Unamuno eta Herostrato
Unamuno eta Herostrato –
Unamuno oso polemikoa izan zen beti, agonikoa bezain polemikoa. “Agonia” borroka da grekoz, eta Unamunoren ustez gizaki izatea barne borroka batean bizitzea da, ezin da adimenaren eta bihotzaren arteko gatazka saihestu. “Contra esto y aquello” da Unamunoren liburu baten izenburua, gerora Txillardegik “Huntaz eta hartaz” izenburuaren bidez omendua. Zale eta etsai sutsuak izan zituen Unamunok bizirik zela. Bere hitzaldiak iskanbila bilakatzen ziren maiz. Bilboko Lore Jokoetan euskarak ez duela bizitza modernorako balio eta hobe dugula hiltzen uztea aldarrikatu zuen, eta doi-doia irten zen onik Arriagatik; Salamancako errektore kargua kendu zioten; diktadurak erbesteratu zuen; Frankoren altxamendua aldeztu zuen, baina berehala damutu eta Millan Astray eta frankistek ozta-ozta ez zuten Salamancako Unibertsitateko paraninfoan bertan garbitu, Amenabarren filmak dakarrenez. Hori da trailerrean azpimarratzen duten pasadizoetako bat. Millan Astray eta legionarioen eta handiki frankisten aurrean Euskal Herria eta Katalunia aldeztu zituen.
Polemikoa izateaz gain, biziki azkarra zen halaber. Eskolan bakartia zen, isila, ez zuen kirola gustuko. Ikaskiderik indartsuenaren adiskide egin zen, El Naranjerorena. Loteria bat sortu zuten, eta ikasle guztien artean ipinitako diruaren erdia Unamunok eta Naranjerok sakelaratzen zuten, harik eta ikaskide batek salatu eta txiringitoa itxi behar izan zuten arte. Mikel Soto eta Iñaki Soto anaiek kontatu dute pasadizo hori, Unamunoren biografia polit batean: “Miguel Unamunokoa” du izena, halaxe izenpetzen baitzituen garai erromantikoan bere testuak, Miguel Unamunokoa. Poesia batzuk euskaraz idatzi zituen.
Hil ostean ere, are XXI. mendean, Unamunok, liburuak eta filmak ez ezik, ekintza bortitzak ere eragiten jarraitzen du. Adibidez, orain dela zenbait urte gizon batek Unamunoren estatuako burua aurkitu zuen Bilboko itsasadarreko uretan, kirol-poltsa batean sartua. Unamuno pozarren zegokeen. Oso ondo ulertzen zuen “herostratismo” delakoa. Herostratok Artemisen tenplua erre zuen, Heraklitoren sorleku Efeson kokatua, munduko zazpi mirarietako bat, soilik famatua izateko, famak nolabaiteko hilezkortasuna ematen baitu. Eta, Unamunoren ustez, bihotzak hilezkortasuna nahi du. Hasierako kolpean hilezkortasun pertsonala gura du, ni neu, nire txapela, aterki, akats eta berezitasunekin betirako bizirik. Ez ni modu inpertsonal batean energia kosmikoan urtu, baizik eta nire izen-abizenekin eta nire betaurrekoekin. Horixe nahi du sentimenduak. Haatik, adimenak zalantzak ditu, ez du batere garbi ikusten, ohartzen da hilezkortasuna giza desira ulergarri bat dela baina errealitateak ez dio beteko den itxaropenik adierazten. Barne gatazka, hortaz. Hori da pertsona izatea. Gatazka hori bizi ez duenak gehiago ei du astotik gizakitik baino. Giza bizitza ezinbestez da tragikoa.
Hilezkortasun pertsonal betea, adimenak dioenez, zalantzagarria baldin bada, badugu ordezko zurbil bat: ospea. Herostratok bezala, Unamunok ere kosta lain kosta bilatu zuen ospea, hilezkortasuna bermatzeko.
Mikel Garmendia irakurle, idazle eta itzultzaileak ekarri zigun euskarara “Laino”. Ez da nobela, baizik eta nivola, hau da, Unamunoren liburu sailkaezina. Hor bada herostratismoak jotako pertsonaia xelebre bat, osaba Fermin: ketuak ditu beti betaurrekoak eta esperantoz mintzo zaio edonori: ospea lortzea du helburu, ergelarena bada ere. Hobe hil osteko fama, ergelaren memoria utzi arren. Gurago ospe beltza ezereza baino.
Arrazoi eszeptikoaren eta eternitate nahiaren arteko barne gatazka horiek batez ere “Bizitzaren sentimendu tragikoaz” liburuan adierazi zituen Unamunok. Xabier Kintanak euskaratua, Klasikoak bilduman dago. Oihartzun zabala izan zuen liburu horrek nazioartean. Gutunak idazten zizkieten elkarri Unamunok eta Bertrand Russell, Benedetto Croce edo Henri Bergsonek, garai hartako filosoforik ezagunenak Europan eta Ameriketan. Woody Allen ere oso da Unamunozalea, bilbotarra bezainbeste larritzen du erabat desagertu beharrak, ehun urte barru gugandik arrasto txikiena ere ez geratzeak, ezta inoren oroimenean ere. Unamunoren kasuan, ehun urte baino zehatzago, jo dezagun bost mila urte barru.
Unamuno eta Herostrato
Arestiri on Markos
Fama nazioartekoa zeukan filosofo euskaldun bakarra zela eta, gazteagotan “Bizitzaren sentimendu tragikoaz” entseiatu nintzan irakurtzen frantsesez eta euskaraz ere eta ondikotz laster utzi irakurtzeari.
Zailegi zen ala aspergarri, ez dut gogoratzen. Zuk irakurria dukezu hainsegur? zer deritzozu obra horri?
Bai, irakurri nuen, baina ez dut barruan sentitzen Unamunorentzat erabakigarria den arrazoiaren eta bihotzaren arteko gatazka hori. Saiatu naiz kezka hori neure egiten, baina ezin esfortzuaren kutsua ezabatu eta barne-borroka naturaltasunez bizi. Hots, Unamunok “ez gizaki baizik asto” deituko lidake. Unamunok esaten badu: “Neure aldetik, pentsa ezinak ditut beren hil ondoko iraunkortasunaz seguru ez dauden bihotzaren askatasuna eta kontzientziaren lasaitasuna”, nik justu alderantziz ikusten dut, problematikoak zaizkit beren hil ondoko iraunkortasunaz seguru daudenen bihotzaren askatasuna eta kontzientziaren lasaitasuna.
Hondarribiako Institutuan “San Manuel Bueno, mártir” irakurrarazi ziguten eta polita iruditu zitzaidan. Unamunoren barne-gatazka horrek bizi du protagonista ere, baina, nobela-moldean emana denez, atseginagoa gertatzen da.
Beñat, bide batez: orain Frantzian hirutasun saindu gisako bat dugu filosofian, Comte-Sponville, Ferry eta Onfray. Horiek dira bederen hedabideetan nagusi. Eta non dira emaztekiak? Baten bat nabarmenduko zenuke?