Oposizio azterketak euskaraz

Oposizio azterketak euskaraz –

Bergoi Madernaz del Pozo, Bai Euskarari Elkarteko aholkularia, ARGIAn.


Oposizio garaia da EAEn. Osakidetzan inoiz eskaini diren plaza kopuru handiena ekarriko duen lan eskaintza publikoan izena emateko aukera dago oraindik. Baina betiko arazoarekin gatoz, euskaldunok euskaraz egin ahal izango ditugu azterketa horiek?

Oposizio azterketak euskaraz

Bada, euskaldunok eskubide osoa daukagu lan eskaintza publiko edo oposizioetan azterketak euskaraz egin ahal izateko, noski. Baina berdintasun egoeran aurkezten da euskaraz azterketa egin nahi duena eta gaztelaniaz egin nahi duen pertsona? Argi dago ezetz.

Egoera ez da batere ona, eta administrazioek hausnartu beharko lukete zergatik garen hain pertsona gutxi oposizioen azterketak euskaraz egiten ditugunak

Oinarrietan arakatzen hasi eta eskaintzen diren ehun lanpostu kategorietako gaitegien artean, zenbatek daukate euskara hutsean bibliografia eskuratzeko aukera? Bada, ausartuko nintzateke esaten batek ere ez duela aukera hori. Legeren bat ez bada, material espezifikoa euskaraz eskuratzeko ezintasunak beti daude mahai gainean. Egoera hori izanda, zeini ez zaio gertatu, azterketara iritsi eta jendez betetako BEC batean euskaraz azterketa nork egingo duen galdetu eta milaka hautagaien artean lauzpabost esku ausart bakarrik altxatuta ikustea?

Egoera ez da batere ona, eta administrazioek hausnartu beharko lukete zergatik garen hain pertsona gutxi oposizioen azterketak euskaraz egiten ditugunak…

Egoera honi buelta emateko, eta kontuan izanda Bai Euskarari Elkartearen helburua lan munduan euskararen erabileran areagotzeko eragitea dela, oposizioak euskaraz egin nahi dituzten pertsonei ahalik eta erosoen aritzeko tresna eta bitartekoak eskaini nahi dizkiegu.

Oposizioetan parte hartzen duzuen guztiei dei egiten dizuegu, alde batetik, azterketak euskaraz egin ditzazuen eta, bestetik, guk sortutako tresnak elikatu eta ahal beste material sor dezagun

Horretarako, Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen duen Lansarean lan-atarian oposizioetarako material biltegia eta galdetegien moduluak martxan jarri ditugu. Oposiziogileek euskarazko materiala modu errazean eskuragarri izan dezazuen eta sortuta dauden galdetegien bitartez treba zaitezten. Horri laguntzeko Oposizioak euskaraz Telegram kanala jarri dugu martxan, material eta galdetegien aurkibide moduan erabiliko dugu eta komentarioen bitartez ekarpenak egin ahal izango dituzue.

Guk tresnak jarri ditugu eta ahal dugun heinean elikatzen joango gara. Hala ere, oposizioetan parte hartzen duzuen guztiei dei egiten dizuegu, alde batetik, azterketak euskaraz egin ditzazuen eta, bestetik, guk sortutako tresnak elikatu eta auzolan handi baten bidez ahal beste material eta galdetegi sor ditzagun.

Ea hurrengo oposizioetan muga gutxiago eta euskarazko azterketa gehiago egiterik dugun! Animo eta zorte on guztioi!

Oposizio azterketak euskaraz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.