Renfen ere euskaraz, oztoporik eta erasorik gabe

Renfen ere euskaraz, oztoporik eta erasorik gabe –

RENFEN ERE EUSKARAZ, OZTOPORIK ETA ERASORIK GABE

Tolosako tren-geltokian izandako gertakari lazgarriaren berri izan genuen orain gutxi Euskal Herrian Euskaraz elkartearen bidez: bidaiari batek, EHEko kidea, salatu zuen Renfe Aldirien segurtasun-zerbitzuko langile batek bortitz eraso egin ziola, azken honek euskaraz egin ziezaion eskatu ostean. Kasua larria izan da eta beharrezkoa da neurriak lehenbailehen hartzea, euskaldunok Renfek eskaintzen dituen Aldirikoen tren-zerbitzuetan gure eskubideak bermatzeko: euskaraz egitea eta arreta euskaraz jasotzea. Onartezina da euskarazko arreta ukatzea edo euskaraz egitea oztopatzea, eta erabat onartezina da euskaraz egiteagatik indarkeria pairatzea. Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu, baita Renferen zerbitzuak erabiltzen ditugunean ere. Ohikoa izaten da Renferen zerbitzuetan euskara baztertzea, oharrak erdara hutsean idatzita egotea edo euskara traketsean egotea, langileekin euskaraz egin ezin izatea, etab., baina bada garaia egoera aldatzeko, eskubide osoa dugu zerbitzua euskaraz erabiltzeko eta administrazioek hori bermatu behar digute.

Renfe enpresa publikoa da; ondorioz, euskaldunon eskubideak bermatu behar ditu. Halaber, Renfek kontratatzen dituen gainontzeko zerbitzuek eta langileek ere aipatu eskubideak bermatu behar dituzte. Bide batez, Aldirikoen zerbitzua transferituta dago (transferentzia erabat gauzatu zen aurtengo urtarrilaren 1ean), hortaz, Eusko Jaurlaritzak eskumena dauka, besteak beste, zerbitzua arautzeko eta kontrolatzeko, baita ikuskatzeko ere, eta ezin du ezikusiarena egin.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuari eskatu diogu Renfe Aldirikoen zerbitzu guztietan bidaiarion hizkuntza-eskubideak berma ditzala eta, horretarako, beharrezko neurriak hartzeko. Eusko Jaurlaritzak ezin ditu eskubide-urraketak onartu, are gehiago, berari dagokio eskubideak bermatzea, eta horixe egitea espero dugu.

Renfen ere euskaraz, oztoporik eta erasorik gabe

Administrazioan Euskaraz Taldea

Zer duzu buruan “Renfen ere euskaraz, oztoporik eta erasorik gabe”-ri buruz

  • Guztiz ados, tristea da baina gure kideak jasan zuenaz azkar ahaztu gara, nahiz eta erantzuteko manifestazioa egin genuen eta berria ahal bezain beste zabaldu, ez dugu oraindik adina indar erantzuleak egindakoagatik ordaintzeko. Gure ahultasunaz ere jabetu beharra dugu hortik aurrera egiteko. Bestalde, nire iritziz renfe publikoa edo pribatua izateak berdin dio, zerbait pribatua izateak ez dio ematen eskubidea gure herrian gure eskubideak zapaltzeko. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude