#Txiotesia7 lehiaketa maiatzaren 14an egingo da

#Txiotesia7 lehiaketa maiatzaren 14an egingo da –

UEUk 7. aldiz antolatuko du Txiotesia lehiaketa maiatzaren 14an. Bertan parte hartuko duten ikertzaileek beren tesia X/Twitter-eko 6 txiotan edo Mastodon-eko 3 tutetan laburtu beharko dute. Bi urterik behin egiten den ekimen honen helburuak euskal ikertzaile gazteak eta haien lanak ezagutaraztea eta euskarazko zientziaren dibulgazioa sustatzea dira. Edizio honetan X (lehengo Twitter) sare sozialaz gain, Mastondon-en ere parte hartu ahal izango dute ikertzaileek.

Parte-hartzaileek Mastodon-etik edo X/Twitter-etik zabaldu behar dute beren ikerketa-lana eta bi irabazle izendatuko dira: Ikertzaile ulergarriena (500 €) eta Ikertzaile originalena (300 €).

Epaimahaia

  • Bitor Alonso Fradua (Mundaka, 1983): Kazetaritzan lizentziatua da (EHU). Komunikazio politiko eta enpresarialean du masterra (Camilo Jose Cela Unibertsitatea) eta Komunikazioan da doktorea (EHU). Gaur egun EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio-arduraduna da. Txiotesia lehiaketako 5. eta 6. edizioetako parte-hartzailea ere bada.
  • Galder Gonzalez Larrañaga (Barakaldo, 1982): Geologia ikasi zuen EHUn eta Primatologia Bartzelonako Unibertsitatean. “Euskal Pentsamendu Kritikoa XX. eta XXI. mendean” masterraz gain, UEUren “Humanitate Digitalen aditu titulua” ere egin du. Dibulgatzailea eta wikilaria da eta gaur egun doktoregaia da EHUko Filosofia Fakultatean.

  • Maite Luengo Aguirre (Arrigorriaga, 1995): Artearen Historian doktorea da eta EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea. Euskal Herriko arte garaikidea ikertzen du genero-ikuspuntutik. UEUko Talde Eragileko kidea da eta Txiotesia lehiaketako 5. eta 6. edizioetako parte-hartzailea ere bada.

  • Jone Mitxelena Sanchez (Barakaldo, 1985): Biokimikan lizentziatua da (EHU) eta Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktorea (EHU). Ikerbasque ikertzailea da Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean (EHU).

  • Olatz Perez de Viñaspre Garralda (Gasteiz, 1987): Informatikaria eta Hizkuntzaren Azterketan eta Prozesamenduan doktorea da. EHUko irakasle eta ikertzailea eta UEUkidea da. Txiotesia lehiaketako 1., 3. eta 4. edizioetako parte-hartzailea ere bada.

Sari-banaketaren ekitaldia

Maiatzaren 30ean sari-banaketaren ekitaldia egingo dute Eibarko Markeskoa Jauretxean, 18:00etan. Bertan, irabazleak nortzuk diren jakiteaz gain, Miren Iraeta Orbegozo, Oihane Mendizabal Sandonís eta Sofia Marcos Basagoiti ikertzaileek egiten ari diren ikerketa-proiektuari buruzko hitzaldia emango dute (Euskal Herriko pottoken jatorria eta ondarea). Ikerketa-proiektu hori UEUk sustatu du BadaLab-en laguntzarekin, eta hitzaldi horretan ikertzaile bakoitzak bere arloa aurkeztu (Arkeologia eta Biologia Molekularra) eta jakintza horiek diziplinarteko proiektu batean nola elkartzen dituzten azalduko dute.

INFORMAZIO GUZTIA IRAKURRI

ueu

#Txiotesia7 lehiaketa maiatzaren 14an egingo da

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude