beharra sortzen dute. Adibidez, Alemanian ez dugu zalantzan jartzen alemanera ikastea, badakigu beharrezkoa dela. Iruditegi linguistikoa aldatzen joan behar gara, erdaldunena barne, eta beharrezkotasuna sortu. “Euskaraz bizi nahi dut” aldarritik “euskaraz bizitzera goaz” praktikara.
Prospekzio ariketa gisa, ariketa teoriko gisa, bi belaunalditan Euskal Herria euskaldun litekeela esan daiteke. Baina ikuspegi soziolinguistiko aplikatu batetik, hau da, Euskal Herriko egoera soziolinguistiko erreala -ezagutza, jarrerak…- oinarritzat harturik, hori helburu gisa hartzea, zintzoki ezin da mantendu ezta helburu gisa hartu.
Hausnarketarako ideia bat: Lortutako gauza horietatik zenbat lortuko genituzkeen Kataluniaren indarra gabe? Zer lortuko dugu Katalunia Espaniatik baldin badoa?
Balizko erroten eta baneki eta baneukoren munduetan bizi gara oraindino, antza.
Euskarari estatus juridiko egokia onartuko zaio, ofizialtasun osoa Euskal Herri osoan??? Bertokoa, lehentasunezkoa, eta ezagutu beharrekoa izendatuko da eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak aintzatetsiko dira… Noiz?
Normalizazioa helburu izango duen hizkuntza-politika egokia eta burujabea izango da, kanpo esku-hartzerik gabekoa. Bai?
Euskara zehar-lerrotzat hartuko da maila guztietako gobernuen antolaketan eta funtzionamenduan???
Eta abar, eta abar… Ez dugu ikasten.