EAEko ikastetxe publikoetan irakasle plaza lortzeko oposizioak egiten ari dira Bilbon, eta euskaraz irakatsiko duten hautagai batzuek lanaren defentsa gaztelaniaz egitea aukeratu dute, oposizioen oinarriek hala ahalbidetzen baitute. Tribunaletan egokitu zaion aztertzaile baten kexa horri tiraka, hona hainbat galdera oraingo eta etorkizuneko irakasleen profil, maila eta ohitura linguistikoez.
Batetik, zentzurik ba al du euskaraz irakatsiko duen irakasleak aukera izatea oposizioetako proba euskara ez den beste hizkuntza batean egitekoa? Proba ez al litzateke hain justu baliatu behar irakasleen euskara maila, kalitatea, ahozkotasuna eta gisakoak neurtzeko, besteak beste? Euskaraz edo gaztelaniaz aurkezturiko lana berdin baloratzea egokia al da?
Bestetik, zentzurik al du euskaraz irakatsiko duen irakasleak gaztelania hautatzea lanaren defentsa egiteko? Zein profil, maila eta ohitura linguistiko ote du hori egiten duen irakasleak? Ulertu behar al dugu joera handiagoa duela erdarara jotzeko, euskarara baino? Hobeto moldatzen dela erdaraz, euskaraz baino? Etxetik prestatuta dakarren lanaren defentsa euskaraz txukun aurkezteak ahalegina eskatzen diola eta ahalegin hori egitea baino nahiago izan duela erdarara jo? Klaseko martxa ere erdaraz pentsatu eta prestatuko duela, eta ondoren euskarara itzuliko duela?
Hizkuntza ereduak eta ikasleen euskalduntzea eztabaida iturri izan dira EAEko Hezkuntza Lege berrian, baina oharkabean joan da irakasleei dagokien atala: irakasleek euskaraz C1 maila lor dezaten prestakuntza “sustatuko da”, dio legeak, aintzat hartu ordez Euskalgintzaren Kontseiluaren eskaria, irakasleek euskaraz C2 maila lor dezaten prestakuntza sustatzea. Alegia, irakasleek behar luketen euskara maila eta aberastasunari lotutako helburuetan koxka bat gorago egitea.
Irakasleak eurak kritiko agertu izan dira, maisu-maistrek beti ez dutelako bermatzen euskara maila egokia, edota erdarara jotzeko joera dutelako, ikasleen eredu izanik. Eta euskara pobrea duenak edota euskara lehenesten ez duenak nekez transmitituko die kontrakorik bere ikasleei. Gaiaz idatzi genuenean, irakasleak euskalduntzeko ardura duen Irale programa oso zaharkituta dagoela eta ez dela funtzionala adierazi zuen irakasle batek, iruzkinetan.
“Gaztelaniaz pentsatu eta euskaraz eskolak ematen dituzten irakaslez beteta dago gure irakaskuntza-sistema”
Etorkizuneko irakasle izango direnen hizkuntza gaitasuna
Beste irakasle batek erantzun zion arazoa ez dela Irale, sistema baizik, “harmaila baxuenetik” hasita: “Geure buruari galdetu beharko genioke zein hizkuntza maila ateratzen duten gure irakasle eta maisu-maistrek unibertsitatetik irteten direnean. Gaztelaniaz pentsatu eta euskaraz eskolak ematen dituzten irakaslez beteta dago gure irakaskuntza-sistema. Ergatiboak, konpletibak bereizten ez dituzten eta morfosintaxi-akats izugarriak egiten dituzten irakasleak ditugu nonahi. Nola transmitituko diegu euskara-maila egoki eta kalitatezkoa gure ikasleei? EGA maila altuegia dela? Ezta gutxiagorik ere. EGA maila mantendu edo igo egin beharko litzateke, kalitatezko irakaskuntza-sistema euskaldun bat bermatu nahi bada. Beste kontu bat da, ea denerako behar den EGA edo ez. Beharbada, lan-elkarrizketa txukunak nahikoa dira bakoitzaren euskara gaitasuna ezagutzeko. Bada sasoia hizkuntza kalitateari merezi duen garrantzia emateko, Administrazioak kontua serio hartzeko. Denak ez du balio aritze hutsaren izenean. Ezta irakaskuntzan ere”.
Baina aritu ere, denak ez dira euskaraz aritzen, egunerokoan. Hala nabarmendu nahi izan zuen Ibai Zabalak, “irakasle askok euskararekiko agertzen duen atxikimendu falta” mahai gainean jarrita. Arrazoia emanez Zabalak iruzkin ugari jaso zituen, baina baita kontrakoa zioenik ere: “Bada hamar urte Bigarren Hezkuntzako irakaslea naizela eta gutxitan ikusi dut euskaraz gaizki mintzatzen den edo erdararako joera sistematikoa duen irakaslerik. Baten bat, bai. Gehienetan zaharrak”.
Errealitatea zein den ikerketa sakonagoek erakutsiko dute, baina oposizioetan batzuek hautatu duten bideak berak zer pentsatua eta zer aztertua eman beharko luke.
Oposizioak gaztelaniaz egitea aukeratu du euskaraz irakatsiko duen hainbat irakaslek