Pantailak Euskaraz mugimendua sortu da
Pantailak Euskaraz mugimendua sortu dute –
Netflix Euskaraz eta Disney Plus Euskaraz taldeak, Tinko euskara elkartea eta Bieuse bikoizleen elkartea aldarrikapen batzuen inguruan batu dira, Pantailak Euskaraz mugimendua sortzeko. Sektoreko eta euskalgintzako eragileekin ari dira lanean.
Ikus-entzunezkoetan euskarak bizi duen egoera «irauli» eta «euskarazko etorkizuna» lortzeko helburuarekin, Pantailak Euskaraz mugimendua sortu dute zenbait eragilek. Pantaila guztietan euskarak duen «presentzia eskasarekin» arduratuta daude eta egoeraren inguruko hausnarketa partekatzeko prest azaldu dira Euskal Herriko ikus-entzunezko sektoreko zein euskalgintzako eragile guztiekin. Hastapenean, mugimenduko talde eragilean honakoak ari dira lanean: Netflix Euskaraz herritar taldea, Disney Plus Euskaraz herritar taldea, Tinko euskara elkartea eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea. Berriki sortutako Zinema Euskaraz herritar taldeak ere haiekin bat egin du. Beste eragile batzuekin ari dira bilerak egiten eta aldarrikapenak partekatzen. Aldarrikapen horiek babestu dituzte dagoeneko, besteak beste, IBAIA Ikus-entzunezkoen Ekoizle Burujabeen Elkarteak, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkarteak eta NAPAR Nafarroako Ekoizleen Elkarteak.
Pantailak Euskaraz mugimendua euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat lantzen hasi da. Horretarako, aldarrikapen taula bat plazaratu du, «tresna ireki» gisa. «Euskal Autonomi Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Ipar Euskal Herriko ahalik eta eragile gehienen ekarpenekin osatuko dugu manifestu berria». Eztabaida prozesu bat abiarazi dute jada.
Hamar aldarrikapen
Pantailak Euskaraz mugimenduak hamar aldarrikapen nagusi plazaratu ditu «tresna ireki batean», honako xedearekin: «Hizkuntzaren normalizazioan pauso sendoak ematea, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea, eta bikoizketa indartzea». Euskal Herrian lanean ari diren alderdi politiko eta eragile guztiei eskatu diete aldarrikapenak haienak egiteko, eta lan egin dezatela «euskarazko ikus-entzunezkoen industria, euskal kultura eta euskara dagokien lekuan jartzeko».
Ikus-entzunezkoen sektorea «estrategikotzat» jotzen du mugimenduak, eta horregatik hala eskatu du: «Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea». Mugimenduari garrantzitsua iruditzen zaio, halaber, EITB «indartzea» eta «euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea». Euskarazko tokiko telebistak indartzea ere eskatu du Pantailak Euskaraz mugimenduak, «haiek ere funtsezko rola betetzen baitute euskararen normalizazioan».
Proposamen zehatzen artean, mugimenduak eskatu du euskarazko streaming plataforma «sendo» bat sortzea. «Euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako nazioarteko edukiak bilduko dituen plataforma bat beharrezkoa da, euskaldun komunitatearen streaming plataforma nagusia bihurtuko dena». Azkeneko urteetan AEBetatik iritsi diren streaming plataforma erraldoietan —Netflix, Disney Plus, Amazon Prime Video, HBO…— euskaraz sortutako edo euskarara jadanik bikoiztuta eta azpidatzita dauden katalogoko edukietan, euskararen aukera gehitzea eskat dute. «Streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotu behar da», da aldarrietako bat. Tramitatzen ari den Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokorrean euskararen presentzia bermatzeko eskatu du mugimenduak. Halaber, erakundeei plataforma horiekin negoziatzen hasteko eskatu diete. Berriki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Netfixen aurrez aurreko bilera bat egin dute.
Zinemaren lege propioak sortzea da beste aldarri bat. Hain zuzen ere, maiatzaren 21ean jarri zuten martxan Zinemak Euskaraz herri mugimendua. Talde horrek sinadura bilketa bat abiarazi du, zinema aretoetan euskararen presentzia legez bermatuko duen lege propio bat eskatuz. «Zinema euskaraz ikusteko dagokigun eskubidea betetzeko eskatzen dugu», dio taldeak. Sinadura bilketa horrekin batera, Disney Plus Euskaraz taldearena eta Netflix Euskaraz mugimenduarena ez dira eten: www.pantailakeuskaraz.eus webgunean aurki daitezke ekimen horiek. 12.600 sinadura lortu ditu jada Netflix Euskarazek, eta 6.000 Disney Plus Euskarazek.
