Pribilegioak

Pribilegioak –

Antza denez, hizkuntzen gaineko begirada neoliberala nagusi da hizkuntza hegemonikoetan bizi direnen artean. Haren arabera, hizkuntzak komunikazio tresnak baino ez dira, merkatu “librean” lehiatzen diren artefaktuak. Ikustea besterik ez dago azken urteotan berrindartu diren diskurtso dikotomiko bezain faltsuak: zer gura duzu mediku ona ala mediku euskalduna?

PribilegioakBegirada neoliberal horretan, jakina, askatasun neoliberala da nagusi: hau da, nik askatasuna dut, baina ez dut inolako ardurarik. Hau da, joan naiteke egunero ogia erostera nire autoan, nire askatasuna erabiliz, baina gero niri ez eskatu ezelako ardurarik ekintza horrek dakarren ondorioari buruz.

Gurera ere heldu da diskurtso hori. Batetik, Euskaraldiak berak indartu du hein batean diskurtso hori. Norberak ardura hartzeko ariketa dugu Euskaraldia eta, hein handi batean, ariketa horrek erantzuten dio norbanakoon gaitasunak aktibatzeari. Baina sektore batzuetan Euskaraldia basque-washing ariketa bihurtu da eta, gainera, batzuei norbanakoen gainean erantzukizun osoa trasladatzeko bidea eman die.

Bestetik, hor dugu audientzia eta kontsumoen gainean eraiki diren diskurtso batzuk. Horren arabera, euskaldunok ez dugu behar beste kontsumitzen eta horrek esplikatzen du hein handi batean dagoen eskaintza eskasa. Egia da honek sorgin gurpil baten forma hartzen duela, baina, era berean, horrek ez du bat egiten bestelako kontsumo batzuekin (eta ez du bat egiten han eta hemen egin diren ikerketa batzuekin, ahozko erabilerarenak kasu).

Hirugarrenik, diskurtso neoliberal horren beste erpin bat dakar pribilegioen kontuak (Ezer ez eta festa podcastean esaten duten bezala, eskubideak pribilegio bihurtzen ditu hizkera mertzenarioak, hizkera lizunduak). Antza, euskaldunok pribilegiatuak gara, diskriminatzaileak ere. Diskurtso hau hauspotzen ari dira euskaltzale ei diren batzuk ere. Eta, horretarako, klase sozialen inguruko azterketak erabiltzen dituzte eta, horren ondorioz, lanpostu batzuetarako euskara eskakizuna jaistea proposatzen dute. Diskurtso hau arriskutsua da gero, nire ustez, arrazoi bategatik: ematen du (eta ez da horrela inondik ere) euskaldunon komunitateak indarra eta ahalmena duela berak nahi dituen politikak eta estrategiak garatzeko hizkuntzaren garapenerako. Baina ez da horrela eta, hortaz, diskurtso hori hauspotzeak nire ustez kalte baino ez digu egiten. Anarik dioen modura, atzera eta atzora geu eramateko ahalegina da. Orain dela gutxi, Paulo Iztuetak honako hau zioen Hik Hasi aldizkarian: “Begiak ireki behar ditugu eta historia ulertu behar dugu: hemen asimilazio prozesu bat egon da, eta, horren ondorioz, ezin dugu guk nahi dugun mundua eraiki”.

Uste dut begirada neoliberala bazter utzi behar dugula eta hizkuntzen dinamikak (batez ere, hizkuntza ez-hegemonikoak tartean badaude) zeharo konplikatuak, multifaktorialak eta abar direla aintzat hartu, edozein diskurtso edo gogoetari ekin aurretik. Baina gai honetan ere nik zalantzak ditut (eta zalantzak ebazteko modu bakarra iruditzen zait ekimen eta gogoeta kolektiboa izan daitekeela, adibidez, Nafarroan Topaguneak landu duen tankera honetakoa). Era berean, Barbarizatuak eta zibilizatuak liburuan Ibai Atutxak darabilen diskurtsoa ere kontuan hartuko beharko genuke.

Pribilegioak Pribilegioak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude