Sustraiak

Sustraiak –

(Urgentziazko apunte batzuk-edo)

SustraiakSustraiak, rock, rap, reggae. Honela kantatzen zuen Negu Gorriak taldeak bere BSO kantan, gure banda sonora ere bazena (eta, hein batean, jarraitzen duena izaten). Gerora ezagutu nuen Bob Marleyren Roots, rock, reggae eta Run D-MCren Roots, rap, reggae. Roots beti, sustraiak, erroak. Hori guztia pentsatu dut Amikuzeko Libertimendua eta Atarrabian Zetak taldeak emandako kontzertua ikusi ostean. Roots beti roots.

Libertimenduan eta Zetak-en kontzertuan, bietan, sormena kokatua da, kultura kokatua da, nonbaiten errotua eta sustraitua, norbaitengan haragitu eta gorpuzteko. Garenetik abiatu izan gura dugun horretara heltzen ahalegintzeko. Eta besteengan eragiteko ahalmen eta gogoarekin. Eta tradizioari autoestop egiten (martxan dabilen autoa dugu tradizioa).

Identitatea dago muinean. Onintza Etxebeste “Meta-nortasunak” liburuan dioen bezala, “mugimenduak eta eraldatzeko gaitasunak ziurtatzen dute identitatearen jarraitutasuna, ez behin betiko forma eta edukietan atxikitzeko abilezia”. Identitatea laborategia da, esperimentazioa da. Identitatea ezin delako ulertu garenaren ezaugarrien zerrenda mugatu bezala; egiten, eztabaidatzen eta negoziatzen den operazio eta praktika multzo bezala baizik. Eta identitatearen algoritmoa ikusgarri egiten dute bi ekimen hauek, identitatearen aldamioak ikusgarri egiten dituzte. Identitatearen brikolajea egiteko instrukzio-orriak dakarzkie hala gura dutenei (besteok ikuskizunarekin gozatu dezakegu beste barik).

Bere sasoian idatzi nuen post bat, Soziolinguistika meets Butler izenekoa, eta hor Judith Butlerren aipu batzuk ekartzen nituen, apunte hauek osatzeko baliagarriak izan daitezkeenak:

Identitateak bere kutsu esentzialista galtzen du eta norbanakoak bere identitatea eraikitzerakoan duen partaidetza azpimarratzen da, hiztunak eginkizun honetan azaltzen duen grina eta inplikazioa nabarmenduz.

Identitatearen oinarrian ekintza eta errepikapena egongo litzateke; egin eta ekite horiek identitaterako sustraiak izango lirateke eta.

Amaitzeko, Onintza Etxebesteren liburutik beste gogoeta bat (euskal identitatea eta 60-70eko hamarkadak aipatuz):

Aurretik jazartzen saiatu ziren, baina temati iraun zuen euskal identitatearen ikonografia eragin berrietara irekitzen hasten da, eta herriari loturiko esanahiak eraberritzen, nahasten eta geruza sozial eta kultural berrietan birsortzen dira (…). Halaber, kultur berrikuntzaren eta iraganeko lekukoen berreraikitze baten tarteko forma hartzen dute ordutik aurrerako ekarpenek.

Sustraiak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude