Salbuetsia

Salbuetsia –

Laura Garridok, PPren izenean, Eusko Jaurlaritzari exijituko omen dio Osakidetzan dagoen mediku eskasiaren arazoa bideratzeko, euskara ezagutzaren eskakizuna salbuetsi dadin. Osasuna baita garrantzitsuena. Ni ere bat nator Garridorekin. Baldin eta espainiera ere salbuesten bada. Ederki etor liteke gugana, soilik euskaraz eta frantsesez dakien Baigorriko medikua edo bakarrik urdueraz eta ingelesez moldatzen den zirujau indiarra. Pradales jauna, hortxe duzu gure Osakidetza kaskatua bideratzeko aukera. Antolamendu onez eta aurrekontu egokiez hornituta noski, baina hori ez omen da horren garrantzitsua.

Salbuetsia

Garridori gomenda diezaiokegu bide hori bera beste komunitateetan erabiltzeko. Madrilen esaterako, eurek gobernatzen baitute eta zikulusaltsa galanta dute antolatua. Turismo medikoa antola liteke herrialde hotzetatik etorri nahi luketen osasunaren profesionalentzat. Goizetan Zendal ospitalean lan eta arratsaldez kaña batzuk Retiro, La Latina edo Recoletosen. Plan zoragarria!

Ikusten nola ez naizen turismofoboa? Horrela esaten ziguten, pisu turistikoen arazoak, jende uholdeak eta etxebizitzen garestitzea salatzen genituelako. Mamuak ikusten genituen. Donostiako alkatea harro agertu zen prentsan pisu turistikoen inguruan lardaskatu zuten ordenantzaren alabantzetan. Urte gutxi pasatu dira, Espainia osoan piztu da pisu horien kexua eta turismo neurrigabearen aurkako matxinada, eta agintari gehienak agudo agertu dira eurek hauspotutako arazoaren aurrean disimulatzen eta sasisoluzioak proposatzen.

Gutxitxo disimulatzen duten bakarrak eskuin muturrekoak dira. Hortxe dute euren arrakastaren muina: argi hitz egitea, bi sinplekeria besterik ez esatea. Gezurra izan edo egia berdin dio, pribilegiatuok aulkia mugitzea nahi ez dutenez gero, ipurditxoak tronuetan mantentzea da aldeko eta aurkakoen artean bereizteko kriterioa. Alegia, ez du ematen mendebaldeko munduan errotzen ari den eskuin muturtze prozesua aise geldituko denik.

Entenditzen ez dutenek ere (agian neroni ere tartean) botoa emateko eskubidea dute. Demokraziaren oinarria da. Zergatik eman diezaioke AEBetako emakume beltz pobreak botoa Trumpi? Ikuskizun biziagoa ematen duelako. Ongi pasatzen da bufoi gezurteroaren saioak entzuten eta ikusten. Emozioak borborka jartzen ditu. Eta barne amorruak pozik uzten ditu. Ez du inor epel uzten. Sekulako ikuskizuna ezer ordaindu gabe. Ustez. Horrelakoak benetan garesti ateratzen zaizkigulako.

Demokraziak ajeak ditu. Demokrazia liberala deitzen den bertsioa ez da herriarena, ezta liberala ere, eta oinarri-oinarrian du akatsa. Inork asmo eta ideia onak izan eta praktikara eraman nahi baditu, halako botere mailara iritsi behar du eta, hori lortzeko, jendea konbentzitu behar. Horretarako bi baldintza daude, gutxienez: konplexua dena sinple azaldu beharra (langintza inpiuxiblea), bestela ez baita ulertzen, eta boteretsuen hedabideek boikoteatu ez dezaten moduko itxura edulkoratua saldu. Hor hasten dira komunikazio arduradunak lanean. Euskaraz, salbuetsita ez badago, ongi ulertzen da, komunistekin zerikusirik ez: diskurtsoa komunetik pasatu behar.

Batzuk soilik euskara eskakizuna ez, salbuetsitakoen zerrendan gehiago nahi lituzkete: emakumeen kontrako biolentziaren aipamenen matraka, etorkinei harrera garestia, LGTBI+ izen erridikulu horren azpian dagoen guztia, generoen araberako soldaten erretena… Nik, aldiz, haiexek salbuetsi nahi nituzke jendartetik.

Mamadou Sarr senegaldarra euskaraz natural hitz egiten entzun dut Euskal Telebistan. Garridok baino hobeto, eta zer esanik ez Iturgaitzez. Zurgina da. Osakidetzan behar badira, aurkez liteke. Arraunlaria ere bada, San Pedroko traineruan. Ez dut inoiz apusturik egiten, baina aurtengo Kontxako Bandera salbuetsi egingo dut agian eta, iristen badira, San Pedroren alde jarriko dut dirutxo bat.

Euskara salbuetsita zegoen Francorekin. Eta inguruan zebiltzan ia etorkin bakarrak haren Guardia mora-ko kideak ziren.

Salbuetsia  Salbuetsia

Piter. Edo Mirri. Txistularia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude