Pedro Lopiz: euskara Tuteran 1535an
euskara Tuteran –
Erlantz Urtasun, Elinberrin.
1535. urtea. Gaztelak militar konkista odoltsu eta ikaragarri bortitza burutu ondoren, Nafarroa gehiena menperaturik dago, okupazioko armada indartsuaren botapean (irakur Maria Puy Huici edo Pedro Maria Esarteren lan argigarriak). Erresuma zaharrak, mende bat baino denbora luzeagoz pairatu behar izan zuen egoera tamalgarri hura. 1512ko gertaerak, Noain eta Amaiurko erresistentzia jadanik aspaldiko kontuak zirela oroitaraz dezagun, gudak eraginiko zauriak inoiz sendatuko ez ziren arren. Nafar independentziak, Garazi eta Pabe alderdiak salbu, historiako liburuetan erdietsi zuen hondarreko aterpea. Aleson kronikalari bianarrak ia berrehun urte beranduago idatzi zuenez, “Navarra desapareció del catálogo de las naciones”.
Pedro Lopiz Tuteran hamar urtez bizi izan den Zamorako etorkina dugu, hau da, bera guregan iritsi zelarik guda amaiturik zegoen, eta Erriberako hiriburu historikoan finkatu zen, “Ebroko hiria” izenekoan, alegia. Albaitaria ogibidez (beterinarioa), garrantzi handiko lanpostua betetzen zuen, zeren eta garai hartan, militar betebeharrez landa, garraioak zaldi eta, batez ere, mandoen bitartez eramaiten baitziren. Pedro, gaztelar agintarien artean lagun boteretsuez gozatzen zuen pertsona maltzurrak, Nafarroan albaitari batek eskuratzen ahal zuen kargurik preziatuena bereganatzeko oposaketa egin zuen. Baita irabazi ere, Carlos espainiar enperadorearen babespean, nafar Korteak eta bertoko kofradiek (lanbideei loturiko batzarreek) bertze hautagaia izan arren. Eta auzitarat eraman zuten, kargua merezi ez zuelakoan.
Nafar Artxibategi Orokorrean gorderik dagoen paper zahar anitzen artean epaiketan gertaturikoa erdaraz irakurtzen ahal da. Testigantza honek ez du preziorik, duela bortzehun urteko Nafarroako benetako ispilua baita: lagunen izenak nahiz jatorriak, ohiturak, usadioak, bizimoduak, kezkak, interesak.
Pedro Lopiz zenak bere aurka mintzatu zen lekuko anitzez defendatu behar izan zuen bere burua. Hauek dira, lanpostu hartan ari zedin inongo gaitasunik ez zuela argudiatzeko erabili zen hainbat arrazoin: “albaitariaren gisa txarra baino txarragoa da” “gonazale likitsa”, “karta jokalari amorratua” eta “ez daki euskaraz”. Testigantzak zin egin ziren eta lekukoek izenpetu zituzten edota, eskolatuak ez zirenen kasuetan, eskribauek haien izenetan sinatu zituzten.
Lekuko horiek on Pedro albaitariaren gisa desastre hutsa zela behin eta berriz errepikatu izana, bere hamaika maitale, zorrak nonahi ukan, kartetan (“naipes”) dirutzak xahutzen zituela, erran nahi baita mahaikideak jauntto eta erlijio handikiak izanik, urdangekin baterat aritzen zirela, kasu, gauza hauek guziek Tuteran bizi zen zamorar horren jitea, nortasuna, izaera hagitz ederki erakusten digute. Hitz batez, gaiztoa, nazkagarria, etsaia, lotsagabe alena. Edonola ere, orain eta hemen axola zaiguna da urte horietan eta Tuteran euskarak zuen garrantzia baieztatu zuten lau lekukoen hitzak, haien irudiz Pedro Lopiz zenak ezin baitzuen oposaketaren kargu hura eskuratu “lingua navarrorum” ezagutzen ez zuelakotz.
Eta hor dago koxka. Haien arabera Zamorakoak ezin zuen lanpostu hura bete Tuteran, 1535. urtean, euskara ezagutzea behar-beharrezkoa zelakotz, eta Pedrok “ni lo habla ni lo entiende”. Eta are gehiago. Lekukoek logikotzat jotzen zuten Lopiz jaunak euskara ikasi behar izan zuela, nahiz eta Zamorakoa izan eta Tuteran, Ebro gainean, Bardenan, hamar urtez aritu. Hots, nafar hizkuntzaren egoera historikoa bere osotasunean uler dezagun lekukoen testigantzek bere baitan duten altxor soziolinguistikoa izugarria da.
