Superpoterea, posible ote?
Superpoterea, posible ote?
Ezaguna da euskarak, euskara ahoan erabiltzeak, superbotereak ematen dizkigula, galdeiozue bestela azpian duzun sarrera Urumeako Kronikan idatzi duen Jon Altuna Izari.
Superpetoak? Superpoteak?
Superboterearen kontua bili-bolo dabil Hernanin.
Galderak ugarituz doaz: Nondik ote dator superbotere hori? Izarretatik? Ze ondorio ekarriko dizkigu? Soja-esneak eraginik ote du? Kutsakorra ote da? Bileren bidez zabaltzen da? Belarrietatik sartzen da? Izpi batek zuzenean jotzen zaitu? Non da edabe majiko hori? Pandemia aipatu dute ahotsik alarmistenek. Osakidetza kezkatzen hasi omen da…
Ni kutsatutakoen artean nago, bai, aitortzen dizuet, baina ez da kaltegarria, zoragarria baizik. Eta gertaera harrigarrien lekuko izan naiz. Superboterearen ondorio eta eraginak ugariak dira. Asko ezkutukoak, zenbait agerikoak, denak liluragarriak.
Senegaldar saltzaile baten superboterea eta eragin-komertziala nabaritu nuen aurreko astean. Zakuko gaiak erakusten hasi orduko, zera esan genion, “denetarik daukagu, ez dugu ezer nahi”… Baina, bat-batean, hark bere superboterea erabili zuen, eta euskara argi eta garbian esan: “nik badaukat zuentzako zerbait”. “Ez, ez dugu ezer behar” nik, “itxaron, itxaron, apurtxo bat” berak, eta ordurako haren superbotereak, harrapatuta, limurtuta, hiru euro balio ez dituen eta bost euroan gustora salduko lukeen zapia erosi nion zortzi euroan.
Horixe da, jaun-andereok, superboterearen eragin komertziala… Eta bestelako ze eragin pairatuko ote ditugu hernaniarrok? Erotikoa? Sentimentala? Kulturala? Ekonomikoa? Soziala? Politikoa? Sexuala? Gastronomikoa? Antropologikoa? Baliatu eta goza dezagun!
Superpoterea, posible ote?