Sustrairik gabe lorerik ez
Sustrairik gabe lorerik ez –
Noiz galdu zen identitatea eta hizkuntzaren arteko konexioa?
Aurreko batean, lagun artean eta taberna giroan geundela, EGAri buruzko eztabaida suertatu zen. Gaur egun, askoren ustetan, ez da bidezkoa D ereduan ikasi duenari EGA bezalako ziurtagiri bat eskatzea. Izan ere, ziurtagiri horren jabe behar luketela uste dute, euskaraz ikasi baitugu eta euskaldun sentitzen baikara. Baina hori horrela eskuratzea zilegi al da?
Euskararen uste oker, hedatu eta sustraituei buruzko eztabaidetan, baita EGAren ingurukoetan ere, hainbatetan entzun izan ditugu honelako argudioak: “Eta zergatik ez dute gaztelaniazko froga edo ziurtagiri bat eskatzen?; Gainera, ia inork ez du EGA azterketa gainditzen!; Nirekin Leitzako batek azterketa egin zuen eta suspenditu egin zuen!; Euskaldun zaharrek ere zail dute gainditzeko!; Euskaltzaindiak egunero aldatzen dituen arauak jakitea ezinezkoa da!; Hizkuntzak elkar ulertzeko dira!”.
Gogoratu beharrik ez da EGA azterketa egitea ala ez eta noiz egin, norberaren hautua dela. Kontuan izanik, gainera, soilik administrazioan (maiz hor ere ez) dela puntuagarri. Azken honetan, lan egiteko beste baldintza batzuk onartzen ditugun bezala (dagokion titulua, administrazioko esperientzia baloratzea, kurtsoek emandako puntuak, etab.) EGA eskatzea ere onartu beharko genuke.
Eztabaidaren hasieran, bat-bateko ideiak etorri zitzaizkidan burura: ea nola den posible gaztelaniaren eta euskararen arteko analisi parekidea egitea, bi maila (edo egun esaten den bezala) liga oso ezberdinetan dauden biak maila berean jartzea. Izan ere, bata hizkuntza gutxitua da eta bestea, ez. Horrez gain, azaldu beharrik ez da gutxiengo bat garela eta hizkuntza honek jasan eta pairatzen dituen erasoak etengabeak direla. Gainera, esan beharra dago bigarren paragrafoan adierazitako ideiek euskararen balorazioaren kontra dihardutela soilik eta euskararen indartzearen xenda horretatik aldentzen gaituztela. Horrelako jarrera eta diskurtso zabalduek ez diote euskarari batere mesederik egiten, ez diote euskaren mundura hurbildu nahi dutenei edota jada gaudenoi laguntzen.
Lagun arteko eztabaida hark aurrera egin ahala, pixkanaka burura galdera eta zalantza gehiago etorri zitzaizkidan: D eredutik ateratzen den oro euskalduna da? Euskara maila ona dute ikasle horiek? Zer da euskara maila ona edukitzea? D ereduan bi ikasgai (hiru ere bai batzuetan) izaten dira euskaraz ematen ez direnak eta halere, euskaraz erraztasunez aritzeko arazo larriak daude.
Are gehiago, lotsaz gorritu beharko gintuena da euskararen menperatze maila beste ikasgaien azpitik dagoela, ikasgai gehienak euskaraz ematen badira ere. Arrazoi asko daude tartean: zenbait irakasleren euskara maila, ikasleen familia eta lagunen ingurunea, erreferente ia guztiak erdaraz izatea, eremu erdaldun batean bizitzea, … Eta nola ez, begi bistan gelditzen da berriz ere (nahiz eta maila ona zer den argi identifikatu ez), bi mundu ezberdinez ari garela. Asko dira gaztelaniaz azentu markak, H-ak, B edo V-ak, eta horrelakoak gaizki erabiliko dituztenak, baina kezkagarriagoa da pertsona horiek berak ez direla euskaraz begi bistan dutena zuzen deskribatzeko gai, adjektibo bat baino gehiago erabiltzeko, edota zer esanik ez euskaraz gaztelaniaz baino akats gutxiago egiteko. Ttiki-ttikitatik ikasi dugun hizkuntza bat ez menperatzea ez al da larria? Nola eska dezakegu, esan nahi duguna adierazteko erdarara jotzen dugunean maiz, gaitasun aski badugula ziurta diezaguten ikasketak euskaraz egite hutsagatik? Edozein esparrutan dela ere, nola eta zergatik eskatu frogatu ez dugun maila edo jakintza baten ziurtagiria? Dena dohainik nahi al dugu?