Labur erranda, auzi horretako paperen bitartez kausitu duguna da Tuteran, gaztelar konkista ondoren, erdaldun elebakarrak, mota guzietako elebidunak eta euskaldun elebakarrak bizi zirela, azken hauek gaztelania ikastearen beharrik ez zutela.
Lekukoen testigantzak
Egungo ikuspegitik harrigarriena izaiten ahal zaiguna da Tuteran bizi ziren euskaldun elebakarrak ez zeudela kezkaturik gaztelaniaz ez jakiteagatik. Haatik, Pedro Lopiz Zamorakoak bazuen arazo bat: ez zekien euskaraz. Eta arazo hori gaztelar etorkinek, oro har, bizi zuten. Izan ere, lekuko elebidunen irudiz honelako arazoak zuen konponbide bakarra euskara ikastea zen.
“Johan Guerrero, vecino de la ciudad de Tudela, de unos 55 años, tiene por cierto que Pedro Lopiz ni sabe ni entiende vascuence, porque aunque muchas veces ha hablado con él nunca le ha visto hablar ni decir palabra alguna en vascuence y que por ser castellano no sabrá vascuence porque no es dado el vascuence a los castellanos“.
“Pedro delizondo, veterinario vecino de la ciudad de Tudela, de unos 36 años, dice que Pedro Lopiz no sabe hablar ni entiende el vascuence y que por no saberlo ni entenderlo al hablar con bascongados le ha visto persona que le declarara en romance lo que el bascongado le decía por no entender de otra manera“.
“Pedro de Petillas (“Pitillas” sinaduraren arabera, ikasia zen), labrador vecino de Tudela, de unos 28 años, dice que Pedro Lopiz no sabe hablar ni entiende vascuence porque es natural castellano y también porque al propio Pedro Lopiz se lo ha oído decir, al explicarle que cuando algunos bascongados le van a casa para curar sus animales tiene mucho trabajo por no entenderles y que para entenderles suele buscar un intérprete y que en ello pasa trabajo y que por ello le vendría muy bien saber hablar vascuence para recibir a los que van a su casa“.
Azkenik, “Pedro de Caparroso, labrador vecino de la ciudad de Tudela, de unos 40 años“, lekukoak ere zerbait adierazi zuen, gauza berri handirik eskaini gabe, baina.
Gogoeta egin dezagun
Johan Guerrero, Tuterako bizilaguna 1535. urtean, aukeran euskaraz egitea nahiago zuen elebiduna? Izan ere, bere ustez, Pedro Lopiz ez zen euskalduna, inoiz ez zelakotz berarekin euskaraz mintzatu. Pedro delizondo elebidunak Pedro Lopiz erdaldunari erdaraz egiten zion, baina solas taldean euskaldun elebakarrak zeudenean Pedro Lopizek itzultzaile baten beharra zuen. Solas talde horretan, bistan da, euskaldun elebakarrak, elebidunak eta Pedro Lopiz zeuden. Euskaldun elebakarrek ez zuten arazorik, erdara ez baitzen nagusitzen, hots, arazoa erdaldunarena zen.
Pedro de Petillas nekazari gazteak bazekien sinatzen, hau da, ikasia zen. Egun batean, Pedro Lopiz zamorarrak bere kezka adierazi zion: ez zekien euskaraz eta hori, lanerako, txarra zen. Euskaldun elebakarrak ez ziren joaten Lopizengana itzultzaile batekin, elebidun batekin, kia, arazoa Lopizena zen. Suposatzen zen euskaraz jakin behar zuela, eta hori da, hain zuzen ere, Pedro de Petillas tuterar gazte ikasiaren aholkua: Lopizek euskara ikastea. Logikotzat harturiko hizkuntza eskakizuna agerian, XVI. mendeko Tuteran.
Egun UEMAko herrietan eta baserri munduan ere hau guztia eztabaidagaia bada, nolakoa zen 1535ean Tuterako hizkuntza egoera? Zergatik azpimarratzen da ohiko historia liburuetan Tuteran eta Nafarroako Erriberan euskara beti arrotza izan dela?
Dokumentu puska gure historia manipulatuaz! Falta da ondo kokatzea Zamoratik etorritako Pedro Lopiz hori ez zela “etorkin” soila, kolonoa baizik. Konkista militarra eta gero kolonizazioa, gero etenik gabe moduan, erdi-aroan hasita.