Odol-ematera goaz, ezta?
Odol-ematera goaz, ezta? –
Larritasunez hots egiten ari dira odol-emaileen elkarteetatik. Odol-talde guztietakoak ongi etorriak badira ere O- O+ eta A+ odol-taldeak omen premia gehien dutenak, eta azkenaldian bereziki odol-plasma. Ospitaletara edo Osakidetzak zeregin horretarako beren-beregin dituen autobusetara joateko gobita egiten digute. Gainera zeregin honetan bereziki prestatutako langileak dituzu bertan, oso atseginak zurekin, bereziki atseginak. Ziztadatxo bat, eta denbora tartetxo bat eman behar dituzu bertan. Denboralditxo hori zuretzat albait atseginen izateko prestatuak daude. Ahaztu gabe jan-edari pittin bat ere izango duzula azkenean (bestelako oparitxoren bat ere bai batzutan). Eta hau dena ondo dago. Ekintza honek ordea, euskaldunentzat gainerakoentzat dituen huskeriazko alde txarrez aparte, beste alde txar batzuekin gehituta dator: giroa, lan-giroa, gaiztotu, ozpindu, egiten baitu euskaldunak; eta mendeku-gosea piztu, etabar. Izan ere, odol-ematera goaz, ezta?
Zergatik diot euskaldunei buruzko hori? Bada zeuek egin kontuak: azkenekoz odol ematera joan nintzenean, Bilbon niri gertatutakoa, honako hau izan zen:
Autobusera joan nintzen, eta sartu eta diosala ondoren, lehenengo identifikazio- eta osasun egoera-orri bat bete behar izan nuen. Eskura eman zidaten orria erdaraz zegoenez joan nintzen orriak zeuden orri-askatxora, eta askatxo horretan orriak bi multzotan bazeuden ere, biak erdarazkoak ziren. Hortaz, langileari arren eskatu nion euskarazko orria emateko. Orri-askatxoan bilatzeko imintziotan ibili ondoren joan zen atze aldeko armario batera eta ekarri zidan orri bat euskaraz. Orria bete ondoren sendagilearekin hizketaldia: sendagileak orria eskuan hartuta lehen bistadizoa egin eta gero, lehenbizi aurpegia okertu; eta jarraian ezpainartetik bota zidan: euskaraz bete duzu orria. Eta hitzezko galdetegia hasten du erdaraz, eta nik euskaraz erantzun. Hortara iritsita, ea erdaraz egiteko arazoren bat dudan galdetzen dit sendagileak. Hortik aurrerakoak erdara hutsean izan ziren; baita ondoren aritu ziren erizainekin ere, nahiz eta ni saiatu hauekin ere euskaraz egiten.
Honen ondoren Osakidetzara kexa-idatzi bat bidali nuen, eta erantzuna are laidogarriago iruditu zitzaidan. Gainera, aurrez egindako erantzunez josia zen: euskararekiko Osakidetzak egiten ari den eginahalak aipatuz; zerbitzu guztietan euskaraz egiteko gai den langile bat ipintzeko ahaleginak aipatuz; baina kasu honetan huts egin izana aipatuz (hitzezko damu-hotza adieraziz baina txikikeria nabarmenduz); osasun-zerbitzuen gastuak ondo neurtu eta xahutu beharra denen gainetik aipatuz; iradokituz denen zerbitzua gaizki erabiltzea ez ote den halako tratua langile gizajo haiei ematea… Laburbilduz: dena ondo doa, eta berdin-berdin jarraitzeko asmoa. Kasurako zeozer gaizki joan bazen neu denaren erruduna.
Hori odol-emateko borondatea izanda. Gaixotasun batekin joaten banaiz, zer?. Ospitaleratuta banago, zer esan? Txarrena: baten bat pozten dela horrelakoak entzutean.