Egun batzuk pasa ondoren, euskararen haritik tiraka, barrurago begiratuta, nire baitan nengoela, beste hainbat galdera sakonagoak etorri zitzaizkidan burura: zergatik gaizki hitz egitearekin konformatu? Zer maitasun klase da norberaren hizkuntzarentzat, zer errespetu? Gure izaera definitzen duen zerbait horrela tratatzea, ez al da gure burua gutxiestea? Euskaldun izateaz nekatu gara? Euskaldun izatea neketsu ote? Euskaraz bizitzeko egin behar izaten ditugun ahaleginak akitu gaitu? Korrontearen kontra behin eta berriz eginagatik nekea iritsi zaigu eta erdal inperialismoaren argudioak onartu ditugu? Noiz galdu zen identitatea eta hizkuntzaren arteko konexioa?Zein momentutan saldu genion geure arima globalizazioari? Irudipena dut, aurreko hamarkadetan ilusioak, idealak edota sistema bati aurre egiteko borondatea handiagoa zela. Borroka eta ahalegin handia euskararen ofizialtasuna eskatzeko, gau eskolak eta ikastolak sortzeko, euskararen aldarrikapena eta balioaren aitortza erdiesteko eta beste abar luze baterako. Ez da soilik ahal izatea, baizik eta nahi izatea, zeren euskaraz ikasi, lan egin eta bizitzeko aukerak handitu egin dira, baina nahiak eta gogoak gutxitu.
Esandako hauekin guztiekin nire burutazio, hausnarketa eta, batez ere, galderak partekatu nahi nituen, norberaren akatsen jakitun eta jakinik bakoitzak erantzun desberdin bat emanen diola galdera edota ekarpen guzti hauei.
Guztiz ados Adur. Ni neu irakaslea naiz eta D eredutik irtetzen duten ikasleak ikusi ohi dutu, GAI EZ DIRENAK EUSKARAZ IRAKURRI ETA HITZ EGITEKO, eta ez maila altuan, soilik irakurri eta hitz egin elkar ulertzeko!! Tristea benetan, eta orain gainera jendea titulu eske?? Inglesekoa eskatu dezatela, ia zer erantzuten dieten…
D eredua ikasle eta ikastetxe guztietara zabaltzeak ondorio hori izan du: ikasleak erdizka hitz egiten duten hizkuntza batean ikasten, hizkuntza hori menperatzen ez duten irakasleen eskutik. Sakrifizio itzela egiten ari gara, belaunaldi osoak ezjakintasunera eta mediokritatera kondenatzen bizitzan sekula erabiliko ez duten hizkuntza batez erdizka jabetu daitezen eta ikasketak amaitu eta gutxira erabat ahaztu dezaten. Egunen batean norbaitek esan beharko du Erregea bilutsik dagoela; nola ulertzen da, bestela, Castilla-Leongo ikasleek emaitza hobeak izatea PISA proban EAEn gastatzen denaren erdia gastatuta ikasleko?
Hausnarketa interesgarriak, Adur.
Nik galdera bat egingo dut. Zergatik existitzen ziren oraindik euskaldun elebakarrak XX.mende bukaeran? XIX.mende erditik derrigorrezko eskolatzea zegoen gazteleraz (nahiz eta sarritan piper egiten zen, artean). Beraz, nola liteke nire aiton-amonak euskal elebakar hil izana, eskola gazteleraz jaso bazuten? Ba gaurko gazte erdaldunek D ereduan aritu arren euskara ikasten ez duten arrazoi berberengatik.
Eskola espainolak ez zituen euskaldunak erdaldundu mendeetan, gogora dezagun. Euskal Herria inmigrazioekin erdaldundu zen, eta inmigrazio horien ondorengo generazioekin mantentzen da erdaldunduta. Kito. Ez dago besterik.
