Pribilegioak
Pribilegioak
Xabier Vazquezek Irutxuloko Hitzan.
Gazteleraz badakit. Bai, esan beharrik ez zegoen. Baina batzuetan egokia da hori ere gogoraraztea. Gazteleraz dakit, maiz hitz egiten dut, eta ez dut horren inolako lotsarik. Nire aitarengandik jaso nuen, berarekin eta nire bizitzako zientoka pertsonarekin erabiliko dut, hemen zein Euskal Herritik kanpo. Eta kultura/aisialdi putzu izugarri batean murgiltzeko aukera eman dit, berez gazteleraz sortura zein itzulitakora.
Zoritxarrez, baina, batzuetan gaztelera ere jakiteak hikuntza aukeratzeko aukera eman baino gehiago hizkuntza jakin bat erabiltzera behartzen nau. Nire herriko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera izan beharko nukeenetan, gaztelera erabili behar dut, beste aldean dagoen pertsonak hori besterik ez dakielako. Luze eztabaida liteke nor den inposizio linguistiko horren arduradun. Paradoxikoena, ordea, zera da: inposizio hori neure elebitasunean datza, ez bailitzateke onargarria pertsona elebakarrak jartzea zerbitzu publikoak ematen euskaldunok elebiduna ez bagina.
Duela gutxi beste hizkuntza ika-mika piztu zen Irungo udaltzainen inguruan. Euskara eskatzeak irundarren ehuneko bat lanerako aukerarik gabe uzten omen du (ehuneko hori ez da egia, adin jakin bat eskatzen baita; euskararen legearen ondoren jaitako pertsonak zergatik ez diren elebidun oraindik, beste batean aztertuko dugu). Oker ez banago, polizia izateko espainiar nazionalitatea, eskola graduatua, adin tarte jakin batean egotea, gutxieneko luzera eta gidabaimena eskatzen dira. Noski, horiek guztiak lanerako kontuak dira. Euskara, ordea, baztertzailea da. Ez baitago lanarekin lotua.
Nabarmena da inork ez duela benetan pentsatzen langile publiko batek lanerako hizkuntza behar ez duenik. Inork ez bailuke Andoainen ala Rivas Vaciamadriden gazteleraz ez dakien mediku alemaniar bat hartuko, gaztelera jakin ezean. Edo akaso gauza oso zehatzerako hartuko lukete, ebakuntzak egiteko, baina ez jendea artatzeko.
Benetako afera ez da hizkuntza jakin behar den ala ez. Inork ez luke EAEn euskaldunak artatuko ez gaituen langile publiko bat hartuko. Badakite, baina, gazteleraz ere artatuko gaituztela. Horregatik, gure elebitasunak gazteleraren morroi bihurtzen gaitu geure etxean. Batzuetan aukerak ematen dizkigunak etxean itxi egiten dizkigu.
Gatazka horretan zilegi zait oraindik euskaraz ez dakien jendeari buruz hausnarketa egitea, zer arazo dituzten eta zein ritmotan eman behar ditugun aurrerapausoak. Ondo dago guk ere enpatia izatea eta eztabaidan elementu guztiak kontuan hartzea. Baina izugarria deritzot bati baino gehiagori irakurri diodan esaldiari, «euskaldunok (erran nahi baita, elebidunok) kasta pribilegioduna» garela. Azkenean zera lortuko dute: elebidunok esparru batzuetan gaztelera erabiltzeari uztea erabakitzea, geure elebitasunak eskubideak kentzen baitizkigu. Herritar bat administraziora joan eta artatzen duen pertsonak gazteleraz ez dakiela esanez gero, zer nolako kalapita ez ote litzateke sortuko.
Pribilegioak