Nork egin behar du hizkuntza politika?

Nork egin behar du hizkuntza politika? –

Ez, ez naiz ari erakundeak versus herri euskalgintza debate zaharra berpizten, besteak beste gure herri honetan “herriak” abizena eraman ohi duelako sarriegi. Noski, erakundeen eta herri euskalgintzaren lankidetzaz garatu behar da hizkuntza politika. Baina zein erakunde dira horiek? Edo hobeto esanda, zein erakunde izan beharko lirateke horiek?

Bizi naizen EAE honetan Hizkuntza Politika Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Euskara Sailean sarturik dago 1980az geroztik, eta aspaldiko diren kontuek eragin ohi dutenez, badirudi hori dela egoera “naturala”, are gehiago, izan daitekeen bakarra. Baina horrela al da benetan? Ez al legoke beste modurik? Eta batik bat, ez al legoke beste modu hoberik?

Nork egin behar du hizkuntza politika?
Gure testuinguruko estaduetan, dirua inprimatzeko eskumena aspaldi kendu zitzaien gobernuei, banku zentral independenteen mesedetan.

Gai bat interes orokorrekoa denean, gizartearentzat garrantzia handikoa denean, ohikoa da gure inguruko estatu demokratikoetan, gobernuen eraginpetik atera eta estatus bereziko erakunde independente baten baitan, babespean sartzea. Horrela gertatzen da aspaldidanik, esate baterako, Erresuma Batuan, informazio inpartziala jasotzeko eskubidea bermatzen duen BBC zerbitzu publiko arrakastatsuarekin. Eta EBn bizi ez garenok egunero sumatzen dugu hori zeinen gauza ona den, gure komunikabide publikoak, zein bere gobernuaren mesedetan. etengabeko propagandagintzan ikusten ditugunean.

Egiazko informazioa jasotzeko eskubidea babesten den bezala, gure testuinguruko estatuetan, moneta politikaren eskumena ere aspaldian kendu zitzaien gobernuei eta Banku Zentralei eman, egonkortasun ekonomikorako garrantzitsu diren erabaki teknikoak (interes tasak ezarri, billeteak egiteko makinari eragin, e.a), erabakiok, unean uneko gobernuko partiduaren epe motzeko interesen arabera har ez zitezen segurtatzeko.

Joera berekotzat joko genituzke baita ere Unibertsitatearen eta Botere Judizialaren burujabetza, horrelakorik dagoen tokietan. Hots, estatuaren hainbat zerbitzu, gobernuen eta partiduen gorabeheretatik ate jarri behar dira ongi babestuta, gizarte osoaren mesedetan eraginkortasun handiagoz jardun dezaten. Eta zer esan gure hizkuntza politikaz? Aipatu ditugun beste adibide horien kideko al da?

Hasteko esango nuke multzo horretan sartzeko behar den lehen baldintza bete-betean konplituta dugula hemen: Gizarte osoa eta alderdi politiko guztiak ados daude irizterakoan euskara guztiona dela, euskal gizarte osoaren ondarea dela eta liskar politikoen gainetik jarri behar dela.

Eraginkortasunaren esparruari lotuz berriz, liskar eta oreka politikoek hizkuntza politikaren lanak eta erabakiak mugatu eta baldintzatu dituztela nork ukatuko du? Azken ia berrogei urteotan, gorago adierazi dugun kontsentsu orokor hori behin eta berriz ikusi dugu apurtuta, formulazio erretorikotik neurri zehatzetara iragan orduko. Euskara etengabe erabili da alderdi politikoen arteko hika-mikatan, hauteskunde usaina sumatu orduko. Euskararen inguruko erabaki bat hartu denero, euskararentzako onurak adina pisatu du, oposizioak egin lezakeen erabilpena eta ondoriozko balizko boto galera. Bistan da ez dela testuingururik egokiena euskararen aldeko erabaki eraginkorrak hartzeko.

Alderdi politikoen esanpeko ez den erakunde burujabe batek gidatuko balu hizkuntza politika, ahalmen exekutiboz behar bezala hornituta eta euskarazko komunikabide publikoak bere baitan hartuta, askoz eraginkorragoa eta emankorragoa izango litzateke zalantzarik gabe. Alderdi politikoek gainetik kenduko lukete euskararen zama eta euskarak gainetik kenduko luke alderdi politikoen zama. Denak arinago.

Baina mundu honetan, logikoena, eraginkorrena eta komenigarriena izatea ez da nahikoa izan ohi. Horrelako erakunde burujabe bat izatera iristeko, gutxienez honako oztopo hauek gainditu beharko lirateke:

  1. EAEko euskaltzaletasuna oso ahula da, erretolikaz haratago. Alderdi politikoek nekez onartuko lukete euskararen alde eraginkorki (han eta hemen “molestiak” sortuz alegia), eta burujabeki lan egingo lukeen erakunde bat ahaldundu eta diruz hornitzea.
  2. Aurrekontu bat maneiatzea, politikoki eragiteko balio duen gozoki gutiziatua da. Aurrekontu bat maneiatuz, lagunak saritzen dira, lagunak ez direnak zigortu, balizko kritikak amatatu eta isiltasun konplizeak lortu. Euskaltzaletasunaren ahulezia medio, hauteskundeak iristen direnean hizkuntza politika eskas baten emaitza urriek boto-galerarik eragiten ez badute, ez dago gozokia askatzeko inolako arrazoirik.
  3. Aurreko biak inoiz gaindituko balira, ongi baino hobeto diseinatu beharko litzateke erakunde hori, burujabetzari eta eraginkortasunari eutsi lekien, endogamian, botere kuota banaketa antzutzaileetan edo beste antzeko ohiko ajeetan erori gabe. Hau, aurreko biak baino errazagoa litzateke, aspaldian bikain funtzionatzen duten ereduen diseinua eta kontrol mekanismoak kopiatuta.

Ez dut esperantza handirik inoiz honelakorik ikustera iritsiko garen, baina zalantzarik gabe eraginkortasunaren onerako izango litzatekeenez, eta euskararen sustapengintza eraginkortasunaz gainezka ez dabilenez, gogoetarako eta eztabaidarako gaia izan beharko genuke gutxienez.

https://www.ipetitions.com/petition/hizkuntza-politika-integrala

Nork egin behar du hizkuntza politika? Nork egin behar du hizkuntza politika? Nork egin behar du hizkuntza politika?