Orduan zein da gakoa? Zergatik ez ziren erdalduntzen antzinako euskaldunak, eta zergatik ez dira euskalduntzen gaur erdaldunak? Ba beste Herri baten parte sentitzen zirelako orduan haiek, eta direlako orain hauek. Eta Herrien arima beren hizkuntza da. Guztia dago maila psikologikoan.
Euskal Herriak (euskarak) arazo oso oso oso larria dauka, eta da inmigrazioen eraginez gehiengo demografiko bat gaztelarra sentitzen dela, gaztelar-baskoa, deitu nahi duzun moduan. Gaztelera da berek maite duten hizkuntza, garaiko euskaldunek euskara maite zuten moduan. Eta hori, jaun andrekok, ez du eskola batek ere garaitzen.
Juleni: inmigrazioa, Julen, dudarik gabe faktore bat da, baina ez bakarra. Nafarroan ez zen inmigraziorik izan, baina 1850-1900, tarte horretan euskarak izagarrizko atzerkada egin zuen, Tafalla hurbiletik hasi eta Ultzama jo artio. Edo Erronkaritk Ultzamaraino. Esan dizudana, inmigrazioaz gain, beste faktore aunitz dago euskararen atzerakada ikaragarrian
Artikulu honen gauza batek harritu nau: gazte bat gazteengan ikusten duena hain xaloki aitortzea.
Euskararen etorkizuna nola atxeman ez du esaten, erremediorik ez du ematen, baina gaitzaren larria onartzen du; eta hori da edo izan beharko luke lehen pausoa
Kaixo, A, bai eta ez. Egia da autogorrotoa eta autolotsa sorrarazte prozesuan efikazia nahikoa badago, inmigraziorik gabe ere suntsi litezkeela Herriak. Menderakuntza politikoa oso indartsua bada, hau da, instituzioek efikaziaz jokatzen badute eta egoera soziologikoak errazten badu, autogorroto eta autolotsa (menderakuntza psikologikoa) agerrarazi daiteke, baita inmigraziorik gabe ere (Nafarroako pirinioak, XIX-XX.mendeetan). Baina ia-beti inmigrazio dosi bat eskatzen du, nazio zapaltzailetik nazio zapaldura. Ia-ia beti.
Nafarroako pirinioen kasuan, 2.karlistadaren galera, foruen desagerpena eta egoera sozioekonomikoa, bertako biztanleria txikiarekin konbinaturik, nahikoa izan ziren. Hau da, hizkuntza-grabitate efektua gertatzeko eszenatoki bat garatu zen, inmigrazio zuzenik egon gabe ere.
Zuzen diozun moduan, gaurko Nafarroan bataz beste EAEn baino inmigrante-deszendentzia portzentaia baxuagoa dagoela egia bada ere, kontuz irakurketa horrekin. Nafarroaren zonalde batzuetan inmigrazioa orain dela 500 urte hasi zen, EAEn ez bezala, lotura zuzena dagoelarik erdalduntze zonen eta inmigrante zonen artean.
Araban ere inmigrazio gehiago egon zen 1500-1800 artean Gipuzkoan eta Bizkaian baino. XIX. mende bukaeran Bilbo ingurura etorritako inmigrazioek zeharo garbitu zuten euskara.
Hau da, 1950 baino lehenago, euskararen biziraute zonak Hegoalden (Bizkaia ekialdea/kosta/hegoaldea, Gipuzkoa osorik, Nafarroa iparraldea) inmigraziorik jaso ez zuten zonak ziren.
1950-60eko inmigrazioak Gipuzkoa eta Bizkaiara iritsi ziren era masiboan, herri batzutara izan ezik. Ikusi Eibar, Durango, Hernani edo Arrasateren bilakaera demografikoa garai horretan (euskarazko Wikipedian). Gero ikusi Azpeitiarena, Oñatirena eta Ondarroarena garai berdinean. Konparatu. Gero ikusi herri horien guztien euskara erabilera datuak. Konparatu. Guztia ulertuko duzu.
Euskararen egoera, funtsean, inmigrazioaren ondorio da. Eta euskararen etorkizunaren baldintzatzaile bakarra, inmigrazio horren deszendentzia da.
