Parisera eta Madrilera jaisten zen euskalduna! Nola baina?
Parisera eta Madrilera jaisten zen euskalduna! Nola baina? –
Kontraesanik ezaren printzipioak esango ligukeenaren arabera, ezin leku batera gora eginez joan eta aldi berean justu kontra-kontrako norantzan dagoen beste batera gora eginez ere joan. Hori ezin-ezinezkoa litzateke, logika guztiaren aurkakoa izango litzateke-eta. Euskaldunok baina, botere magikoen inongo beharrik gabe, luzaroan lortu genuen horrelakorik, eta hori nahiko ez, eta inongo aparteko esfortzurik gabe, eta nola, eta aipatu logika bera zipitzik ere urratu gabe. Nola egin genuen baina? Jarraian azalduko dut, goazen urratsez urrats.
Mundu zabalean mugitzen garenean, egindako mugimendu horien nondik norakoen berri eman nahi dugunean, ezkerretik (mendebaldetik) eskuinera (ekialdera), edo alderantziz, zein behetik (hegoaldetik) gora (iparraldera), edo kontrara, egiten ditugu, betiro mapak ditugularik gida. Kontuak horrela, gaurko egunean Holanda aldera aldatuko bagina, Holandara igoko ginateke, eta ez jaitsi; bestalde, Marokora ez ginateke inoiz hemendik igoko, jaitsi baizik. Berdin-berdin, ezker-eskuin egin genitzakeen lekualdatze erreferentziei dagokienez; eta, konparazio batera, Bilbotik Donostiara joan ahal izateko derrigor eskuinera egin behar, eta, Donostiatik Zarautzera, aldiz, nahitaez eskuin aldera. Horretara egiten dugu gure munduan zabaleko lekualdatzeen berri, eta horretara ditugu sailkatu-ordenatzen gure pentsamenduan.
Geure euskara zaharrean, edo hobeki esan, euskaraz garatutako geure lehengo euskal pentsamendutik, orduko hartan gaurko homologaziora makurrarazi gabea, zenbait eta zenbaiten gauza zein gertakariren berri oso bestela egiten genuen, besteetan beste, gure lekualdatzeena. Kontuak horrela, euskalduna Madrilera jaitsi egiten zen, normala denez, baina, eta honatx guretzat berria litzatekeena, Parsisera ere jaitsi egiten zen. Abila gero gure euskalduna!, horrelakorik egin ahal izateko logika-arauak urratu gabe! abila bainoago, nerrake nik, baita botere magikoduna ere! Euskalduna baina hau eta gehiagorako zen kapaza, hau eta gehiagorako eta normal-normal eta aparteko ahalegin edo esfortzurik gabe. Ikustagun orain balentria honen nondik-norakoa edo, inoiz ezinago egoki esana, nondik eta norako horien zentzu eta zergatiak.
Euskaldunak, geografikoki, bere buru-kokapenarekoikoan, pentsamendu menditarra zuen. Menditartasun hori, hala-holakoa izan ez, eta guztiz egitaratua zegoen, Pirinioek zituzten ardatz eta bizkarrezur. Kontuak horrela, Pirinioez alde bateko zein bestaldekoek euren burua beti ere beti Pirinioen aurrez aurre, alegia, beroiei so, zuten irudikatzen. Horrela ulertu-konzibitzen zuten espazialki euren burua, ez soil-soil Pirinioekiko, baita horiei begira ere . Hartara, guztiz espero izatekoa litzatekeenez, euren lekualdatzeen ulerpena, baita berorien berri-emate oro ere, horren arabera izango ziren. Hartara, aurrez aurre, bekoz beko, zituzten Pirinioetatik urrutiratu ahala, beti behera (atzera ere, nonbait) egiten zuten, bai Hego Euskal Herrian, Ebro aldera egiteko, kasu, bai eta Ipar Euskal Herrian, Baiona aldera egiteko, esaterako, ere.
Hortaz, gure euskaldunak, erdaldun eta erdaradunen harri-harrigarri (agian, beldurgarri ere), Parisera jaisteko eta, aldi berean Madrilera jaisteko kapazak ziren, kapazak inongo aparteko esfortzurik gabe.
Hori zen hori gure euskarak zuen indar mirakulutsua!
Ez duzu arrastorik ere, zer IruƱera beti ere, berdin dio nondik, igo egiten da, eta giputzak, Estellerrira, 700, 600 metrotara, jeitsi egiten dira, 200 metrotik. Eta mende luzetan, orain tamalez ez, euskaldunak lautadetan eta hegoaldean bizi izan gara, paisaia horian.
Tamala baina halaxe…arrastorik ere ez jada… Txomin Peillenek eta bestek gogora ekarririko kontu horiek , hain aspaldikoak berez akaso ez, baina bailiran bezala…oso homologatuak gaude, xuabe esa
Artikuluan kontaiten dauen moduan, hala nuan ikakurritta neuk be Txomin Peillenen honako obra hontatik:
“Euskaldunen ingurugiroan (espazioa eta denbora)” (2001, Dakit argitaldaria)
Aio