Bideo jokoak ez ditu ahazteko Pantailak Euskaraz mugimenduak. Horietan euskararen presentzia bermatu eta sustatu behar dela uste du. Game Erauntsia elkartearekin harremanetan da mugimendua.
Aldarrikapen taularen beste puntu batean, ikus-entzunezkoen lege propioak sortzea eskatu du Pantailak Euskarazek. Ikus-entzunezko kontseilu propioa sortzea ere eskatu du, lurralde administrazio bakoitzean. «Aditu independentez osaturiko ikus-entzunezkoen kontseilu horrek sektorearen egoerari buruzko txostenak egingo lituzke, bitartekaritza lanak egin eta bere eskuduntzen markoan dauden ikus-entzunezkoen arloko legeak betetzen direla bermatuko luke». EH Bilduk maiatzaren 24an lege proposamen bat egin zuen Eusko Legebiltzarrean, ikus-entzunezko hedabideen euskal kontseilua sortzeko. Pantailak Euskarazek Euskal Autonomi Erkidegorako ez ezik, Nafarroarako eta Ipar Euskal Herrirako eskatu ditu kontseilu horiek. Era berean, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen koordinazio organo bat sortzea proposatu du. «Organo hori hiru administrazioetako ordezkari politiko eta instituzionalez egongo litzateke osatua, eta bere helburuen artean euskarazko ikus-entzunezkoetan inbertitutako baliabide publikoen eraginkortasuna lortzea legoke». Aukeren artean, honakoak aipatu ditu mugimenduak: filmen eta telesailen bikoizketak partekatzea, telebista tradizionalerako eta sare sozialetarako egondako programen trukatzea, koprodukzioak… «Euskararentzat publiko berriak lortzea» litzateke helburuetako bat.
Pantailak Euskarazek eskatu du baita ere Espainiako eta Frantziako kate publikoek edukiak euskaraz ematea. «RTVEk eta France Televisions taldeak hizkuntza aniztasuna euren programazioetan bermatzeko eta edukiak euskaraz eskaintzeko eskatzen dugu». Ildo berean, egunotan plazaratu du Naziogintza taldeak artikulu bat, Telenortek euskaldunak baztertzen ditu izenburupean. «EAEn bertako hizkuntza guztiz baztertuta dago, minutu eskas batera zokoratua saioaren bukaera aldera», salatu du Naziogintzak. Mobilizazioak iragarri ditu, «Telenorte-k gure hizkuntza eskubideak errespeta ditzan».
Durangon sortu zen hazi bat
Herri mugimenduen indarretik jaio da Pantailak Euskaraz mugimendua. Disney Plus Euskaraz herritar taldeko Alex Aginagalde izango da bozeramailea lehen fase honetan. Mugimenduak garrantzitsutzat eta mugarritzat jo du apirilaren 17an Durangon (Bizkaia) egin zuten agerraldia: euskalgintzak eta ikus-entzunezkoen sektoreko hamasei eragilek babesa eman zioten Netflix Euskaraz taldeari. Euskarak bizi duen «larrialdiaz» ohartarazi zuen talde horrek, eta streaming plataformetan duen presentzia urria salatu. Durangokoaren ostean ekin zieten bilerei Netflix Euskaraz eta Disney Plus Euskaraz taldeek sektoreko zenbait eragilerekin. Gero eta elkarte eta talde gehiago ari dira aldarrikapen horiek babesten.
Pantailak Euskaraz mugimendua sortu dute
Horrelako ekimenak ezinbestekoak dira euskarak aurrera egingo badu. Niri garrantzitsua iruditzen zaidan beste aldarrikapen bat egingo nuke. Badira hizkuntzak doan ikasteko APPak. Mugikorretik egunean 5-10 minutuko tartetxoak hartuz, hizkuntza batean oinarrizko elkarrizketak egiteko gaitasuna lortzea posible da. Ez dago ezer asmatu beharrik, horretarako jadanik dauden plataformetan (Duolinguo, Mosalingua…) euskara ikasteko edukia lantzea eta hemen bizi diren erdaldun elebakarren artean tresna sustatzea besterik ez da behar. Hizkuntza batean jarduteko zailean hastea izaten da. Batez ere, kanpotik iristen ari den jendeari begirako tresna bezala ikusten dut, gurean euskaraz integra daitezen.