Portzierto
Portzierto –
Julen Telleriak Tolosaldeko Ataria agerkarian.
Euskaltzaindiak ‘portzierto’ onartu du bere hiztegia gizentzen duten zientoka milaka hitzen artean. ‘Portzierto’. Batzuk eskuak buru gainera eraman dituzte, Obelix gosetua gerturatzen ikusi duen soldadu erromatarraren aurpegia jarriz, hori Cervantesen gazteleratik eratorria dela eta gure linguae primitiaean nola ametituko dugun galdezka.
Portzierto, ni lehendabizikoz oraintxe jabetu naiz kastellanotik datorrela; gure etxeak ez daukan tximiniako sutondoaren epeletan, betidanik entzun izan dudalako ‘portzierto’, euskara jatorrean. Portzierto, gaur hemen irakurritakoarekin ez bedi inor asalda, mesedez, hau oso urruti baitago edozein teoria filologikotatik; ikuspegi xume eta pertsonal bat besterik ez du izan nahi.
Euskararen zuzentasun-ez zuzentasun dikotomiaren, edo, hobeto esanda, egokiera-ez egokiera zalantza eternalaren aurrean, beti egin izan baitut nik ariketa berbera: nola esango zukeen hau gure amona Mariak? Sarri ixten ditut begiak (beno, normalean irekita ditudala egiten dut hau, baina horrela esanda epika gehiago dauka) eta bidaiatzen dut Belauntzako gure baserriko sukaldeko epeletara. Han ere ez zen tximiniarik. Baina egoten zen gure amona zena, eta hark euskaraz baizik ez zekien. Egiazki, erdaraz ere moldatzen zen, behar zuen guztietan. Halabeharrak erakutsita. Beste aldera, halabeharrak gaztelania bezainbat euskara erakutsi izan balu, bizarra moztuko nuke… Baina, tira, amona Mariak espezial egiten zuela euskaraz, despazio eta edonork ulertzeko moduan, batuarik jaso ez bazuen ere. Portzierto, ez zen ez hizkuntzalari, ez irakasle, ezta bertsolaria ere. Baserritarra zen, lurretik jaso zuen euskara. Horregatik, Damoklesen ezpata nire lepo ondoan nabaritzen dudan aldiro bidaiatzen dut amonaren ondora, eta imajinatzen hark zer eta nola esango zukeen. Portzierto, pila bat gustatzen zait ‘portzierto’. Amonari ere entzun diot, eta.
Damoklesen ezpata nire lepo ondoan nabaritzen dudan aldiro bidaiatzen dut amonaren ondora, eta imajinatzen hark zer eta nola esango zukeen
Portzierto, hau izango da hemen nire azkena. Iritzi asko izaten jarraitzen dut, kolore, forma eta tamaina anitzekoa, baina, batzuetan niretzat bakarrik gordetzea ere gauza ederra dela ikasi dut. Beraz, hemendik aurrera, nire berri jakin nahi baduzu, esazu hirutan ‘portzierto’ eta agertuko naiz hegan. Eta hartuko dugu elkarrekin hemengo nire lehendabiziko iritzian agindu nizun zuritoa. Oraindik ez baitizut atera. Portzierto.
Euskaltzaindiko jakintsuen lanari laguntze aldera, hona euskaraz espezial eta natural egiten dutenek erabiltzen dituzten beste kolonia-molde hauek ere euskarazko hiztegian sartzeko:
benga, tio, yabale, porke, nojodas, aber, kepasada, bueno, bon, eske, kauenzotz
“Portzierto” ez, baina “derrigor” bai, ezta?
Eta, portzierto: “bueno” eta “bon” aspaldi daude hiztegian.
73 urte ditut, euskaraz bizi izan naiz eta arnasgune batean pasatu dut bizia. Telleria anaiei entzun artio ez nion euskaldun bati hitz hori jaulkitzen ikusi. Nafarroan ez. Iparraldean ere aurki ez. Eta Bizkaian?
Ez, ez da euskara jasotzeko bide zuzena.
Telleria anaiek baino askoz lehenago erabiltzen zuen Txirrik telebistan duela hamarkada batzuk.
Bromak aparte utzita, norberak entzun duena edo ez duenaz harago, hiztegietan euskara jasotzeko bide zuzenik baldin bada, idazleek (Joxerra Garzia, Jon Arretxe, Joxean Sagastizabal, eta abar) erabilitzen dutena jasotzea da…. Eta horiek erabili dute “portzierto” eta “nojodas” ez… oraindik ez, behintzat.
