Quebecen espainolez
Quebecen espainolez –
Jose Mari Pastorrek, Urkulluk Quebecera egin berri duen bisitaldiari erreparatu dio Berria egunkarian; zein hizkuntzatan egin du berba Lehendakariak bertako agintariekin?
Espainola ederto entzun da aste honetan Quebeceko erakundeetan eta goren-goreneko agintarien aurrean. Ez, Uruguaiko presidentea ez da bertara joan, ezta Espainiakoa edo Argentinakoa ere. Hango kultura-erakundeek ez diete saririk eman Isabel Allenderi edo Mario Vargas Llosari. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da Montrealen. Iñigo Urkullu Quebec aldera joan da bidaia ofizialean eta, protokolozko hitz batzuk alde batera utzita, Hego Euskal Herriko erdaraz egin du gehienetan.
Iñigo Urkullu Quebeceko lehen ministro Philippe Couillard jaunarekin elkartu da. Couillard frantsesez mintzatu da. Eta lehendakaria? Espainolez. Hegoaldeko erdara garbi ozenaren oihartzun sendoa eraman du Urkulluk Quebecera. El español recio del norte. Irudietan ikusi eta entzun dugu Urkullu. Aurkezpenetan -«le presento a la consejera…»- eta bestelako azalpenetan: «Tenemos una historia del siglo XVI…». Couillarden ondoan gizon bat zegoen -interpretea, antza- eta horrek lehendakariaren berbak itzultzen zizkion. Quebeceko Asanblea Nazionaleko presidente Jacques Chagnon jaunarekin ere hitz egin du lehendakariak. Asanblea Nazionalean nola dagoen galdetu diote. «Muy bien, muy agradecido». Gero, bidaiaren arrazoiaren berri eman du Urkulluk: «Hemos venido con un objetivo…». Beste irudi batzuetan frantsesezko hitz bakan batzuk esaten ikusi dugu lehendakaria, baina jarraian beste erdarari lotu zaio. Espainolari, alegia.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu abenduan. Euskarak nola egin duen aurrera azalduko digute geure agintariek. Hizkuntzaren edertasuna goratuko dute, egunerokoan erabili beharra, bla, bla, bla. Halakoxeak entzungo ditugu. Betikoa. Zertarako balio du horrek guztiak nazioarteko harreman ofizialetan euskarak presentziarik ez badu? Lehendakariak berak prestigiorik ematen ez badio euskarari ekitaldi ofizialetan, hemen zein kanpoan, zertarako balio dute kopla horiek? Zertarako egin irakurraldi luzeak Euskararen Egunean, zertarako bertsolariak, kantaldiak eta biribilketa folklorikoak, autoflagelazio ariketaz gozatzeko besterako ez bada?
Hain zaila al da halako bidaia ofizialetan euskaraz egitea? Quebec bezalako herri batek ez zion oztoporik jarriko euskaldun batek bertan euskaraz egiteari. Euskara-frantsesa itzulpen zerbitzua izateari, espainola-frantsesa izan beharrean. Han itzulpen zerbitzu hori eskaintzerik ez badute, zergatik ez eraman interpretea edo itzultzailea Euskal Herritik? Diru publikoz ordainduta, noski. Munduko beste herriek egiten duten legez. Ez dago legerik, hori debekatzen duenik. Borondate falta da. Eta konplexua, beldurra. Akaso gobernukide erdaldunak haserretuko zaizkio lehendakariari kanpoko agintariekin elkarrizketa ofizialetan euskaraz egiteagatik, eta gobernu ituna hautsiko dute?
Ez, seguruena ez. Baina gizabide lezioak emango dizkigute euskaldunoi. Halako egoeretan euskaraz egiten tematzea matraka identitarioa dela esango dute. Eta itzultzaile lanak ordaintzea, luxua. Kapritxo nazionalista. Lehendakaria erdaraz ari denean eta interpretea behar denean, ostera, ez dago matraka identitariorik, ezta luxurik edo gehiegizko gasturik ere.
Euskarak ekintzak behar ditu, ez hitzak. Quebecen -edo Berlin edo Londresen- erdaraz esaten diren hitzek hutsean uzten dute abenduaren 3ko mezua, diskurtso folkloriko bihurtzen dute. Zertarako balio du mezu horrek, Montrealera bazoaz eta erdaraz egiten baduzu, euskara bazterrean utzita?
Inork ez digu debekatzen munduko agintarien aurrean euskaraz egitea. Inork ez gaitu espainieraz egitera behartzen. Kontu bakar batek galarazten digu goreneko maila horietan euskaraz jardutea: gure pentsaera kolonizatu eta menpekoak, euskaldun arlotearen konplexua barru-barruan daramagulako oraindik. Euskara umeekin eta txakurrekin hitz egiteko ez ezik, diplomaziaren aretoetan jarduteko ere erabiltzea da kontua. Bestela, jai dugu. Euskarak prestigioa behar badu, halaxe lortuko du. Han eta hemen.
Konplexuez gain alferkeria, nagikeria: euskera erabiltzeko eta frantsesa ikasteko. Aruradun pollitiko ardurabakoak.
Quebecen españolez… eta?
Euskal Herrian españolari lehentasuna ematenm dionak, zer egin behar zuen kanpoan?
Bide batez eman osteratxo bat bateko eta besteko ordezkari abertzaleen Twitter edo Fcbook txokoetatik, eta ikus gehienek zein hizkuntzari ematen dioten lehentasuna.
Zombi etxean eta zombi kanpoan, espainolek odola/gogoa kendu zioten, eta hola dabil, mutante