Ongi etorri errealitatera, Kike
Ongi etorri errealitatera, Kike –
2023ko martxoan, Kike Amonarrizek atera zuen artikulu batean honako pasartea ageri zen:
“Hilabete hauetan, hezkuntza sistema aztergai izan duten hainbat bilera eta elkarrizketatan parte hartzea egokitu zait, eta urteotan irakaskuntzatik urruti xamar ibili naizenez, ezustean harrapatu naute era honetako esaldiek: «Gaur egun ia inor ez da ausartzen ikasleei euskaraz egiteko eskatzera». Are gehiago, portaera hori talibankeriatzat hartu duen euskarazko irakasleren bat ere izan dut aurrean.”
Ezustean? Euskal soziolinguista bat ezustean harrapatu badu kontu honek, nola ote dago herri xumea? Nola ote El Diario Vasco eta El Correo irakurtzen duena?
Zorionez, euskal munduan ere badira gordin mintzo direnak. Klarki mintzo denik ere badugu, Joxe Manuel Odriozola bezalako bat, esate baterako; baina, zoritxarrez, ozenki ez daiteke mintza baztertua, bide ofizialetik kanpo dabilena. Botereak bere bozgorailuak ezin utzi horrelakoen esku, ez zaio komeni eta.
Dena dela, ni ez nator hona euskal teknikari bezala, ez bainaiz hala, ikusle eta entzule bezala soil-soilik baizik, besterik ez: haur bat ikusten badut, berarekin mintzatzea gustatzen zait. Gaztetxo batzuekin gauza bera eginen dut. Batez ere euskararen aferari termometroa jartzeko. Horrela, azken urteko zenbait gertaera ekartzea zilegi bekit:
-Iazko udako egun bero batean, Larraungo gizon batekin eta bere bi iloba gaxtetxoekin hizketan egon nintzen gure herriko eliza barneko freskoa aprobetxatuz.
Haur horietako batek, hiztunena, oso-oso-oso-oso gaizki mintzo zen. Hala ere ziztu izugarrian, ziztu ikaragarrian. Eta gainera errez, oso-oso-oso-oso errez.
Eta bukatzerakoan, ikusi eta entzun nuenaz harriturik, isilik egon behar ez eta, hala bota nion gizon hari:
-Ume hauen euskara…
-Uf! Dena euskaraz! Beti euskaraz!
-Baina, hauen euskara!?
-Bai, bai, gurasoak Leitzakoak, eta Larraunen bizi dira. Etxean erdaraz ezta tutik ere! Beti euskaraz!
-Bai, hala izanen da, baina ohartu zara esaldi guzi-guziak atzekoz aurrera egiten dituela?
-Bai, hori bai. Hala da.
Ehunetik 100 zuen erdal egitura, ez ehunetik 15 edo 25, askok bezala.
Ez nuen gehiago luzatu nahi izan kontua, ez nuen mindu nahi gizon hura, zeren oraindik bai baitzen beste bekatu larri bat, are larriagoa zena: erdal azentuaz mintzatzen zen Larraungo mutiko haietako bat, hitzontzi hutsa zena. Oka egiteko moduko azentua.
Non dago mutiko horren irakaslea? Edo non daude bere irakasleak? Non dago eskolako irakasleen zeregitekoa? Nor ari dira engainatzen? Non dago horien ardura? Haur hori hola mintzo bada ez daiteke inola ere salbuespena izan, jakinik gainera guraso euskaldun zaharrak eta maila onekoak dituela. Eta gainera, euskaraz aritzen direnean etxean!
-Irurtzunen ere ezagutu izan ditut senar-emazteak, euskaldunak, ustez euskal zaleak eta bere umeak D eredutik atera dituztenak; erdaraz ez zutela ikasiko beldurrez. Horrelatsuko guraso franko bada, beren umeak erdaraz generoa noizean behin nahasten badute erne jartzen direnak eta eginahalean erakusten saiatzen direnak; aldiz, euskaraz gaizki baino okerrago mintzatzen entzunagatik inoiz ere zuzentzeko esanen ez dietenak, konforme baitira edozerekin. Horientzat dena da euskara. Beren seme-alabek euskaraz ulertzearekin ere konformatuko lirateke, baina okerrena da ulertu ere ez dutela ulertzen telebistako esatari on baten euskara (Ohartu naiz, esatari txarrei zerbait ulertzen dietela)
-Imozko haur bat esku-pilotako eskolara joan eta laugarren urtean oraindik ere pelotara jolasean ibiltzen dena. Hiru hitz eta hiru oker. Pilotan ari egiten da. Eta partidak jokatu egiten dira. Nola erakutsi gizajoari? Ni nerone saiatuko naiz hurrengoan.