Ados Julenek imigrazioari emaiten dion garrantziarekin. Ene herrian bertan azken mende erdian gertatua ikusiz geroz ez naiz ados baino izan behar. Ezin ukatuzko ebidentzia da.
Bakarrik gehi nezake euskararen azken babesleku ziren baserrien desagerpenaren ondorioa. Gainera azpimarratu behar da desagerpen horrek diela zuzenean salgai eskaini etorkinei behar zituzten lurrak eta etxeak gure herrian bizitzeko. Garen pundu honetan interesgarria izan zait lapurdiko eskubide foralaren liburutto bat 1572an Bordalen inprimitua frantses zaharrean. Ageri da gure arbasoentzat baserrien arrotzen kontra defendatzea eta osorik transmititzea zela eskubidearen ardatza.
Galdera eta eztabaidarako zalantza asko partekatu nahi nituen. Mahai handi honek hanka bat baino gehiago duelako hankamotza. Seguruenik txat honetako askok, nik baino gehiago pentsatu duzuela goiko gai askoren inguruan.
Euskara mailaren eta euskaldun kopuruarengan immigrazioaren eragina (masiboa denean are gehiago, Bilboko kasua adibidez) ukaezina da, orokortuz, ikusi besterik ez da euskarak atzera egin duela geografikoki, kanpotik bihotzera (Gipuzkoa). Eta noski, ezin konparatu daiteke azken mendeko Frantziako zentralismoak eragindako kaltea.
Baina era berean geldiezina den zerbait da, gaur egungo komunikabideen hedapena dela eta, distantziak eta denborak murriztu dira. Zer esanik ez irrati, telebista eta internetarekin.
Irudipena dut, azken 5-6 hamarkadetan, euskararen bilakaerari eta aberria erdiesteko bideari erantzun originalak eman zaizkiola eta gaur egun ez garela gai erantzun bitxi edo original bat emateko gai. Esaterako zaku honetan D eredua edota gau eskolen ikasle kopuruaren beherakada sartuko nituzke. Zerbaiten aldaketa behar dugu, hizkuntza eta identitatea berriz lotuko dituena, berriz ere euskaldun izateaz arro egingo gaituena.
Azken hamarkadetan inperialismoari borroka egiteak gazte eta jende asko batu zuen euskal mundura nahiz eta “vascoak” izan, nolabait jendea eta kalea abertzaletasunaren inguruan zeuden, gaur egun ez dugu ez kale ezta jendea biltzeko ahalmenik ere.
Eta beste kontu garrantzitsu bat da euskararen atzerakada euskaldunoi egotzi digutela, gaizki edo gutxi hitz egiteagatik, zeinek eta ikasi ez dutenek! Esan bezala, ez ditzagun uste oker hauek gureganatu. Kontzientzia baita aurreneko pausua.
Kaixo Adur, bai, arrazoi duzu, horrek guztiak behera egin du nabarmen. Nire ustez, arrazoiak ugari dira.
1-Nekea. Hainbat mailatan, baina bi berezituko nituzke. Nekea euslakgintzan, eta maila etniko/politikoan neke orokortua biztanlerian, iraganeko tentsio politikoengatik.
Biak ulergarriak oso, desgaste prozesu bategatik. Hortaz, ixilaldi bat egotea normala da, akaso desiragarria ere, indarrak berreskuratzeko. Arriskua zera da, gauzak oso azkar aldatzen direla, eta esnatzen garenerako berriz ere atzerakada zaurgarri bat gertatu izan litekeela.
2-Politiko eta komunikabideek gaztelera normalizatzeko egiten dituzten ahaleginak, berdin zait apropos edo de facto. Orain ‘baskoak’ gara. Hori da garrantzitsuena, euskara beste maila baten dago lehentasunetan.
Diskurtsu linguistikoa oraindio ez berritu izana ere zinez delirantea da. Garai batean “tenemos dos lenguas” esaten zen, bietako baten ikasketa (euskararena) bultzatzeko asmoz. Oraindik ere diskurtsu berbera errepikatzea (EAEn) berebiziko erokeria da, orain D eredua oso zabaldua dagoelako. Diskurtsu berber horrekin jarraitzeak orain euskarari mesede egin beharrean gaztelerari egiten dio mesede, bere nagusitasuna normalizatzen du. Ahaztu egin dira zer bilatzen zuen diskurtso horrek hasieran, eta ez dute berritzen jakin.
