Pantailak Euskaraz bideokliparen estreinaldia

Pantailak Euskaraz bideokliparen estreinaldia –

Pantailak Euskaraz ekimenak abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu asteburuan Donostian.

Hainbat musikari eta aktore ezagunek parte hartu dute Josu Bergara eta Oihane Bartrak sorturiko abestian.

Donostiako Okendo kultur etxean gaur goizean ospaturiko ekitaldian, Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak azken hilabeteetan landutako Abestia eta Bideoklipa aurkeztu ditu. Oihane Bartra bertsolariak jarritako hitzentzat Josu Bergara musikariak sortutako abestia da “Pantailak Euskaraz”.

Ekitaldia hasteko, Pantailak Euskarazeko kideak oholtzara igo dira. Bertaratuei eskerrak eman ondotik, ekainean ekimenak 2 urte beteko dituela gogorarazi dute, eta orain arteko ibilbidearen balorazioa egin dute, prentsa-errekorteekin osatutako bideo batez lagundurik. Aurrera begirako erronkak zeintzuk diren ere azaldu dute: streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia handitzen jarraitzea, euskarazko streaming plataforma bat sortzea, zinemetan eta zinemaldietan euskararen presentzia legez bermatzea, espainiar telebista publikoan euskararen presentzia lortzea, eta EITBko programazio eta aurrekontuetan euskarazko kateek lehentasuna izatea.

Ondoren, Josu Bergarak, Sara Cozarrek eta In?aki Ortiz de Villalbak, abestiaren eta bideokliparen sortze prozesuari eta grabaketari buruzko azalpenak eman dituzte. Sortzaile eta kolaboratzaile gisa izandako erronkak, gora-beherak eta bizipenak kontatu ondoren, bideoklipa ikusi eta abestia abestu ahal izan dute bertaratutakoek, honen hitzak ikusle guztiei banatu baitzaizkie.

Musikari eta aktore hauek hartu dute parte bertan:

  • Oihane Bartra bertsolaria, Bilbo.
  • Josu Bergara musikaria, Aretxabaleta.
  • Aitziber Garmendia aktorea, Zaldibia.
  • Iñaki Ortiz de Villalba musikaria (Betagarri, Modus Operandi), Gasteiz.
  • Sara Cozar aktorea, Ordizia.
  • Joanes Etxebeste aktorea-abeslaria (Goazen), Sara.
  • Nerea Loron musikaria (La Furia Rap), Kaskante.
  • Tom Lizarazu musikaria (Bulego), Azkoitia.

Abestia Basauriko Blue Bayou estudioetan grabatu zen David Sanchez Damianen gidaritzapean, eta bideokliparen irudiak berriz Lekeition hartu ziren. Bertan Pantailak Euskarazeko hainbat kide, senide, eta lagunek parte hartu dute, eta baita Isuntza Traineruko neska arraunlariek ere. Kameralari lanetan eta muntaketan Joseba Rodriguez eta Lander Gurtubai ibili dira. Bideokliparen zuzendaria, berriz, Ibon Iza Totorika izan da.

Pantailak Euskarazeko kideek esan dutenez, abestiaren helburua haien aldarrikapenak lau haizetara zabaltzea da. Horretarako, lanean ari dira jadanik hainbat komunikabideren euskarrietan bideoklipa ikusgai egon dadin gaurtik aurrera, eta horrez gain, Pantailak Euskarazen Youtubeko kanalean ikusi ahalko da. Abestia, berriz, Spotify, AmazonMusic, Itunes, eta antzeko beste aplikazio batzuetan eskuragarri egongo da datorren astetik aurrera.

Euskalgintzako eta kulturgintzako hainbat ordezkari bertaratu dira Okendo Kultur Etxean goizeko 11:00etan ospatu den ekitaldira, hainbat herritar eta euskaltzalerekin batera: Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaleen Topagunea, Uema, Aek, Euskal Herrian Euskaraz, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Hamaika TB, Berria, Argia…

Ekitaldia amaitzeko, bertaratutakoek zizka-mizka batzuk jan ahal izan dituzte, aretoan bertan antolaturiko hamabitakoan.

EUSKARAZ HERRI GARA EUSKARAZ BIZI BAGARA, EUSKARA PANTAILETARA ETA PANTAILETAN EUSKARA!

Pantailak Euskaraz bideokliparen estreinaldiaPantailak Euskaraz bideokliparen estreinaldia