Aurre horretan errebesez jokatzen ikusi eta hala galdetu nion:
-Errebesez ere badakik?
Zur eta lur gelditu zitzaidan, entenditzen ez eta.
Gero, ea bere joko laguna ahaide zuen galdegin, eta berriz ere isilik, parientia esan nion artio.
Basaburura salto egin eta eskolako langile batek kontatzen zidan haur eskolako 13 gurasoetatik bat besterik ez dela bere umeekin euskaraz ari dena. Jakina, bost urtetako haur guziak erdaraz ari zirela patioan; eta gelan ere bai nahi baino gehiago.
Ultzama ere ez nuke atzendu nahi. Bertako gizarte-etxera sar eta non topatzen ditudan lau neska-mutiko lau aulkietan eseririk, borobilean bildurik. Galdezka hasi eta bakoitzak beste hiruen laguntza behar izan zuen ulertzeko. Bakarka ezinezkoa zitzaien. Eta galderak ez ziren ba beste mundukoak: Nongoa zaitugu? -Ehh!!! Edo Zein herritakoa zara? Horrelatsukoak.
Eta azkenik, soka gehiago ez luzatzearren aurten Lantzen gertatua. Etxe bateko ezkaratza batean lau neskato jostaketan aurkitu eta ahal bezala solasean hasi eta galdera-erantzunen txanda bukatu eta hara non esaten didan haietako batek:
-Badugu lagun bat zuk (sic) bezalakoa.
-Badakit nor. Zuen irakaslea.
-Baaaai! -harriturik.
-Eta nongoa da bada?
-Lesakakoa.
(Nire baitan, hauek euskal eta erdal doinua bereizten bazekitek gutxienez! Ni Imozkoa eta irakaslea Lesakakoa, doinu oso-oso diferentekoak, baina biak euskal doinua. Erdal doinua eta euskal doinua bederen bereizten badakite! Eta kontent jarri nintzen)
Bertako guraso erdaldun batek gertatua kontatu nionean hala erantzun zidan: gurasoak ez diete euskaraz egiten, telebista ez diete euskaraz jartzen… Horrela nola?
Irakaskuntzan ez naiz inoiz aritu. Hezkuntzako kontuak urruti ditudala esan nezake, baina herri hauetako haurrak eta gaztetxoak hurbil ditut (Karrikan inoiz ez ditut euskaraz sumatzen). Mintzatzen natzaie eta ikusten ari naiz nolako hondatzea, nolako endekapena dagoen. Ausiabartza handiena dugu sortu joan den 15 urte honetan. Berriz diot, joan den hamabost urtean!!!
Eskoletan dagoen egoera, darabiltzaten pedagogia “berrien xarma”… Dena dugu kontra Kike.
Kike, bulegoko kontuak, paper zikinak eta batez ere INKESTA GEZURTI hutsak alde batera utzi eta noizbehinka inkesta zuzenak egitea ez legoke batere gaizki.
Ongi etorri errealitatera! Joan den 20 urtean baikortasuna besterik ez duzue erein eta horrelakoak dira fruituak.
Bai egoera latza eta etsigarria! Azkenean euskaldunok Lea-Artibaira joan beharko gara, geratzen diren mohikanoekin bat egitera.
Eskerrik asko, gauzak nola dauden hain garbi eta ausart azaltzeagatik.
Ez dira garairik onenak. Alderdikeriak eta bestelako interesek dena kutsatu dute, eta inor gutxi ausartzen da belaunaldi berrien euskarazko gaitasuna zertan den aitortzera. “Dena ongi dabil!”
Aldiz, edonola hitz egiten duten horiei ere, euskarazko titulua emango diete opari ikasketak bukatutakoan, “gazteleraz bezala” euskaraz ere ongi egin behar duelakoan.
Artikulu ausarta! Guztiz ados. Euskararen mertzenarioak eta euskal txotxoloak euskara galbidera eramaten ari dira…
Egia gordina, den bezalakoa. Askok onartu nahi ez dutena eta onkeriaz zerbait konponduko balute bezala. “Biharko egunean gazteek nahi izango balute” moduko ereduarekin, euskara inposatu gabe.
“Lobelarra salduz, jendea desmobilizatuz eta politikoekin adostasuna opatuz ez zitekeen besterik espero.”
Ausart bezain bikain.
Zorionak!
