Udalerri euskaldunenetan hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna gakoa dela nabarmendu dute ‘Erronkak’ jardunaldian
Udalerri euskaldunenetan hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna –
Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak jardunaldia izan zen atzo Donostian, EHUren Carlos Santamaria zentroan, UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean antolatuta. Bertan bildutako euskara teknikariek, udal ordezkariek, ikerlariek eta euskararen biziberritzean diharduten profesionalek euskaldun proportzio altuena duten udalerrientzat aurrera begira ikusten diren erronka nagusien inguruan jardun zuten.
Maddi Etxebarria, Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak, Josu Labaka, UEMAren lehendakariak eta Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak jardunaldian planteatu ziren gaiak euskararen biziberritzeari begira funtsezkoak direla eta aurrerantzean ere ikertzen eta egitasmo berriak sortzen jarraitu beharra izango dela azpimarratu zuten.
Mikel Zalbide, hizkuntzaren soziologian ikerlaria arduratu zen irekiera hitzaldiaz. Nazioarteko soziolinguistika akademikoan arnasguneen gaia kokatu ostean, bere iritzian aurrera begira herri euskaldunenetan euskararen egoera eta erreprodukzioa bermatzeko hiru gako nagusi azpimarratu zituen: estabilizazio demografikoa, ingurune horien bideragarritasun sozioekonomikoa bermatzea eta komunitate horietan hizkuntza bakoitzaren funtzio sozialaren inguruan euskarari nagusitasunezko tokia ematen dion adostasuna lortu eta aplikatzea.
Iñaki Agirreazkuenaga zuzenbidean katedradunak legediak ezartzen dituen aukera eta mugen inguruko galderei erantzun zien. Alde batetik, legediaren ahalmena erlatibizatzeko zenbait azalpen eman zituen: legeak aldatu gabe hauen aplikazioa aldakorra izaten dela denboran zehar, esate baterako. Euskararen Legea, zenbaitetan euskararen aurkako tresna ere izan daitekeela eta izan dela adierazi zuen. Zentzu horretan, legeen aplikazioa sarri legelari eta abokatuen abileziaren araberakoa dela kontuan hartuz, udalerri euskaldun eta arnasguneetan euskarari lehentasuna emateko neurri ausartak emateko aukera badagoela argitu zuen; horren muga euskara ez dakiten herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea litzateke, beti ere.
Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak 76 udalerritako kale erabilera neurketaren emaitzak aurkeztu zituen: UEMAko herri gehienetan eta Tolosaldeko herrietan egindako neurketa berezia izan da. Guztira 54.700 elkarrizketatik gora behatu dira. Aztertutako datuetan oinarrituz, herriok sailkatzeko tipologia berria proposatu zuen Altunak. Honen arabera, ikus liteke euskaldun proportzio altuena duten herrietan, badirela zenbait ezingo genituzkeenak arnasgune kategorian sartu; izan ere, kaleko erabilerari erreparatuta ezin da esan euskarazko jarduna nagusi denik bertan.
Jardunaldiari amaiera emateko, arratsaldeko mahai-inguruan tokiko errealitateei gertuagotik eta hainbat ikuspegitatik begiratu zitzaien. Goizane Aranak Bermeo eta Ondarroan egindako ikerketaren ondorioak mahai-gaineratu zituen; Imanol Azkue Zumaian azaleratutako errealitateaz aritu zen, Alberto Barandiaranek tokiko hedabideek joka dezaketen papera landu zuen eta Unai Fernandez de Betoñok, berriz, lurralde antolaketa kontuan hartu beharra azpimarratu zuen. Miren Segurola moderatzailearen galderei erantzunez, bakoitzak bere jarduera-esparrutik arnasguneentzat ikusten dituen erronkak ere proposatu zituzten.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalerri euskaldunenetan hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna gakoa dela nabarmendu dute Erronkak jardunaldian (uema.eus, 2017-11-22).
· Mikel Zalbide: “Arnasguneetan ez da eztabaidatzen zein hizkuntzatan egin behar den” (argia.eus, 2017-11-22).
· Los municipios con más euskaldunes precisan de políticas lingüísticas propias (El Diario Vasco, 2017-11-23).
· Herri euskaldunak eta arnasguneak (Berria, 2017-11-23).
· Herri euskaldunen kaleko hatsa (Berria, 2017-11-23).
· #Erronkak jardunaldiaren laburpena eta zuzeneko kontakizuna: (uema.eus, 2017-11-22).
· Kronika: udalerri euskaldunenetan hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna gakoa dela nabarmendu dute (soziolinguistika.eus, 2017-11-22).