Aaa! Banengoen ba! Nik pailazorik ikusten ez inoiz eta Telleriatarren asmakizuna zelakoan nengoen.
Pailazokeria bat bildu eta hiztegitaratu du Euskaltzaindiak. Bejondeiola!!!
Beharbada ez dut ondo azaldu bigarren paragrafoan esan nahi nuena edo zuk ez duzu ondo ulertu. Idazleen jarduna pailazokeriatzat hartzen ez badugu behintzat.
“Auskalo” ere noizbait ez zen erabilia izango arnasguneetan, harik eta erabiltzen hasi ziren arte.
Bide batez, hauek ere onartu beharko lituzkete: ” ya te digo”, “en plan de”, “sin mas”, “a ke”, ” tal kual”, “mas o menos”, “denean hori como nahia” – azkenengo hau lanean entzunda nori eta batxilergoko eta DBHko irakasle bati saio baten erdian ikasleei azalpen bat emate aldera, hori bai irakaslea adinez ni baino gazteago dela. Gora joskera lardatsa!
Hainbatera ondo goaz!!
Gaitik apurtxo batez aterata Euskaltzaindiak ere onartu zuen, orain dela gutxi, Iñigo Aristaren euskarazko Eneko Arista, Eneko Aritza behar duenean, beharbada, beste 40-45 urte eman beharko ditugu gauzak ondo bideratze aldera!
Bai horixe, semenegorrirekin ados.Nire ikastetxean, hiri urbano batean dagoena, zenbat elkarrizketetan zein bileretan erdal hitzez jositako esaldiak entzuten ohituta nago! Nik, zientifikoa ez bada ere, baietz irakasleen %80ak erderakadak barra-barra sartu 5 minutuko elkarrizketan edo solasaldian. Horri erreparatuz beste hizkuntza bat asmatzekotan gaude! Euskaraz baliokideak dauzkaten erderakadaz ari naiz hain zuzen. Jakina, , %20 euskaraz txukunago eta zuzenago batean aritzen edo saiatzen garenak baztertuago sentitzea bada helburua, aurrera,,,
Nik uste arnasguneak behar ditugula leku askotan, Euskaltzaindian erebai akaso..
Dugun euskararik zoli naro, aberats eta naturalena erdara da ezpairik gabe. Erdara ere euskara baita, ezta?
Hori da Juan Inazio, orain erabakitzeke daukagu zein erdara gureganatu. Espainiera, Frantsesa ala Mickey Mouse-en Ingelesa! 😉
Niri oraindik inork ez dit zalantza argitu:
Derrigor erabiltzearen aurka zaudete “portzierto” gorroto duzuen horiek? Auskalo erabiltzen duzue? Eliza? Berde? Kotxe? Telefono?
Edo txadona, orlegi, berebil eta urrutizkin erabiltzen dituzue?
Ea ulertzen dugun eztabaidaren funtsa, datuaren ziztrinean geratu gabe!
Ez erabiltzeagatik galtzear dugun hizkuntza honi markatzen ari zaion norabidea da gaia. Joeraz ari gara, tendentziaz ari gara, euskañolizazioaren etengabeko elikatzeak ortzimugan erakusten digun etorkizun laburreko panoramaz ari gara. Eta ez telefonoz, ez derrigorrez eta ez txadonaz.
Eta eztabaida horretan ez da inolako arazorik behar adinako maileguei ongi etorria egiteko.
Hemen bi eztabaida ildo ageri dira. Bata mailguen ingurukoa: derrigor, portzierto, berebila (bere bila berebilean joan zen ez dakigun arren) eta bestea egitura gramatikoena. Batek hiztegiari egiten dio erreferentzia soilik, bigarrenak sortzen diren hizkuntza egiturei. Bi gauzak bereizi behar dira, batez ere hausnarketarako gaintasuna duen gizarte batean bizi bagara. Bestalde, ulertu behar da gauzak nondik datozen. Eliza hitza euskaraz ez zegoen zerbait izendatzeko hartua izan zen, neologismoak garbizaletasunaren ondorio direlarik. Baina euskara erdararekin hibridatzen denean esan nahi du euskal hiztunaren maila oso eskasa dela. Hori edo bere xenofilia (erdalzaletasuna) maila gehiegizkoa dela.