Tresnak eta formakuntza
Tresnak eta formakuntza –
“Ibiliz ikasten da ibiltzen, eta kantuan kantatzen”. Horixe izan da aste honetako ikasgaietako bat C2ko taldeetan. Helburua ez zen abesten edo oinez ikastea, gerundioa behar bezala erabiltzea baizik. Zer pentsatua eman dit jarduerak, eta irakasten nola ikasten dugun galdetu diot neure buruari. Askori entzun diot batzuk irakasle jaio direla, baina ikasi ere egin daiteke. Izan ere, laguntzeko nahia eta jarrera oinarrizkoak izanik ere, teknikak ere laguntzen du.
Eskolan aspaldi hasi ginenok hainbat joera didaktiko baliatu ditugu, eta batzuk sufritu. Oraindik dauzkat gogoan solfeoko “teoria” liburu gogaikarri haiek, erdaraz denak, “pentagrama”, “intervalo”, “sincopa”… zer diren buruz ikastera bideratuak. Baina, azterketan galdetu egiten zuten, eta ikasi behar.
Didaktika arloan asko idatzi izan da metodologia bakoitzaren inguruan, gehienetan aurrekoak zuzentzera begira, eta, sarritan, haien aurka. Hizkuntzaren irakaskuntzan, esaterako, errepikapenean oinarritutako metodo audiolinguala, morfema eta lexemak bereiztera bideratutako estrukturalak, aditz eta izen sintagmen eta zuhaitz sintaktikoen gramatikalak, testuen arkitekturan oinarritutakoak… Baina askotan curriculumak idazten dituztenak urrun egoten dira ikasgeletatik, eta irakasleak galduta ibili ohi dira irizpide berriak eskolara nola eraman asmatu ezinik.
Horrelakoetan, sarritan, ikasleak kontzeptu berriekin bonbardatu, eta kontzeptu metalinguistikoek behar baino espazio handiagoa hartzen dute ikasketa-prozesuetan. Izan ere, lagun batek dioen bezala, badira irakurtzen ez dutenak baino arriskutsuagoak: liburu bakarra irakurri dutenak.
Egun kohesioa, koherentzia, egokitasuna… dira totem berriak, eta institutuetako gazteek eta euskaltegietako helduek horien beldurrez eratzen dituzte artikulu eta monologoak. Baina, egungo euskara irakasleon helburua litzateke ikasleek euskara erabili eta gozatzea, eta egun ditugun testu teoriko-didaktikoak helduleku egokia izan daitezke hori lortzeko.
Kontua da irakasle gehienek metodologia bakoitzaren abaroan sortutako baliabide didaktikoak erabiliz barneratu ohi dituztela jokamolde berriak, hau da, ariketa motek erakusten digute nola irakatsi. Jakina, tresna horiek ezagutza teorikoekin uztartuta, emaitza askoz hobea izango da. Horregatik, material didaktiko egokietan eta formakuntzan inbertitzea funtsezkoa da ikasle eta irakasleok ikas dezagun.
Kantatzen ikasi eta kantatuz gozatzeko ere kantak erakutsi eta teknika egokiak eskura jarri behar dizkiegu ikasleei; eta kantarazi, sinkopak eta interbaloak zer diren ez badakite ere.