Trebetasunak
Trebetasunak –
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean, eta ez bakarrik ikasketekin lotuta. Erreparatu, bestela, zuen inguruan dituzuen gazteei eta nerabeei. Zein ikasketa aukeratu? Zein ibilbide eta ikasgai hautatu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan? Lanbide Heziketa edo Batxilergoa? Gradu bat edo goi mailako ziklo bat? Zer ikasi unibertsitatean edo zein lanbide aukeratu? Hamabi edo hamahiru urterekin euren etorkizuna baldintza lezaketen erabakiak hartzen hasiko dira.

Hasieratik, orientabidea ezinbestekoa izango da, batez ere nerabeak edo gazteak bidea ez badu argi ikusten. Horri esker, ikasleek jakin dezakete ikasketa zehatz batzuek zein aukera profesional eskaintzen dituzten, baita bere interes, zaletasun eta gaitasunekin bat datozen aukerak aztertzeko eta identifikatzeko laguntza eskuratu ere.
Garbi azaltzen zaie arrakasta profesionala ez dagoela, jada, ikasketen bitartez lortutako ezagutzaren edo trebetasun gogorren (‘hard skills’) mende soilik; aitzitik, orain dela gutxira arte hainbeste baloratzen ez ziren gaitasun bigunak (‘soft skills’) gero eta garrantzitsuagoak direla.
Aste honetan, gure institutuko ikasleekin izandako saio batean horietaz mintzatu zaizkie… Gaitasun teknikoak jakintza zehatzak eta espezializatuak dira, prestakuntza formalaren bidez lortzen direnak, neurtu eta ebaluatu daitezkeenak, eta askotan, lan munduan arrakasta izateko beharrezkoak diren trebetasunak izaten dira. Zeintzuk dira enpresetan gehien eskatzen diren trebetasunak? Bada, honakoak nabarmendu ohi dituzte: informatikarekin eta teknologiarekin lotutakoak, finantzak eta kontabilitatea, ingeniaritza eta zientzia, proiektuen kudeaketa, datuen kudeaketa eta beste hizkuntza batzuen ezagutza, batez ere nazioartean aritzeko erabilgarrienak direnak… Pentsatu nahi dut Euskal Herriko enpresen artean, euskara ere badela trebetasun gogorren kategorian sartzen den hizkuntzetako bat. Esan bezala, hizkuntzen ezagutza, oro har, trebetasun gogorren kategorian sartzen da, izan ere, hizkuntza bat ikasteko edo erabiltzeko gaitasuna neurtu daiteke eta norberaren profesionaltasunaren parte izan daiteke, batez ere enpresa edo sektore batean lan egiteko beharrezkoak diren hizkuntza jakintza teknikoak dituztenean.
Trebetasun bigunen artean, ordea, hauek dira enpresen artean eskari handiena dutenak: talde-lana, komunikazio asertiboa, lidergoa, pentsamendu kritikoa, erresilientzia, arazoak konpontzeko gaitasuna, antolaketa eta denboraren kudeaketa, aldaketetara azkar egokitzea eta egoera berrietara moldatzeko gaitasuna izatea, etengabeko ikaskuntza, etab. Gorago aipatu bezala, hizkuntza jakitea trebetasun gogor horietako bat izan daiteke, baina komunikazio edo interakzio sozialetan nola aplikatzen den eta nola erabiltzen den, trebetasun bigun bihur daiteke. Berebiziko garrantzia du, horrenbestez.
Euskara erabiltzea goiko trebetasun bigun hauen artean funtsezkoa izan daiteke, batez ere euskal hiztunekiko komunikazio eraginkorra bermatzeko beharrezkoa izanik; horregatik, euskara erabiltzea giza-trebetasun bat izan daiteke. Era berean, kulturarteko komunikazioa eta errespetua bezalako trebetasun bigunak ere barne hartzen ditu, euskara erabiltzea euskal kulturaren onarpena eta harekiko errespetua adierazten duen praktika gisa ikusi daiteke. Gainera, lan eremu batean euskaraz hitz egiten duten kideekin hizkuntza erabiltzeak, talde-lana eta lankidetza bezalako funtsezko trebetasunak lantzeko aukera ematen du. Hizkuntza sozializaziorako tresna bat da, talde baten kohesioa eta konfiantza sortzen eta areagotzen dituena. Bestalde, euskararen erabilera pertsonen artean harreman ona izateko eta beharrezko komunikazioa ahalbidetzeko funtsezko trebetasun sozial bat da. Lan-giroan euskara erabili edo ez erabili, zein egoeratan erabili, norekin, nolako jarrera erakutsi euskara erabiltzen duten eta erabiltzen ez duten lankideekin… kontziente ala inkontzienteki, halako erabaki asko hartzen dituzte langile euskaldunek, eta lan-munduan murgilduko direnek horiek aurrez landu beharko lituzkete.