Orkoiengo euskararen ordenantza edukiz hustu nahi dute
Orkoiengo euskararen ordenantza edukiz hustu nahi dute –
Orkoiengo herritar baten adierazpenak:
Imajinatzen duzue Iturgain plaza gabeko Orkoien? Imajinatzen duzue Kupueta auzorik gabekoa, Auzalar, Mendikur, Zaldua, Ipertegi eta beste askorik gabekoa? Imajinatzen duzue San Miguel eta San José festarik ez duen Orkoien? Eta Txistulari, konpartsa, kultur-elkarte, dantza-talde, antzerki eta abesbatzik gabekoa? Ez, ezta? Orkoien anitza eta aberatsa da; kultura, jatorri eta hizkuntza desberdinen topalekua eta bizilekua. Bizikidetza lekua.
Bada zoritxarrez, kultura, ohitura eta hizkuntzen bizikidetza hori arrisku larrian jartzeko prest dagoenik. Horregatik, gaur Orkoiengo Udalaren aurrean bildu gara bertoko elkarte, erakunde eta norbanakoak; anitzak, hemen jaioak zein kanpotik etorriak, testuinguru, iragan eta sentsibilitate desberdinetakoak. Orkoiengo Udal Gobernuak indarrean dagoen euskararen ordenantza edukiz hustu eta hizkuntz eskubideak eta euskararen erabilera nabarmenki murriztu nahi dituela salatzeko.
Afera hau ez da euskara dakiten herritarren eskaera bat, orkoiendar guztion oinarrizko eskubideez ari gara, herriko jardueretan euskara erabili nahi duen orok gaztelania erabili nahi duenaren berme berdinak izateaz, etorkizunean euskara ikasiko dutenen edo ikasi nahi dutenen eskubideak ere bermatzeaz, Orkoienera bizitzera datozen pertsonek euskara ezagutzeko duten eskubideaz,… Azken finean, udal honen aurrean Orkoiengo eta Nafarroako hizkuntzen berdintasuna eta hizkuntzen bizikidetza herritarren arteko bizikidetza dela aldarrikatzeaz ari gara. Gogoratu behar dugu gainera, euskara une honetan gutxiagotua dela eta egoera horrekiko neurriak behar ditugula.
Azaroaren 29an Orkoiengo Udalaren webgunean Euskararen Ordenantza aldatzeko parte hartze prozesua ireki zuten eta beraz, abenduaren 29arte, gaur arte alegia, proposatzen duten testu berriaren inguruko iritzia emateko denbora izan dugu herritarrok.
Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariaren adierazpenak:
Udal gobernuak proposatzen duen testu berria atzera botatzea eskatzen dugu ondorengoak ezartzen bait dira:
Batetik, Euskararen ordenantzaren hitzaurrean, aurreko ordenantzak euskarari egiten zizkion erreferentzia guztiak ezabatu dituzte eta hizkuntzez orokorrean hitz egiten du, kontuan hartu gabe euskara dela gutxitutako hizkuntza eta babes eta sustapena behar dituena. Bestalde, Euskararen Ordenantza izanik, euskarari berariazko aipamena egin beharko liokela uste dugu.
Udalaren erabilera eta informazio eskaintzari dagokionean, egun indarrean dagoen testuan euskara eta gaztelania erabiliko direla ezartzen den arren, orain proposatu duten testuan berme guztiak desagerrarazi dituzte eta euskara “ahal den heinean” erabiliko dela ezarri nahi dute. Udalaren aldizkaria, publikazioak edo iragarkietan ere euskararen presentzia orekatua ezartzeko artikuluak aldatu nahi dituzte, euskararen presentzia urriagoa ahalbidetuaz.
Herritarrekiko gainerako zerbitzuetan, proposatzen duten bertsioak herritarrek udalarekin euskara erabili ahalko dutela esaten duen arren, hori ahalbidetuko luketen neurri guztiak atzera bota nahi dituzte eta besteak beste, telefono bidezko edo aurrez aurreko arretan ere euskara erabili nahi duen herritarrak euskaraz “ahal den heinean” artatuko dituztela ezarri nahi dute. Horrek, hizkuntza eskubideak bermatzeari begirako neurri oro ezabatzea ekarriko luke eta beraz, herritarren hizkuntza hautua erabat mugatuko luke. Ezin da esan herritarrek Orkoiengo udalarekin euskara erabiltzeko eskubidea dutela, gero hori bermatzeko neurri eraginkorrik ezartzen ez bada.
Honi lotuta, euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza eskubideak bermatzeari begira egun indarrean dauden plantilla organikoarekiko neurri zehatzak ere bertan behera utzi nahi dituzte eta udalak hizkuntza politika egiteko dituen eskumenak lausotu, hala nola, euskararen ezagutza nahitaezko ez den lanpostuetan merezimendu bezala baloratzearena. Azpikontratatutako zerbitzuetan herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar izatea ezartzen duen artikulua ere ezabatzea proposatzen dute.
Azkenik, Kultura eta kirol ekintzen euskarazko eskaintza ere egungo datu soziolinguistikoetako balizko erabilera datuen arabera mugatu nahi dute eta beraz, espazio hauetan euskararen erabilera mugatu eta oztopatzeko asmoa erakusten duela uste dugu.
Ondorioak, Orkoiengo beste herritar baten adierazpenak:
Guzti horren aurrean, gaur presentzialki egin dugun bezala, aurreko egunetan ere hainbat eragile, elkarte, zein norbanakok proposamen berri horrekiko gure desadostasuna erakutsi eta Ordenantzan neurri berriak proposatu eta erregistratu ditugu.
Hizkuntza eskubideak bermatu zein euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko eskatu dugu. Baina batez ere, berdintasunean oinarritutako gure herriko berezko hizkuntzen bizikidetza da eskatzen duguna.
Ez dadila gerta berriz XX. Mendean bigarren erdialdean Joakina Arraitza Orkoiengo bizilagunaren kasuan gertatutakoa; etxekoak zur eta lur utzi zituena bat batean haurtzaroan ikasitako eta hizkuntza-politika euskarafoboen ondorioz isilarazitako euskara mintzatzen hasi zenean. Orkoiendar guztiok lan egin dezagun gure seme-alabek, gazte, heldu zein zaharrek nahi duten hizkuntzan ikasi, jolastu, entretenitu, maitatu eta, oro har, bizi daitezen.
Euskaraz bizitzeko eskubidea denon eskubidea da. Eskubideak murrizten direnean, hizkuntza-eskubide zein beste edozein izan, gizarte osoak galdu egiten du.
Beraz, modu irmoan Orkoiengo Udalari zein Nafarroako gainerako erakundeei herritarren eta hizkuntzen berdintasunarekiko atzerapausorik onartu ez dezaten eskatu nahi diegu.
Azkenik, datorren urtarrilaren 27an egingo dugun ekitaldi handian parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.