Turismo soziala euskaraz

Turismo soziala euskaraz –

Astebete pasatu dute Katalunian gure lagun batzuek, Imsersok emandako aukera probesturik. Bide batez, haiek bezala, inor ezagutzen ez zutela joandako bikote katalan bat egin dute lagun. Montserratera joan dira, Vendrellen dagoen Pau Casalsen museora, Bartzelonara…

Turismo soziala euskaraz
Arg: Montserrat

Ezinbestean, bikote euskaldunaren eta bikote katalanaren arteko lokarria gaztelania izan dute. Hori bai, ez dute azaldu beharrik izan zergatik egiten duten euskaraz euren artean. Katalan bikoteak ere euren artean katalanez egiten zuen, euskaldunei azaldu beharrik izan gabe, zergatik egiten duten horrela: katalanak sentitzen direlako noski!

Montserratera taldean joan omen ziren. Ikus-entzunezkoa gaztelaniaz jarri zieten; baina eguerdi inguruan, emakume bat katalanez luze mintzatzen entzun ahal izan zuten basilikako aldaretik, Montserrateko santutegiak gaur egun irudikatzen duen espiritualitateaz; luze eta basilika bisitariz nahiko betea zegoela. Egiaztatu ahal izan zuten Montserraten behintzat, oraindik baduela indarra katalanak. Hango liburu-dendan sartuta, berdin: zenbat liburu katalanez, hizkuntza hartan sortuak eta itzuliak; klasikoak eta modernoak, egun herritar arruntek maizenik irakurri ohi dituztenak barne. Euskaldun bikoteak hala omen zioen bere artean: liburu-aukera hau izango bagenu euskaraz, pixkanaka, agian, euskaraz irakurtzeko ohitura orokortuko litzateke.

Pau Casalsen museora beren kabuz joan bide ziren bikote katalana eta euskalduna, ez bidaia antolatuan, eta ikus-entzunezko argigarria ikusi eta entzun ahal izan zuten katalanez. Ikus-entzunezkoari esker, hobeto jabetu omen ziren zer-nolako arrakasta eta eragina izan zuen Pau Casalsek biolontxelo-jotzaile eta orkestra zuzendari bezala, eta katalantasuna munduan zabaltzeko ere bai, ez baitzeukan hark erbestean, katalan nazioa goresteko batere erreparorik: demokraziaren sehaskatzat aurkezten zuen Katalunia; harro agertzen zen katalana izateaz.

Zenbat euskaldun bikotek edo norbanakok erreparatzen diote horri egungo egunean; hots, sozializaziorako hainbat egoeratan gaztelania behar-beharrezkoa izateari eta, aldiz, euskara baztertu beharra gertatzeari. Eta, jakina, hizkuntzarekin batera, erreferentzia kultural-historikoak eta abar. Burura etortzen zaizu: noiz egin ahal izango dugu turismo soziala Euskal Herrian?, imajinatzen: EAEk gizarte segurantzaren eskumena bereganatu du, eta euskaraz bizi nahi duten erretiratuentzat, euskarazko irteerak antolatu ditu, Euskal Herri osoa aintzat harturik, betiere euskara ardatz delarik. Zientzia-fikzioa?

Geopolitika badakigu nola daukagun. Europar eliteek babesletzat zeukaten estatu boteretsua, politikoki eta ekonomikoki europarrok zigortzen ari den honetan, berrarmatze eta berrindartze politiko-komertzialaren aroan sartuak gara, AEB, Errusia eta Txinaren aurrean, europar gisa pisu indartsuagoa izateko. Geopolitikan, AEBen morroi esaneko izango ez den Europa burujabeago bat behar dugun bezala, euskaldunok berrindartze politiko-kultural-linguistikoaren premia bizian gaude.

Gure hizkuntzari eta nazioari dagozkion gaietan, EAJ eta EHBildu elkarrengana gehiago hurbildu ezean, oldarraldi judizialaren aurrean bat egin eta euskararen lege zaharkituak hobera aldatzeko gehiago egin ezean; euskara unibertsalizatzeko eta euskaldunok euskaraz bizimodu duina egiteko modua lortzeko ahaleginak biderkatu ezean –osakidetzan, ertzaintzan, lan-munduan eta aisialdian; liburugintzan, mundu digitalean; ikus-entzunezkoetan–, ez dago aztia izan beharrik jakiteko gero eta asimilatuago eta gero eta ezaxolago bilakatuko garela gure euskalduntasunarekiko.

Eta ikuspegi aski edo oso orokortu honi galga jartzeko: kasik edozein bilera eta harreman sozialetan gaztelaniaz egitera behartuak gaudela, eta zer? Ba ez dakigu ba!; sinesmen handia behar dugu honako ikuspegi hau gailenarazteko gure burmuinean: gogor egiten badugu, bizi-aukerak zabaltzea badaukagu gure nazioari, euskaran funtsaturiko nazioari.

Eta, jakina, horixe galdegiteko gure ordezkariei, eta erakusten duten ahaleginaren arabera emateko botoa eta babesa. Euskal Herrian, euskaldun gisa, bizimodu duina izateko modua prestatu beharrean gara, ezinbestean, eta lehenbailehen! Boluntarismo idealista hutsak ez digu balio eta pragmatismo errealista hutsak erdal itsasora garamatza. Turismo soziala Euskal Herrian euskaraz ere bai: prefosta!

Turismo soziala euskaraz  Turismo soziala euskaraz

Saiakera-idazlea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude