Praktikaldian diren funtzionarioen prestakuntza euskaraz egitea eskatzen dugu
Praktikaldian diren funtzionarioen prestakuntza euskaraz egitea –
STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek, HEZKUNTZA DEPARTAMENTUARI ESKATZEN DIOGU PRAKTIKETAKO FUNTZIONARIOEK EGIN BEHARREKO PRESTAKUNTZA EUSKARAZ IZATEA
Egoera hau jada 2021ean salatu genuen baina Hezkuntza Departamentuak gure eskaerei muzin egin zien. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko praktiketako funtzionarioek praktikaldia gainditu ahal izateko prestakuntza bat egin behar izaten dute. Praktiketako funtzionarioen artean badaude beren lan jarduna euskaraz egiten duten irakasleak, D ereduko plazak eskuratu dituztenak hain zuzen ere (maisu maistren kidegoan %28,75a da). Hau horrela izan arren, Hezkuntza Departamentuak irakasle hauei prestakuntza osoa ez die euskaraz bermatzen.
2021ean kaltetutako irakasleak eta STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuak egoera salatu genuenean hobekuntza txikiren bat eman zen eta Hezkuntza Departamentuak eskaini zuen prestakuntzaren zati bat euskaraz egiteko aukera. Baina geroztik eskaini diren prestakuntza horiek gaztelera hutsean izan dira, euskaraz emateko pertsonarik ez dagoela argudiatuz.
Bide batez, irakasleentzat eskaintzen den euskarazko prestakuntza handitzea eskatzen dugu. Gaur egun prestakuntzaren %17,1a soilik da euskaraz eta horrek ez ditu inondik ere irakasle euskaldunen beharrak betetzen.
2021ean ere egin genuen irakasleentzat eskaintzen den euskarazko prestakuntza handitzeko eskaria. Orduan %16,5 a zen euskaraz eskaintzen zena, gaztelerazkoa %80koa izanik. Gaur egun %17,1 euskaraz eskaintzen da (orain dela hiru urte baino %0,6 gehiago), gaztelerazkoa ordea %70,64koa da. Ingeles, alemaniera eta frantseseko prestakuntzek %10,39a osatzen dute, argi utziz euskararen kontrako beste eraso baten aurrean gaudela.
Nafarroako hizkuntza koofiziala izanik, irakasleok prestakuntza euskaraz jasotzeko eskubidea dugu, are gehiago kontuan hartuta gure jardun profesionala euskaraz dela.
Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalburuari eskatzen diogu lehenbailehen egoera hau konpontzeko, nafar irakasle euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuz.
STEILAS-LAB-CCOO-ELA
2024ko urriaren 4an, Iruñean
Praktikaldian diren funtzionarioen prestakuntza euskaraz egitea eskatzen dugu