“Parkean euskaraz” aisia proposamena aurkeztu dute Iruñerrian

“Parkean euskaraz” aisia proposamena aurkeztu dute Iruñerrian –

2-6 adin tarteko haurrak dituzten familia euskaldunentzako, “Parkean euskaraz” aisia proposamena aurkeztu dute Iruñerrian.

Zabalik da izen-ematea Iruñerriko auzo eta herri ezberdinetan familiarteko harremanak euskalduntzea helburu duen egitasmo honetarako, jolas eta tailerren bidez.

Txantrea, Arrotxapea, Iturrama-Donibane, Arrosadia, Sarriguren eta Antsoaingo familia euskaldunek aisian euskaraz funtzionatuko duen talde bat osatu ahalko dute jolas eta tailer antolatu ezberdinak baliatuta. Egitasmoa, 2-6 adin-tartean haurrak dituzten familiei zuzenduta dago. Proposamena, beraz, familiaka antolatuta dago, haur bakoitzeko guraso euskaldun edo ia euskaldun baten parte-hartzea beharrezkoa izanda. Talde bakoitzean, bi azpitalde banatuko dira, 2-3 urtekoak (haur eskoletako ertainak, handiak eta HH-ko lehenengo urtekoak) eta 4-5-6 urtekoak (HH-ko bigarren eta hirugarren maila)

Antolatzaileen esanetan, “Guraso-haur, guraso-guraso eta haurren arteko harremanen hizkuntza ohiturak euskaratu eta, eskolatik kanpo euskaraz funtzionatuko duen talde bat sortzea da helburua, herriari edo auzoari lotuta”. Maiatzeko azken bi asteetan eta ekaineko lehenengo astean 3 saio antolatu dira, asteko saio bat. Dindaia Fundazioak kudeatuko ditu izen-ematea, begiraleak, materialak,.. Era berean, Sortzen, HE Gurasoak, tokiko euskara zerbitzu, tokiko eragile euskaltzale eta guraso elkarteek ere egitasmoaren zabalpenean hartuko dute parte.

Egitasmoaren bultzatzaileen arabera, “0-6 adin tartea oso berezia da umeen garapenean, orduan ezartzen baitira hainbat ikasketa-prozesuren oinarriak, hala nola, hizkuntzak ikasteko behar direnak. Gerora ere ikas daiteke, baina, adin honetan, transmisio multzo ezberdinetan (etxeko giroa, hezkuntza arautua eta aisia) edukitzen diren ikaspen eta esperientziek aurrerago euskaraz normaltasunez hitz egiteko oinarri sendoa finkatuko dute. Horregatik, euskara etxeko girotik eta eskolatik haratago eraman nahi dugu, aisiara.” Kontzientziazio horretan eragiteko, egitasmoaren kartelarekin batera, komiki bat zabaldu dute, titulutzat, “Nire umeak euskaraz egingo al du?” duena eta familiei galderari modu ilustratuan erantzuten lagunduko diena.

Antolatzaileek diotenez, “irailetik aurrera astero saio bat antolatzea litzateke gure asmoa, helburuan eragin eta egonkortasuna lortu ahal izateko. Irailean, D ereduko ikastetxeek duten eskolaz kanpoko proposamenen artean sartu nahi dugu. Horretaz aparte, talderik osatu ez duten auzo eta herritako interesatuei gurekin kontaktuan jartzeko deia zabaldu nahi dugu.” Gaineratu dutenez, “Sortzen, 6 urtetik gorakoentzat, antzeko egitasmo batean lanean dabil eta laster jakitera emango du. maiatzean zehar izango da eta informazio gehiago nahi izanez gero, ikastetxeak@sortzen.eus-era idatz daiteke”.

“Parkean euskaraz”-eko talderen batean izena emateko, maiatzaren 9ra arte aukera egongo da. Horretarako, interesatuak, Dindaiaren weborrian sartu beharko dira. "Parkean euskaraz" aisia proposamena aurkeztu dute Iruñerrian

“Parkean euskaraz” aisia proposamena aurkeztu dute Iruñerrian

3 pentsamendu ““Parkean euskaraz” aisia proposamena aurkeztu dute Iruñerrian”-ri buruz

  • Ekimen txalogarria. Ea Bilbon antzeko zeozer sortzen dugun.

    Josebe Blancok ziur eukiko du kontatzekorik Gasteizko esperientziari buruz (aparte razista eta sabinista zela esan ziotela lagun batzuek).

  • Aupa Gilen,
    Nola antolatu dugun jakin izanez gero, idatzi hegurasoak@gmail.com-era.
    Animo!

  • Sinn Féin, Guk Geuk! 2021-05-04 10:36

    Txalo zaparrada iruñerriko euskaltzaleentzat!
    Ea ekimena eskualde eta herri gehiagotara zabaltzen den!