Segurtasuna, gure zerumuga

Segurtasuna gure zerumuga –

Aipu pertsonalak ohikoak diren garai honetan, BERRIAk argitaraturiko artikulu batez hitz egingo dut gaurkoan. Mezularia hiltzea tradizioa da, baina ez da bidezkoa, badakit. Ez dira errudunak; besterik gabe, infernuko bidea asmo onez eraikitzen dela jakinda, artikuluak eragin dezakeen kalteaz kezkatuta nago. «Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen», zioen Rosa Luxemburgek (beste aipamen bat), eta arrazoia zuen: artikuluak, menderatuen pedagogia baino gehiago, kateak ez sentitzeko plazeboa dirudi. Aipamenekin jarraituz, Andoni Olariaga hurrengoa: adierazten duenez, eta guztiz bat nator, ikuspegi dikotomikoak apur bat bazterrean utz ditzagun, mesedez, eta ez dezagun nahastu zerumuga eta eraldaketa.

Segurtasuna, gure zerumuga
Arg: Irekia

Izan ere, horixe egiten baitu artikuluak, zerumuga (osasun arloko langile guztiak euskaldunak izatea eta, beraz, arreta euskaraz emateko gauza), eta eraldaketa-prozesua (helburu hori lortzeko bitartekoak eta proposamenak) nahastu. Hori besterik ez balitz, tira, baina, zoritxarrez, artikuluak errealitatea ezkutatzen du, geldirik egoteko justifikazioa dirudi, eta, azken batean, norberaren ardurak besteei leporatzeko aitzakia. Mugitu gabe seguru egon gaitezen, askatuko gaituen zain, kateak igarriko ez ditugun egunera arte.

Historia klinikoa euskaraz da eraldaketa-prozesurako tresna baliagarria, egokia eta ezinbestekoa, eta horretarako zirkuituak gakoak dira. Osasun arreta euskaraz bermatzeko batetik eta bestetik euskaraz lan egiteko tresna. Ez dira arreta ahozko harremanetara mugatzeko pentsatuak. Eraldaketarako tresna dira. Euskaraz arreta eskaini eta eman, euskaraz jaso, euskaraz lan egin eta historia klinikoa euskaraz idazteko asmoarekin proposaturikoak. Euskaraz, euskara hutsean, euskara betean eta ez ele bietan.

Eta hor hasiko zarete zuen kateak sentitzen, jada mugitzen hasi zaretelako. Noizbait, nonbait, euskaraz ez dakien eta ikasi nahi ez duen baten bat topatuko duzue, eta ez du tutik ere ulertuko. Telesforo Monzon ere aipa genezake. Ikaratuko da, seguruenik haserretuko da, kexatuko da, bere eguneroko lasaitasuna kolokan ikusiko du. Agerian geratuko da ez dela eremu elebidun batean eskatzen den maila (elebiduna izatea, alegia) emateko gauza. Nola ez ba: eraldaketa prozesuetan tentsioa nahitaezkoa da. Hau da gure lemaginek nahi ez dutena, eta horregatik babestu dute itzultzaile automatikoa. Lan giroa ez ozpintzearren, lankide erdaldun elebakarrak lasai egon daitezen eta, bide batez, zerbitzu-burutza edo zuzendaritza kargu bat lortzeko euskara traba bat izan ez dadin. Itzultzaile automatikoa: artikuluan aipatzen ez dena, ez duelako ezertarako balio. Bitartean, gaztelaniaz lan egiten jarraituko dute.

Beste batzuek, aldiz, euskaraz idazten dugu pazienteen historia klinikoa, eta horregatik jaso ditugu telefono deiak, mezu elektronikoak, pazienteen historia klinikoan oharrak edo jakinarazpenak, irainak eta mehatxuak. Edo prentsan aipamenak, ad hominem. Aipatzearren, OEEkide batek, Euskara Planaren sortzaileak, Manjonek, kritikatu zuen euskarazko historia klinikoaren aldarrikapena, ukendu magikoa berarentzat.

Euren zerumuga hizkuntza eskakizunak dira oraingoan. Edo Osakidetzako langile guztiak elebidunak izatea, jakinda ez dela gauza bera. Urte asko beharko dira horretarako, lortuko bada. Azken batean, gaztelaniaz idazten jarraitzeko aitzakia baino ez da, pazienteen segurtasun klinikoaren aitzakiaz. Ezin omen dute euskaraz lan egin, langile erdaldun elebakarrik dagoen bitartean. Gezurra. Madrilek aspaldi onartu zuen historia kliniko digitala tokian tokiko hizkuntzan egon daitekeela; aspaldi proposatu dira zirkuituak asmo horrekin; Debagoieneko ESIan kode etikoa ere aldatu da jadanik, historia klinikoa euskara hutsean onartuz eta horren aurrean erdaldunei errespetuzko jarrera eskatuz. Hori lortzeko solaskidea zuzendaritza izan zen. Ez dakit zeren zain dauden, benetan.

Ezinezkoa da seguru egotea zerumugara heldu arte. Bitartekoak eskatzen ditu nahitaez, tentsioa eta borroka, lana eta ahaleginak. Baita arriskua ere, lasaitasunik nekez. Erdaldunek ez baitute aise euren boterea galduko. Lasai egongo dira, ordea, historia klinikoa gazteleraz idazten duzuen bitartean, euren boterea eta gure zapalkuntza legitimatuz. Euskara ez da eurentzat beharrezkoa izango.

Ez bilatu, mesedez, aitzakiarik. Malgutasuna erakutsi, ausardia. Eutsi goiari, Zubia, Ibarguren: idatzi pazienteen historia klinikoa euskaraz.

Segurtasuna, gure zerumuga  Segurtasuna, gure zerumuga

Familia medikua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude