PAIri buruzko foru aginduak errekurritu ditugu: D eredua erasotzen du bete-betean
PAIri buruzko foru aginduak errekurritu ditugu –
2024ko maiatzean argitaratutako PAIri buruzko foru aginduek ordezkatuko dute 2016an onetsitakoa, 25/26 ikasturtean indarrean sartzeko. Aldaketarekin, Lehen Hezkuntzako PAI-D ereduan ingelesez emandako gutxieneko orduak 6 izatetik 7 izatera igaro dira, eta gehienekoak 9tik 12ra. Oro har, ikastetxe batean 6 ordu ingelesez ematen badute, 5 erabiltzen dituzte ingeles hizkuntza ikasteko eta bat arlo bakarra ingelesez lantzeko. Aldiz, irailetik aurrera zientzietako bi ordu eman beharko dituzte ingelesez, euskara eskola denboraren % 60,1 era murriztuz. Bestalde, gehieneko ordu kopurua ezarriko balute, 12 ordu ingelesez, euskaraz eskola denboraren % 42,8 bakarrik ikasiko lukete; hortaz, ez litzateke izanen ezta B eredua ere.
1988ko Foru Dekretu batek ezarri zituen hizkuntza ereduak Nafarroa Garaian, eta eredu horiek definitzeko euskara eta gaztelania baino ez ziren aintzat hartu, ingelesa aipatu ere ez zen egiten. D ereduari buruz honako hau dio: “D ereduan irakaskuntza euskaraz da erabat, gaztelania arloa izan ezik, maila eta ziklo guztietan”. Legediak xedatutakoaren arabera, familiek hizkuntza eredua hautatzeko eskubidea dute, A, B edo D eremu euskaldunean, A, B, D edo G eremu mistoan eta A, D edo G eremu ez-euskaldunean. PAIren bidez, araudiak jasotako hizkuntza ereduak de facto aldatzen dira, baina familiek ez dute hizkuntza eredu berri horiek hautatzeko modurik, batez ere landa eremuan bizi badira, eta ikasleek garraioa behar badute.
Ustez, 24/25 ikasturtean moldaketak egin zitezkeen hurrengo ikasturteko plantillak osatu baino lehen, ingelesez eman daitezkeen arloak aldatu baitira. D-PAI duten ikastetxe batzuetan ingelesezko ordu kopurua jaistea eskatu badute ere, ezezko erantzuna jaso dute. Horrek familia askori kezka eragin dio eta zenbait ikastetxetan batzarrak egin dira erasoa gelditzeko. Izan ere, 2022an Beriain, Tebas eta Muru Artederreta herrietako familiak elkartu ziren Parlamentuaren aurrean PAIrik gabeko D eredua eskatzeko, eskola mapan Noiango eskola egokitzen zitzaielako, hots D-PAI, eta euskarazko ikaskuntza kaltetzen zelako. Beste herri batzuetan, kexak planteatu dira Hezkuntza Departamentuko ikuskaritzan, baina orain arte ez dute deus lortu.
D-PAI duten ikastetxe gehien-gehienetan euskararen presentzia ahul samarra da eskolatik kanpo, beraz euskaraz ongi ikastea are nekezagoa da ingeleseko ordu kopurua handitzen bada. Murgiltzea ataka larrian jartzen da, euskarazko gaitasun nahikorik ez baita erdiesten gainerako hizkuntzei transferitzeko. Hori gutxi balitz, ingelesez emandako arloetan maila akademikoa nabarmen jaisten da.
A/G ereduetan ingelesezko gutxieneko ordu kopurua murriztu da, PAI ikasle gehienentzat kaltegarria delako eta D ereduan, aldiz, igo da, batere kontuan hartu gabe hizkuntza gutxiagotua dela eta murgiltzearekin zer gertatzen den. PAI ez da erabili bakarrik D eta A ereduetako matrikulazioa apaltzeko, baizik eta D ereduko euskarazko gaitasuna okertzeko.
STEILAS saiatu zen aipatutako foru aginduak gelditzen mahai sektorialean eta Nafarroako eskola kontseiluan, baina alferrik izan zen. Betiko zapalgailua pairatu genuen, nahiz eta gehiengo sindikala foru agindu berrien aurka agertu eta nabarmendu D ereduaren murgiltzearen aurkako ondorio larriak izanen lituzkeela. Hortaz, eraso hori gelditzeko asmoz, bi helegite aurkeztu genituen. Bidenabar, auzitegiari kautelazko neurriak eskatu dizkiogu, sor daitezkeen kalteak ahalik eta gehien gelditzeko, epaia iritsi arte.