Datozen urteetan, inkesta ofizialek ikusten uzten ez duten errealitate gordinarekin egingo dugu topo. Belaunaldi berri “euskaldunek” ez dute euskara menperatzen neurri handi batean, eskolan atzera egin delako, EITBn atzera egin delako, teknologia berrietan ez direlako etxekolanak egin, helduek, kasu askotan, euskara gaztetxoen ardura balitz bezala jokatzen dutelako (guk D ereduan matrikulatu ditugu! eta kar-kar-kar…)…
Finean, hizkuntz politika oso tristea daukagulako EAEn, eta oro har euskararen aurkakoa Nafarroan, EAJ gobernu bietan egon arren. Iparraldean euskarak debekatuta jarraitzen du praktikan, batez ere IKASTOLA “PRIBATUEI” ESKER bizirauten, EAEn duela 60 urte ginen bezalatsu.
Euskaldun sufrituak ondo sentiarazteko tailerrak ondo daude, zaurietan ukendua ematea komeni den bezala, baina euskaldunoin komunitateak hankak eta besoak apurtuta dauzka, nolabait esateko, eta hori ez da ukenduarekin sendatzen. Politika serioak behar ditugu derrepente… eta INDEPENDENTZIAra begira jarri gaurtik hasita.
Eskerrik asko, Juan Aleman.
Kea saltzeko inkesta-datu ofizial-umeentzako gezurren arabera, gaur egun D ereduan matrikulatze hutsagatik haur batek euskara maila ona du eta izango du bere bizitza osoan.
Praktikan, hori esatea eta lehen hezkuntzan irakurtzen ikasteagatik etorkizunean literaturako Nobel saria izango dela esatea, berdintsu.
Ezin dugu errenditu eta ezer egiterik ez dagoela esan, baina era berean ezin dugu positibismo txotxolo honetan murgilduta segi HILZORIAN gaudenean.
Badira, jadanik, 365.705 atzerritar Hego Euskal Herrian. Halaber, 8.800 naziotasun espainiar eskatu eta onartu egin ziren 2.021ean, EAEn (Ministerio de Inclusión, SS y Migraciones). Urtez urte ari dira sortzen milaka euskaditar berri jatorrizko kultura kanpotarra dutenak. Zehazteke dago agiririk gabekoen kopurua. Orobat, EAEn jaiotako 10 umetatik 3k (Araban 3,9k) dituzte guraso kanpotarrak. Kopuru hori handituz doa.
Bestalde, bakarrik Gipuzkoatik 11.555 lagunek alde egin zuten epe berean, asko eta asko goi-mailako ikasketadunak eta D ereduan ikasiak. Ingurumaria horixe izaki, urteroko ugalkortasun-tasak, mugimendu migratorioak, hiztunerien barne-trinkotasuna, hizkuntza-atxikimendua, adin-tarteak etab. gogoan, inon taxutu al da, Eustat-en?, Soziologia fakultateren batean edo?, prospektiba-eredu teorikoren bat zehazteko euskaldun jatorriko jaioberrien kopurua noiz jaitsiko den % 50etik, esaterako?
Euskalgintzan munta handia aitortzen zaio, Euskararen biziraupena jomuga,
familia bidezko transmisioari. Hezkuntza sistemak, bere soilean, nekez bermatzen ahal ditu hizkuntza erabiltzaile trebeak. Gaur egun, alderantzizko murgilpena ari da gertatzen, are D ereduko jolastoki, jantoki eta korridore gehienetan ere, etxetiko haur euskaldun gero eta bakanagoak majo erdaldunduz.
Zenbat urte falta dira itzulerarik gabeko unera iristeko? Azak ontzeko, ozta-ozta bizirik dagoen euskararen txapela bete zulo dago, pipiak jota barren-barrendik, arlo linguistikoan nahiz soziolinguistikoan. Ale solte bat aipatzearren: akatsen bat zuzentzen duena, adibidez, maiseatu egiten da barregarri eta arbuiagarri utziz. Gogoratu ETB1eko Barre Librea saioan ageri ziren bi Gestapokide haiek hizkuntza zuzenketak eginez eta hiritarrak aztoratuz. Makiabelok berak ere ezin egin zezakeen jukutria hoberik. Igualeko aldea Alkainen “Zalantza non Euskaltzaindia han” antzespentxo-sortarekin alderatuta. Agian, bada garaia euskararen eutanasia proposatzen hasteko.
365.705 atzerritar Hego Euskal Herrian? Bakarrik?
Espainiarrak bertokoak dira? Eta frantsesak?
Ez leporatu, arren, inolako errurik maisu-maistra eta irakasleei, lana ahalik eta hobekien egiten dute eta. Juanen testuan Leitzako guraso pare bat aipatzen da. Zein da egun gurasoen euskal kontzientzia? Nola iraun du euskarak gaur egun arte eskolarik gabe eta erakundeetatik inolako onespenik eduki gabe? Eta orain? Horixe, errua irakasleena. Bai to!
