Udaltopek hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak jasoko ditu IX. edizioan
Udaltopek hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak jasoko ditu IX. edizioan
Udaletako Euskara Zerbitzuen topaketa 2017ko maiatzaren 11n eta 12an egingo da Lasarte-Oriako, Manuel Lekuona kultur etxean
Udaltopeko ordezkariak hizkuntza ohiturak gaia aukeratu dugu aurtengo ediziorako. Gaia aukeratzeko hari mutur nagusiak izan dira han eta hemen egin diren, egiten ari diren eta egin nahi diren esperientzia berriak. Zer dira ohiturak? Eta hizkuntza ohiturak? Hizkuntza portaerak aldatzeko ekimenek lagunduko al lukete euskararen erabilera areagotzen? Topaketetan galdera horiek eta antzeko beste hainbat jorratuko dira.
Gaia aukeratzeko garaian, han eta hemen egin diren, egiten ari diren eta egin nahi diren esperientzia berriak izan dira hari mutur nagusiak. Eta esperientziekin batera, orain arte egin diren ikerketen berri ematea da Lasarte-Oriako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren asmoa.
Egitarau oparoa osatu dute antolatzaileek, bost hitzaldi, bi mahai-inguru, proposamen berri baten aurkezpena eta proposamenari egindako ekarpenak jasotzeko saioa, bideo emanaldi bat eta amaiera ekitaldia izango ditu.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko bi esperientzien berri emango da: Aguraingo 75 ordu euskaraz eta Lasarte-Oriako Baietz 40 egun euskaraz. Beste hiru hitzaldiak hausnarketak izango dira, hirurak soziolinguistikaren ikuspegitik. Horretarako hiru aditu gonbidatu dira: Miquel Strubell ibilbide oparoko Kataluniako soziolinguista, Estibaliz Amorrortu Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Xabier Aierdi EHUko soziologoa. Strubellek hizkuntza ohituren aldaketen testuingurua aztertuko du, “errealitateak eta mitoak”; Amorrortuk hiztun berriak eta hizkuntza ohituren aldaketa; eta Aierdik, ulermenaren mapa izango du hizpide, hau da, euskaraz hitz egiteko gai diren eta euskaraz ulertzeko gai diren herritarrekin osatutako mapa.
Halaere, ostiraleko saioari arreta berezia jarri diete Estibaliz Alkortak Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Euskaltzaleen Topagunea elkarrekin gauzatzen ari diren gizarte-aktibazio egitasmo baten berri emango baitute. Euskarak 365 egun ekimenetik abiatuta, eta herriz herri aktibatzen ari diren dinamikak aintzat hartuta, hizkuntza praktikaren bueltan euskaltzaleak aktibatzeko proiektua aurkeztuko dute.
Onintza Iruretak eta Garikoitz Goikoetxeak, hurrenez hurren Argiako eta Berriako kazetariak mahai-inguruak gidatuko dituzte. Eta jorratuko diren gaiak: hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak eta halako esperientziak beste esparrutan aplikatzeko bideka izango dira.
Udaltopeko albiste guztiak webgunearen eta sare sozialen bitartez jarraitzeko aukera izago da, unean uneko albisteak, berrikuntzak edota jakin beharreko guztiak argitaratuko dituzte bertan.