Orain tokatzen den diskurtsua “euskara da hemengo hizkuntza” esatea da.
{Bide batez, eta beste gai bati loturik, sintaxi Seber-Altubianotik azentu markarik gehitu gabe ihesi dabiltzanei, galdera: “euskara da hemengo hizkuntza”-k, ahoz, azentuaren arabera bi gauza desberdin esan nahi ditu. (Erdaraz ez bezala, ez baitaukate gure azentu-jokoa). Idatziz ez dugu asmatzen nola transmititu. Nik Berriako titularren 5etik 1 ez ditut ulertzen.}
Gazteleraren normalizazioaren diskurtsuak D-ereduaren porrota dakar zuzenean, ikasleak psikologia konkretu batekin iristen direlako gelara, “El castellano es tan euskaldun como el euskera”. Hortaz, berentzat (haur eta gurasoentzat), ez dago kontraesanik ikastola batean erdara baten aritzean.
Ikus nire proposamenak hemen, iruzkinetan: https://zuzeu.eus/euskara/erdaldunak-interpelatzen/
3- Marketina. Euskaldunok desastre hutsak gara marketing kontuetan. Gure gaitasun falta irrigarria da. Ez dugu asmatzen gure bezeroetara iristen. Adibide bi jarriko ditut.
Bat: euskaraldiaren presentazioan, tipo bat mendiko bota eta kamixeta ziztrin baterik atera zen hitz egitera. Ze irudi da hori? Faborez. Horrela nahi diogu aurpegia freskotu euskarari?
Bi: euskara batuaren marketina. Negargarria da euskara batuarekin gertatzen ari dena, marketing hutsegite hurrenkera bukaezinagatik. Euskalkian normaltasunez darabilguna ukatu egiten diogu batuari, sinismen okerrengatik. Adibide batzuk: Euskara batuak azentua arautua dauka (2. silaban orokorrean), euskalkian erabiltzen den bezala (Zuberoan ezik). Hala ere, zenbat eta zenbat dira batuan “unibertsitátea”, “batasúna”, “euskalherría” (azentu espainola) eta antzeko erokeriak erabili behar direla pentsatzen dutenak? Euskaltzaindiak argi dio gaizki dagoela, baina jendeak ez daki. Aluzinantea; berdina *sukaldatu hitzarekin (kozinatu behar du izan, sua tokiz aldatzea nahi ez bada behintzat); berdina *beraiek horrekin (eurak/berak da zuzena); berdina hiztegiarekin. Batuan “irudi” dela uste du jendeak, eta ez “iduri”, biak batua izanik; Ikastolan 137.araua ez betetzea, azkenean euskalkien baztertzeak ikasleak batuaren aurka jartzen dituelarik…
Eta abar, eta abar, eta abar. Desastre lerrokada infinitua.
Zeinen erraza zatekeen Euskaltzaindiak bere gomendio eta arauak telebistei, ikastolei, eta publiko orokorrari modu garbian helaraztea! Baina ez! Begien aurrean akats andana ikusi, eta bezeroarengana (hiztunak) nola heldu ideiarik ere ez!
4- Informazio falta. Jendeak ez du Euskal Herriaren historia ezagutzen. Ez du euskararen zapalketaren historia ezagutzen (Benetan, harritu egingo zintuzkete ideiarik ere ez duen zenbat euskaldun peto dagoen ikusteak). Jendeak ez du euskal literatura ezagutzen. Jendeak ez du ezer ezagutzen!
Arrazoia? Eskola planak. Mundu guztiak irakurtzen du Quevedo ikastolan, inork ez Axular. Aluzinantea.
5-Kontzientziazioa. Pertsonalki uste dut 4.puntua betez gero, informazioa ondo transmitituz gero, kontzientziazioa bakar-bakarrik datorrela. Hortaz, akaso kontzientziazioa informatzearen kontsekuentzia dateke.