Jj-ren erantzunarekin erabat ados.
Politika ausartak behar ditugu, horretarako, benetan euskararen alde lan egiten duen talde politikoren bat ere behar dugu. Eta independentzia…. badugu talderen bat gaur egun independentzia eskatzen duena???
Independentzia galdatzen duen talderik, askorik ez dago baina badaude. Gainera ongi egingo lukete frente batean batzea. Baina berez independentzia ez da baitezpada nahikoa izanen. Kezkatzen gaituen arazoa oraindik zailagoa da. Begira Irlanda.
Argi dago mende honetako euskaltzaletasuna (eta abertzaletasuna) birplanteatu behar dela. Hizkuntza baten biziraupena zerk bermatzen duen mahai gainean jarri behar da.
– Taldekatze estrategikoak eskolan. Atsedenaldian euskaraz aritzeko jolasak (klub moduko bat).
– Gelan ahozkotasunari lehentasuna ematea.
– Erasmus modukoak ikastoletan.
– Udalekuetan taldekatze estrategikoak.
– Euskararen irakaskuntza interneten bidez zabaltzea.
– Doako euskaltegiak eta murgiltze egonaldiak.
– Hizkuntza ziurtagiriak lortzeko ikastetxeetan/unibertsitatean azterketak egiteko izatea. Zentroetan bakoitzaren euskara mailaren jarraipena egin beharko da.
– Barne-turismoa eta eskualde ezberdinetako pertsonen arteko harremanak sustatu.
– Edukiak sortzeko adimen artifiziala erabili beste hizkuntzen dependentzia murrizteko (informazioa, musika, podcastak, bideoak…).
– Hirietan/herri handietan euskaldunen topaguneak zehaztu (jolastokiak, tabernak, ekimenak…).
– Euskal giroa herri ekimenen bitartez sortu (antzerkia, auzo-zinema, jolasa, bakarrizketak, kontzertuak…)
– Gune euskaldunetan kontsumoa kontzienteki hautatzea (euskarazko zerbitzuak…)
– Tokiko hedabide eta ekimen oro euskaraz.
– Alderdi abertzaleetan euskara erabiltzeko beharra.
– Kooperatibismo euskalduna bultzatu.
– Proiektu hauek aurrera egiteko elkartasuna sustatu.
– …
Ohartxoa: Mendebaldeko euskeran “ari” ez dugu erabiltzen,”ibili” baizik. “Pilotan dabil” esaten dugu, “pilotan ari da” bezain zuzena.
Beste ohartxo pare bat:
IBILI eta ARI IZAN ez dira sinonimoak, biak ere zuzenak izanagatik, jatorrian behintzat. Horren haritik, zuek esan dezakezue pilotan dabil, baina ez pilotabil*, pilotari baizik.
Juan Alemanek aipatzen duen mutila Imozkoa da, ez Mendebaldekoa, eta horregatik ez “dabil Mendebaldeko euskaran”, gaizki baizik.
Gauza pixka bat goxatzeko, aukera bat izan daiteke euskararen irakaskuntza diru-sarreren arabera ordaintzea. Erne egon beharko litzateke, adibidez, zein eredu jarraitzen diren alde horretatik Estonian edo Flandesen bertan. Katalanek gaztelaniaren antzeko hizkuntza dute eta ez da gure kasu berdina.
Euskal kulturako harrera programak daude etorkinentzat askotariko administrazioetatik? Hutsaren hurrengoa edo zero. Beti bezala epemozkerian eta oihanaren legean: espainiartasuna irabazle. Euskal herri planteamendurik eta eskubide kolektiborik ez badago, nekez aurrera daiteke ezer. Hori politikoki borrokatu behar da zuzenean, diskurtsoan, Iñaki Iurrebasoren Argia-Larrungo elkarrizketan aipatu bezala. Hizkuntza biziberritzearen zikloa une politikoari loturik dago.
Dauden arnasgune partzialetan, gutxienez (dauden, eta ez diren, arrapalada batean erdalduntzen ari baitira), hizkuntza eskubideak aplikatu, Naziogintzaren proposamenaren haritik. Gure esku balego, ez legoke gaizki, baina ikusten ari garenez ez dago hain gure esku. Atzetik begira ditugu (estatuaren) “zaindariak”.
Une honetan, Beñat Castorenek aipatu irlandar ereduaren bidetik goaz, egungo politikan. Tamalez, aplikatzen zaigun herrialde marka ez da marka ere, hiru administraziotan baikaude zatikatuta. Euskal herritarrek eta, are, euskaldunek ez dute beren historia ezagutzen.